Hil baino bi urte lehenago, Hector Berlioz konpositore eta orkestra zuzendari frantsesak esan zuen bere obra osorik erretzeko mehatxua egingo baliote, eta partitura bakar bat salbatzeko aukera eman, Hildakoen meza handia requiema salba zezaten erregu egingo lukeela. Lana konpositorearen obra ospetsuenetariko bat da, eta bihar izango da hura zuzenean entzuteko aukera, Donostiako Kursaaleko auditoriumean, 20:00etan, Musika Hamabostaldiak antolatu duen kontzertuan. Euskadiko Orkestra, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Donostiako Orfeoia eta Easo abesbatza oholtza gainean arituko dira Erik Nielsenen zuzendaritzapean, eta John Matthew Myers tenor estatubatuarrak bakarlari gisa jardungo du.
1837an idatzi zuen Berliozek requiema, Adrien de Gasparin Frantziako barne ministroak aginduta. Hasieran, lana 1830eko Uztaileko Iraultzan hildako soldaduen omenez antolatutako meza batean joko zuten, baina hura bertan behera geratu zen. Azkenean, 1837ko abenduan estreinatu zen, Parisen, Damremont jeneralaren eta Konstantinako setioan (Aljeria) hildako soldaduen omenez egindako elizkizunean.
Estreinaldi hura konplexua izan zen eszenatokia bete zuen musikari kopuru handia zela eta: obra lau metal taldez osatua dago, eta talde bakoitza oholtzaren puntu jakin batean kokatzen da. Koru handi bat ere badu, estreinaldian 440 interpretez osatu zutena. Dena den, Berliozek zehaztu zuen komenigarria dela, tokiak horretarako aukera emanez gero, ahots kopurua bikoiztea edota hirukoiztea, eta instrumentu kopurua ere neurri berean handitzea. Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiaren zuzendaria: «Obra arkitektonikoa da, zentzu guztietan».
Kontzertu handia izango da biharkoa ere, baina ez estreinaldia adinakoa. Halaxe azaldu du Erik Nielsen zuzendariak: «133 musikari, 190 abeslari eta tenor bat [izango dira oholtzan]». Guztira 324 lagun, beraz, biharko zuzenekoan.
Obra «iluna»
«Txundigarria» eta «miresgarria» da Hildakoen meza handia, Alfayaren aburuz. Ez hori bakarrik, ordea. Hamabostaldiaren zuzendariak azaldu du lanak egilearen «izaera iraultzailea» ere biltzen duela: «Obra iluna da, ez du arnasa hartzeko tarterik uzten». Baina, iluntasunak iluntasun, John Matthew Mayers tenorrak azaldu du pieza «oso berezia» dela, «oso humanoa».
«Obra iluna da, ez du arnasa hartzeko tarterik uzten»
PATRICK ALFAYAÂ Musika Hamabostaldiaren zuzendaria
Iluna, humanoa, baita kontrastez beterikoa ere. Txomin Madaigan Donostiako Orfeoiaren zuzendari gonbidatua: «Zati batzuetan, 190 abeslari eta 130 musikari jotzen ariko dira eta, bat-batean, 50 pertsonako koru txiki batek abestuko du. Eta gero, berriz ere ariko da hirurehun pertsonaz osatutako talde hori, tronboiarekin, tinbalekin, solistarekin… Jendearentzat benetan hunkigarria izango da».
Kontraste horiek lortzeko, oholtzan izango dira bi euskal orkestra sinfonikoak, Donostiako Easo abesbatza eta Orfeoia bera. Haiez gain, dena den, Myers tenorra ere izango da, eta hark hartuko du bakarlari rola requiemaren azken minutuetan. Berliozek tenorrak atsegin zituen nonbait, eta, ondorioz, Alfayaren arabera, ohikoa da haren konposizioetan ahots grabe horiek topatzea. Myers, besteak beste, New Yorkeko Metropolitan Operan eta Milango Alla Scala antzokian aritu da kantuan.
Biharko kontzerturako sarrerak eskuragarri daude dagoeneko Hamabostaldiaren webgunean, baita Kursaaleko eta Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan ere.