Galeuscako editoreak Donostian elkartuko dira gaur, bihar eta etzi. EEE Euskal Editoreen Elkarteak antolatu ditu topaketak, Galiziako, Kataluniako eta Valentziako editoreen elkarteekin lankidetzan. Eta euskarazko, galegozko eta katalanezko argitaletxeak ez ezik, Europako beste hizkuntza batzuetako argitaldariak ere elkartuko dira jardunaldietan. Hain zuzen ere, Lit-Up taldea osatzen duten Europako beste hizkuntza gutxitu batzuetako argitaletxeak ere Donostian izango dira egunotan. Liburu salmentak, irakurmena eta biblioaniztasuna izango dituzte hizpide, besteak beste, baita horiek sustatzeko proposamenak ere, eta zenbait mahai inguru eta bilera egingo dituzte horretarako.
Gaur arratsaldean ekingo diete jardunaldiei, Euskaltzaindiak Donostian duen egoitzan, 15:30ean hasita. Joanmari Larrartek (EEE), Silvia Bellok (AGE Asociacion Galega de Editoras) eta Anna Sagristak (AELLC Associacio d’Editors en Llengua Catalana) hizkuntza larrialdiari buruzko manifestu bat irakurriko dute.
Ondotik, euskarazko, katalanezko eta galegozko liburuen salmenten desoreka aztertuko dute, gaztelerazkoekin alderatuta, datuak esku artean eta solasaldi baten bidez, Elkar argitaletxeko Julen Agirrezabalagak, Edicions Emborako Miguel Tovalek, Balandra Edicions etxeko Africa Ramirezek eta Editorial Clandestinako Ilya Perdigok. Irakurketa eta liburu erosketa sustatzeko elkarteen proposamenak mahaigaineratuko dituzte ondotik Tovalek, Ramirezek, Carmel Elvirak —EEEko lehendakaria eta Pamiela euskal argitaletxeko kidea— eta Josep Lafargak (Editors.cat).
Eguna amaitzeko, Lit-Up taldeko gainerako kideei ongietorria egingo diete, eta afaria izango dute gero. Europako hizkuntza aniztasuna sustatzeko, hizkuntza gutxituetan lan egiten duten egile eta argitaletxeen lanak bultzatzeko, eta nazioarteko sare iraunkor bat osatzeko sortu zuten Lit-Up proiektua, eta, euskaraz, galegoz eta katalanez ez ezik, frisieraz, eslovenieraz, serbieraz, galesez eta sardinieraz argitaratzen duten egile eta etxeak daude kideen artean. Horietako batzuek ere parte hartuko dute Donostiako topaketetan.
Bihar izango da hori, asteazkenarekin. Aquariumera egingo du batzarrak orduan, eta Carmen Elvirak egingo ditu harrera lanak. Ondoren, biltzarrean parte hartzen duten hizkuntzetako argitalpen ekoizpena datuen bidez aztertuko du Marian Valek, AEPV Associacio d’Editors del Pais Valenciako kideak. Eta hiru mahai inguru izango dira gero. Lehenean, Zergatik eta nola jarraitu biblioaniztasuna sustatzen galderari erantzuten ahaleginduko dira Barbara Pregelj (Malinc, Eslovenia), Lander Majuelo (Pamiela), Ana Guerra (Obradoiro, Galizia) eta Francesc Gil-Lluch (Saldonar, Katalunia) editoreak.
Kafearen ondotik helduko diote eguneko bigarren mahai inguruari, eta beste galdera bat hartuko dute abiapuntu: Hurbiltasun ideologikoak kultur desberdintasunak gaindi ditzake?. Mirjam Vellinga (Afuk, Frisia), Henrike Olasolo (Zirimiri Press, Herbehereak) eta Africa Ramirez (Balandra, Valentzia) mintzatuko dira gaiaz.
Bazkariaren ondotik izango da hirugarren eta azken solasaldia, eta sektorearen etorkizuneko erronkak Europaren ikuspegitik aztertuko dituzte bertan Ana Urrestarazuk (EEE), Olga Perez Vitoriak —Europako Parlamentuko The Greens-European Free Alliance taldeko kultura aholkularia— eta Pedro Medinak —AEPV elkarteko eta Fandogamia argitaletxeko kidea—. Eta topaketari amaiera emateko, egunak utzitako ondorioak aletuko ditu Itziar Ugarte Irizar idazle eta BERRIAko kazetariak.
Etzi, osteguna, Lit-Up taldeko kideek bilera tekniko bat egingo dute San Telmo museoan, eta saio bat ere izango da argitaletxeentzat.