Hizkuntza gutxituei buruzko film jaialdia izango da Hendaian

Urriaren 17tik 19ra eginen da, eta mundu osoko film laburrak emango dituzte, baita Euskal Herrikoak ere

Erredakzioa
Baiona
2013ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Kultura, gizarte eta hizkuntza gutxituen erakusle izango da Hendaia Film Festival jaialdia, urriaren 17tik 19ra. Aurreneko aldiz eginen da film laburren jaialdia Hendaian (Lapurdi), eta, antolatzaileek jakinarazi dutenez, dagoeneko 170 film aurkeztu dira festibalean parte hartzeko. Jaialdia Begiradak elkarteak antolatuko du, eta Kontseiluak ere hartuko dute parte proiektuan, Euskaraz bizi nahi dute film laburren lehiaketarekin.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, hizkuntza eta kultura gutxituei zuzendutako jaialdia izanda ere, mundu osotik heldu zaizkie festibalean parte hartu nahi duten zinemagileen eskaerak: AEBak, Australia, Italia, Burkina Faso, Mexiko...

Oraindik jaialdi egunak urruti izan arren, antolatzaileak osatzen ari dira festibaleko lehiaketako epaimahaia. Dagoeneko baieztatu dute hura osatuko dutela, besteak beste, honako hauek: Eduardo Manet zinemagile kubatarrak, Silvia Vargas zuzendari kolonbiarrak, Christian Borde Moustic umorista eta telebistako aurkezle frantziarrak, Michel Cartier ikus-entzunezkoen irakasleak eta Jose Maria Lara ekoizleak. Lara, besteak beste, Aupa Etxebeste!-ren ekoizlea da.

Film laburrez gain, jaialdiak izanen ditu bestelako jarduerak ere. Hala, hainbat eztabaida antolatuko dituzte jaialdiak iraun bitartean, Ipar eta Hego Euskal Herria hurbiltzeko eta ikus-entzunezkoetan den «mugari» buruz hitz egiteko. Horretaz gain, Antoine Mailleren argazkiak jarriko dituzte ikusgai Mendi Zolan.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

http://euskara.hendaia-film-festival.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.