begona del teso
Eppur si muove

Horiz jantzitako Black Mamba

2026ko apirilaren 17a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bai, badakit. Ez da zuzena, ez da egokia, ez da Historiaren alde duinean izatea. Bai, badakit, ezeztapen biribila merezi (omen, bide, ei) dute bertan parte hartu zuten pare batek. Bai, badakit, pertsonaiek ez dute kontzientzia izpirik. Beren buruarekiko eta hurkoarekiko errukirik ere ez. Ez dira damutzen, ez dute barkamenik eskatzen. Ez dituzte beren akatsak aitortzen (egiari zor, akatsik ez dutelako egiten...). Segun eta seme-alabak nola hezi nahi dituzuen, ez dira inolaz ere eredugarriak. Baina zer egingo diogu? Kill Bill filmaren inguruan juntatu zen jendaia horrekiko atxikimendu nirea eternala da, infinitua, sipula-sipulorum-ekoa. Horretarako eta horretan garelako gutako batzuk primerakoak: bizi izan gaituzten horiek ez baztertzen. Pedrok hiru aldiz ukatu zuen Jesus oilarrak jo baino lehen, baina gutako aldrebestuonok sekula ez ditugu ez Quentin, ez Black Mamba, ez David Carradine, ez Daryl Hannah, ez Lucy Liu, ez 88 Maniako horiek, ez The 5, 6, 7, 8's musikariak ukatu. Beraiek baitira kulpanteak. Zerenak? Ba pentsa... pelikula hori zela medio, aitzakia edo abiapuntu, okerrerako, hondamendirako, kaoserako bidea hartu genuen guk. Kontent asko. Ezagutzen duzue zuek «neska zintzoak zerura doaz; gaiztoak leku guztietara» esaldia, ezta? Ba kantak dioen bezala, I want to be in the number... taldekoa nahi dut nik izan.

Estreinatu berri da 275 minutu (eta gehiago) irauten duen Kill Bill, bertsio areagotuan. Baditu animaziozko eszena brutal ezezagunak, muntaketa berria zaharra baino arinagoa deritzot nik. Badu, kreditu tituluak eta gero, bonus ikaragarri bat. 

Estreinaldi honetarako, zinema ekoizten eta banatzen lehiakiderik ez duen Elastica konpainiak eskaintzen digun kopiak igualik ez du kalitatean. Egia esan, salbaziorik ez dugun gehienok edozein maneratan dastatu izan dugu Kill Bill, aspaldiko kopia piratetan ere, non Uma Thurmanen txandal horia zikin, distira gabe eta odolarenak ez ziren orbanez betea agertzen zen, areto batean legez kanpo grabatu zuen gaizkilearen kamera ziztrinaren objektiboa ezpuru baitzen oso.

Bai, badakit Uma Thurman serio haserretu zela Tarantinorekin, gaizki jokatu zuelako berarekin, baina badakit, halaber, berak, maite dugun aktoreak Emaztegaia-ren pertsonaia, Black Mamba hiltzaile berdingabea alegia, osatu, ondu zuela gidoian. Bai, badakit, Aitaren eta Semearen egin behar dugu orain Weinstein izena aipatzean, baina gogoan dut olatua nola egin genion orain 25 urteko Cannesen. Bai, bekatu larria gurea; alta, garai hartan Hollywood aldatu, modernizatu, liberatu zuten heroitzat genituen Weinstein anaiak. Akort, ados, gu bekatari. Uma Thurmanek abisua pasatu zigun hasieratik. Baina ez genion kasurik egin...

Bai, onartzen dut, ilunak eta luzexkak dira 'Kill Bill' inguratzen duten itzalak, baina zer esango dizuet, nola egin iskin, nola eman bizkarra bizitza markatu zidan filmari?

Inork ez du, ordea, dudatan jarriko: Kill Bill emakumezkoek gobernaturiko film sadikoa da. Eta guk, barka, berriro, Leopold von Sacher-Masoch, Donatien Alphonse François de Sade, Histoire d´O-ren autorea den Pauline Reage, eta dominatrixen artean dominatrix nagusia den 96 urteko Catherine Robe-Grillet imitaezina adoratzen ditugunok, ontzat hartzen dugu sadismo matxino hori. Oso paritarioa dena, bide batez. Hemengo emakumeek ez dute diferentziarik egiten eta ezer ez dakite ahizpatasunaz, generokideak zein gizonezkoak akabatzen dituzte. Dolurik gabe. Errespetu osoz, hori bai. Zure maila berekoa den etsaiari zor diozulako, beti, begirunea. Mirespena ere bai.

Bai, onartzen dut, ilunak eta luzexkak dira Kill Bill inguratzen duten itzalak, baina zer esango dizuet, nola egin iskin, nola eman bizkarra bizitza markatu zidan filmari? Janzteko estilo aldetik ere: astebete pasatu nuen Berlinen kasik jan gabe, nituen sos guztiak gastatu nituelako Black Mambaren txandal horia erosten. Eskrima egiten dut ezpataz berak duen trebezia lortu nahi dudalako. Ahizpatzat ditudan ia guztiak pelikula horretan daude. Eta nik uste, zinema monumentu perfektu bat da.

A, barka, Black Mamba zer den? Lau metroko suge afrikar bat. Bere pozoiak segundo batean hiltzen zaitu. Erasoan azkarrenetarikoa, kasik predratzailerik ez du munduan. I want to be in the number, bai horixe.

Kill Bill filmaren bertsio areagotuko fotograma bat.
Uma Thurman, Kill Bill filmaren bertsio areagotuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA