SILVIA PEREZ CRUZ
Gitarra: Juan Falu. Egitaraua: 'Lentamente'. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Maiatzak 28.
Hasieratik argi utziko dut kontzertu honen iruzkina osatzeko ez ditudala erabiliko bestelakoetan erabili ohi ditudan irizpide eta parametroak, ez baitzaizkio berezkoak. Silvia Perez Cruzen biografiak dio ezinezkoa litzatekeela bere kantua estilo bakar batean kokatzea; moldakorra eta pertsonala izaki, jorratzen dituen estilo desberdinekin leial da, baina bere horretan Silvia izateari utzi gabe. Eta hala da. Juan Falu gitarrista bikainarekin eho duen azken diskoak (Lentamente, 2024) Latinoamerikako erritmo eta doinuak dakartza, Argentina eta Brasilgo melodiei berezkoak zaizkion adierazkortasun eta ahots-birekin helduz. Diskoan, folkloaren eta interpreteen arteko hartu-emana adeitasunezkoa da, eta askea bezain zorrotza izatea ahalbidetzen dute. Zuzenekoan askatasun osoz nabigatzen dute biek, Faluk eta Perez Cruzek, eurek sortutako meandro musikaletan zehar, lerro zuzena saihestuz, interpretazioaren plazer hutsari lekua emateko. Ikusle-entzuleok, emozio horren uretan bete-betean sartuta, beraiekin egiten dugu igeri.
Hala, eta behin gitarraren irteera-bolumena doitzea lortu ondoren, guztiz limurtzaileak izan ziren La Nostalgiosa eta Oración del remanso bezalako melodia intimoak, hariak eta ahotsa bat eginik. Atahualpa Yupanquiren Chacarera de las piedras arinagoa da, baina ez azalekoagoa: Perez Cruzen indar inguratzaileak eta Faluren ahots apalaren baturak denbora luzez gogoratzeko moduko interpretazioa izan zuen emaitza gisa. Emanaldiak goia jo zuen Carinhoso ederrarekin. Alfredo da Rocha Viana Filhok konposatu zuen 1917an, eta João de Barrok jarri zion letra 20 urte geroago. Geroztik, brasildarrek gehien kantatu, txistukatu, bertsionatu eta maitatu duten abestia izan dela esan liteke. Perez Cruzen errepertorio zabaletik hainbat izan ziren amaieran, bakoitzean irmotasuna eta sentiberatasuna batu zituen, berak bakarrik dakien bezala: Cucurrucucú, paloma eta Alfonsina y el mar, besteak beste. Cruz eta Faluren emozionaltasunak hartuta amaitu zen, pozik.