'Zerbait sartu zait begian’
Zuzendaritza artistikoa:Â Iraia Elias, Ainhoa Alberdi. Antzezlea: Imanol Epelde Pagola. Musika: Julen Idigoras. Irudiak: Imanol Borda. Lekua: Hernaniko Biteri kultur etxea. Eguna: otsailaren 5a.
Zerbait sartu zaiolako begian igo da oholtzara idazlea, poeta, abeslaria. Zerbait hori galdera bat dela aitortu digu ikuskizunaren hasieran, baina, handik gutxira, artistak itauna aldarrikapen bilakatu du, rap kantari konprometituek egiten duten moduan.Â
Horrela, Imanol Epeldek gaurko gizarte hiperproduktiboaren gaitzen mataza askatu zigun hitzen hotsekin jolasean, mikrofonoa eskuan, orain kantuz orain errezitatzen, argiteria eta irudien proiekzioak lagun. Mezua ez omen da makala, baina omenka deskribatu behar dizuet osteguneko emanaldiko lehen zatia, zeren musika bolumenak jan zituen hitzak. Bistan zen letrak hain garrantzitsuak diren ikuskizunean ez zela nahita bilatutako efektua, eta espazioaren soinu arazoa zela, zeina askotan gertatzen ohi zaigun, tamalez, antzoki handi, txiki, zahar nahiz berrietan. Argi entzun diogu denbora dela arazoa, eta gu sistema garela. Eskerrak urduritzen hasia nintzenean ura etorri zela bere bidera —edo bertsoak gure belarrietara—, eta gozatzen hasi ginela.Â
Epelderena kontzertu soila izatetik haratago dago, eta antzezpenek eskatzen dituzten tresnez baliatzen da gure arreta pizteko. Horien artean, hondoko pantailako proiekzioak nabarmendu nahi genituzke. Bereziki landua iruditu zaigu irudien planteamendua, argazki zein bideoen formatu aldaketak biziki estimatzekoak baitira.Â
Ikusgarriak aurrera egin du, eta, egonezin garaikidearen deskribapenaren ostean, naturaz mintzatu zaigu rap kantaria, gure kezka ekologikoaz. Byung-Chul Han herrikoi baten antzera, egungo kalteak salatu eta gero, identitatearen mintzagaiak protagonismoa hartu du. Lehenbizi, gizontasunaz jardun du Epeldek ariketa interesgarri batean, zeinetan alde handia sortzen zen zarauztarrari aditu genizkion zalantzen eta ikusgai zeuden irudien maskulinitatearen artean —Arnold Schwarzenegger kulturista zeneko zein cowboyen irudiak— . Ikuskizuna hasi baino lehen, «aita, aita» behin eta berriro entzun dugu bozgorailuetatik. Une horretan, kontzertu antzeztuaren erdia gaindituta, zentzu osoa hartzen dute ume baten ahotsean entzundakoek. Epeldek hortxe azaldu du bere proposamenaren gune interesgarriena, nire ustez. Zer ikusi hori ikasi egia bada, nola eraman aurrera aitatasun eredugarri bat semeentzat? Nola landu, nola ezarri familian erreferente zuzen moduan funtziona diezaiekeen gizon eredu bat? Kezka horri, azken zatian, euskalduntasunaren afera gehitu dio. Beraz, gizon/aita euskaldun garaikide baten nortasunetik abiatzen zaigu Epelde. To!
Poetari begian sartu zaionak azkura, erredura, mina ematen dio. Horregatik hartu du hitza, plazan, ozenki. Â
Bero txalotu ondoren, kontent-kontent irten da publikoa.