'the room where it happens'
Zuzendaritza eta koreografia: Iker Karrera. Koreografo laguntzailea: Carla Diego. Dramaturgia: Veronica Ronda, David Serrano. Jatorrizko musika: Alex Aller. Argiak: Rodrigo Ortega. Jantziak: Laura Cortes. Dantzariak: Katalin Arana, Carla Diego, Marc Lopez, Raymond Naval, Serena Pomer. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Data: Urtarrilaren 18a.Â
Iker Karreraren The Room Where it Happens dantza lana ikusi dugu berriro Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Aurreneko aldia iazko dFerian izan zen, antzoki berean, baina beste behin ikusi nahi genuen, egun haietako betekada eszenikotik urrunduta.
Koreografo hondarribiarrak horror vacui delakoari buruz hitz egiten digu lan honen aurkezpenean, esanez «XXI. mendeko horror vacui-a hutsari izua izateaz […] mintzo da. Lanpetuta egotea ez pentsatzeko erremediorik onena da. Arima asebetetzen duten distrakzioen errutina luze bat errepikatzea, nor bere buruarekin bakarrik geratzea saihesteko».Â
Ados gaude, ezinago konforme, eta seguru beste pentsalari askok aztertu dutela fenomenoa, baina koreografoak ideia nagusi batetik hasten dira tiraka hasierako inspirazio iturri bezala, eta ikusleok ez dugu haren jarraipen dantzaturik espero behar. Azken finean, zerbait idatzia aurkeztu behar dute sortzaileek beren jardunari nolabaiteko euskarria emateko, nahiz eta dantzarik puruena azalpenei alergikoa den.
Perkusio indartsu eta zamatu batekin hasi da emanaldia, eta bost dantzariak pastel tonu leunetako koloreetan agertu dira beren maillot edo arropa elastiko minimoetan bilduta. Diseinu aurreratuko jantzi berberak agertu dituzte denbora osoan, eta horrek nolabaiteko monotonia ekarri dio emaitzari, baina, aldi berean, egokia suertatu da gorputzen siluetak eta haien mugimendu sigi-sagatsuak azpimarratzeko, giroko argi urdinxkaren pean eta eremu eszenikoaren hustasunean.
Hasierako minutu haietan ezertaz abusatu gabe, baina garbi geratu dira dantzarien keinu definizio bikaina eta haien heziketa klasikoa. Dantzaren planteamenduak ariketa erritmiko segida laburrak erakutsi ditu, gehienetan bosten parte hartzearekin eta beste batzuetan bi gehi hiru formazioetan banatuta. Askotan puntetan dantzatu dute oinutsik ibili arren, eta une batean bostak sartu dira kemen handiko keinu-segida luze eta akigarri batean, piezako gailurra zalantzarik gabe markatu duena.
Soinu-bandak, bitartean, perkusio gogorraren eremuan jarraitu du ia etenik gabe, baina giro interesgarria sortu du betiere, argien diseinu bikainarekin batera. Gero etorri dira barne-bilaketarako edo agian norberaren jolasean libre sentitzeko pasarte laburrak eta erabateko geldotasuneko momentuak ere, non dantzarien presentzia eszenikoa lila koloreko argian nabarmendu den. Gorputzek ez dute inoiz elkar ukitu eta mirestekoa izan da dantzariek espazioan hartu dituzten disposizio koreografikoak.Â
Ordea, gimnastika-saio gidatuaren pasarte umoretsuaren ostean balirudike Karrerak nahas-mahas jokatu nahi izan duela, akordeoi musika deslotuak, argien erakustaldiak eta beste ideia solteak plazaratuz, ordura arteko guztiarekin nolabaiteko kontrastea sortuz. Baina horrelakoa da koreografoen pentsamendua, beraientzat argia dena baina gu nahasmenean uzten gaituena.