Donostiako 59. Zinemaldia

«Historia handiaren barruan, nork bere istorio txikiak ditu»

Txinako Iraultza Kulturalaren amaierako bizimodua haur baten begietatik erakutsi du Wang Xiaoshuaik '11 Flowers' filmeanBenito Zambranoren 'La voz dormida' lanak 1936ko gerra osteko errepresioa du ardatz

Wang Xiaoshuai zuzendaria (laugarrena ezkerretik), Quiao Renliang, Ju Ze, Liu Wenquing eta Wang Jingchun aktoreekin, atzo, 11 Flowers filmaren emanaldiaren ostean, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Historia irakaspenak izan ziren atzo Donostiako 59. Zinemaldiko Sail Ofizialean. Hizki larriz idatzitako Historiaren garai esanguratsu bi, haiek bizitzea edo jasatea egokitu zitzaien herritarren begietatik kontatuta. Haien istorio txikietatik historia gogora ekartzea izan da goizean emandako bi filmen asmoa. 11 urteko haur baten begirada hautatu du Wang Xiaoshuai zuzendari txinatarrak 11 Flowers pelikularako, Txinako Iraultza Kulturalaren azken urteetako giro gorabeheratsua azaltzeko. 1936ko gerraren ostean errepresioa jasaten duten bi ahizpa dira, berriz, protagonistak Benito Zambrano zinemagile espainiarraren La voz dormida lanean. Arratsaldean, Sangue do meu sangue melodrama familiarra erakutsi zuen Joao Canijo portugaldarrak.

Txinaren historiaren inguruan egin izan diren film guztiak handiak izan dira, herrialdearen historia bera bezalakoak. «Historia oso handia bada ere, uste dut horren barruan pertsona bakoitzak bere istorio txikiak ditugula. Txinako Iraultza Kulturalaren inguruko istorioetan gutxitan hartu da pertsona baten ikuspegia garai hori nola bizi izan zuen kontatzeko». Horregatik erabaki zuen protagonista gisa haur bat jartzea, nolabait bere txikitako bizipenak kontatu baititu zuzendariak. Gurasoen oroitzapenetatik atera du garai hura. «Istorio txiki bat kontatzen dut; haur batek nola ikusten duen desagertzen ari den bizimodu bat».

Hilketa bat gertatu da haurra bizi den herrian, eta gertaera horretatik abiatuta, herritarren bizimodua eta liskar soziopolitikoak agertu ditu zuzendariak. Haurraren aita filmean ez da alde batean edo bestean kokatzen. Zuzendariaren ustez, ordea, «iraultza garaian zein aldetan kokatu aukeratu beharra zegoen bizirik irauteko». Baina bere aitaren ikuspegia hartu du oinarri filmerako. «Hark beti esaten zuen pertsona zegoela lehenik, politika gorabehera, eta oso presente izan dut hori. Margotzen ere irakatsi zidan, berak ez zekien arren, eta gauza bera esaten zidan orduan, pintatzean pertsona izan behar duzula, zuk zeuk ikusten duzuna, zarena agertu eta errespetatu behar duzula».

1960ko hamarkadan Beijin eta Shanghaiko enpresa handi asko herrialdearen barnealdera mugitu zirela eta ondorioz langile asko lekualdatu zituztela azaldu zuen zuzendariak. Xiaoshuairen familiaren kasua izan zen, beste askorena bezala. Bizimodua gogorragoa zen orduan eta da egun barnealdean, eta gehienak ordutik ezin izan dira hirira itzuli. «Pertsona haientzat bizitza bidegabea dela gogorarazi nahi izan dut filmarekin. Guk zortea izan genuen: bueltatu ahal izan ginen, eta horrek bizitza aldatu zidan».

Egungo Txinan askatasuna badela uste du zuzendariak. «Gizarteak zuzenean gobernuaren aurkako gerra bat deklaratzen ez badu, teorian, ez duzu arazorik izango. Baina egia da artean eta zinemaren alorrean oraindik badirela egiten uzten ez dizkigun gauzak». Iraultzaren garaia erakusten duen film bat bada ere, haur baten ikuspegitik kontatua dagoenez, ez zuela arazo handirik izan azaldu zuen, baina gehitu zuen gidoiaren berrikusketa ohi baino zorrotzagoa egin ziotela, batez ere sexualitatea edo bortxaketa baten auzia lantzen duten eszenetan.

Gerra ostearen gordintasuna

Historia garaikidearen oso bestelako pasartea aukeratu du Zambranok bere hirugarren filmerako. Bi ahizparen istorioa kontatu du, galtzaileen ikuspegia erakusteko. Alderdi Komunistako kide izateagatik kartzelan dago haietako bat (Inma Cuesta), haurdun eta heriotza zigorrera kondenatua. Politikarekin ez du ezer jakin nahi besteak (Maria Leon), bainaahizpa laguntzeko edozer egingo du. Emakumeek kartzelan jasan behar zituzten bizi-baldintza gogorrak agertu ditu eta espetxeak kontzientzia politikorik gabeko pertsonekin ere bete zirela nabarmendu nahi izan du Zambranok. «Arazoa da zu alde edo kontra jartzen ez bazara ere jendeak zure partetik egingo duela. Bizitzak aurrera jarraitzen du eta politika hor dago. Emakume askok kartzelan hartu zuten kontzientzia politikoa, eta borrokan jarraitu zuten». Leonen interpretazioa nabarmentzen da; emakume gaztearen xalotasuna, eskuzabaltasuna eta bizitzeko gogoa erabiliz eraiki du pertsonaia. «Izugarri gozatu dut harekin, xalotasunaren bitartez haur batek bezala lan egiten duzulako», azaldu zuen aktoreak.

Zuzendariaren esanetan, gerra hark ez zuela inoiz gertatu behar, hori da filmaren esanahi nagusia. «Baina inozoa litzateke esatea gizakia ez dela gai gaizkia egiteko; on asko eta gaizki asko egiteko gai da». Arteak eta kulturak pertsona hobeak egiteko balio dutela iritzita egiten du zinema, eta filmarekin ekarpen bat egin nahi izan du bide horretan, «ez soilik gerra ez dadin errepikatu, baizik eta hartatik zerbait ikasteko».

Dulce Chaconen La voz dormida eleberria hartu du oinarritzat zuzendariak, baina horrekin batera filmak dokumentazio lan handia eskatu diola azaldu zuen. Halako istorioak kontatzeko beharra aldarrikatu zuen Zambranok: «Istorio asko daude oraindik kontatzeko, Errepublika, gerra, gerra ostea... azken ehun urteotako gertaera historiko garrantzitsuenak izan zirela eta orduan gertatu zen guztiarekin oraindik bizi garela kontuan hartuta, batez ere istorioz eginak gaudelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.