Bost euskal galeriak hartuko dute parte Madrilgo Arco nazioarteko arte azokan: Iruñeko Moises Perez Albenizek; Bilboko Windsor Kulturgintzak, Carreras Mugicak eta Vanguardiak; eta Gasteizko Trayectok.
Altxerri arte galeria azokan izan da hogei urtez, baina aurten ez du parte hartuko, antolatzaileek hala erabaki dutelako. Ondorioz, iaz baino Euskal Herriko arte galeria bat gutxiago izango da aurten Arcon. Gainontzekoak aurreko urtean ere bertan izan ziren.
Arcoren zuzendari Lourdes Fernandezek Norman Foster arkitekto britainiarraren etxean aurkeztu zuen atzo aurtengo azoka. «Mundu anglosaxoia garrantzitsua da, eta Hego Amerikako arteak geroz eta interes handiago pizten du», azaldu zuen Fernandezek eta Britainia Handia eta Brasil uztartu zituen hala. Izan ere, Brasil da 2008ko Arcoren herrialde gonbidatua.
Brasilgo arte garaikidearen ispilu diren 120 artistarik onenen lanak hautatu dituzte Madrilen erakusteko. Brasilgo komisario Paulo Sergio Duarteren ustez, Arco azokak arte garaikidearen neurria zein den erakusten du, eta, horregatik, Brasilgo artearen joera guztiak aukeratu dituzte Arcora eramateko.
Hogei urtez parte hartu ondoren, Altxerri ez da Arco arte azokan izango
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu