Haizea Barcenilla
Begiz

Humanitateen aldarrikapena

2025eko ekainaren 24a
04:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Maddi Garatek atera du, aurtengo unibertsitatera sartzeko proban, Euskal Autonomia Erkidegoko notarik altuena: 9,86. Elkarrizketa batean zioen jatorrian ingeniaritza bat ikasi nahi zuela, baina, nota ikusita, matematika edo datuen zientzia egin ditzakeela. Hotzikara sartu zitzaidan, institutuko urteak gogorarazi zizkidalako: letrak egingo nituela esan nuenean, fisikako irakaslea ongi pentsatu nezan esatera etorri zitzaidan, nire notekin telekomunikazioak –garaiko izartxoa– ikas nezakeela. Jakin banekien egin nezakeela, baina argi nuen ez nuela egin nahi. Irakasleak, bihotz onez, zientziek aukera gehiago emango zizkidala uste zuen. Bada, argi dago oker zegoela.

Ia 30 urte pasatu diren arren, orduan izan nuen sentsazioa ez da aldatu: jende gehienak pentsatzen du ahal duen jendea, jende azkarra alegia, zientzietara doala, eta besteak humanitateetara. Ikasle onak, batxilergoa hastean, zientziak ala letrak hautatu artean zalantzan badaude, zientziak hartzera bultzatzen dituzte, errazagoa omen delako zientzietatik humanitateetara salto egitea. Ondorioz, lagun baten 15 urteko semea eta bere lau klasekide artearen historia ikasi gabe geratuko dira datorren ikasturtean, bost lagunekin bakarrik ez baitute irakasgaia eskaintzen; urtero gertatzen da gauza bera institutu askotan, eta etorkizuneko balizko arte historialari bikainak galtzen ditugu.

Azken boladan, asko aldarrikatu da emakumeen lekua zientzietan. Kanpainak egin dira emakumeak ingeniaritza, matematika eta fisikara apuntatu daitezen. Bikain iruditzen zait estereotipoek ezarri dituzten mugekin apurtzea eta emakumeok nahi duguna ikasteko askatasuna izan dezagun, genero baldintzarik gabe. Kontua da zientzietako ikasketei ikusgaitasun eta prestigio itzela ematen ari zaiela, humanitateak galtzaileen ikasketa gisa aurkezten ari diren bitartean. Humanitateetako graduak nekez betetzen dira zientzietakoak gainezka daudenean, eta ez dirudi inor horren inguruan larritzen ari denik.

Zientzia balioa duen arlo bakarra dela uste duten horiei, ikasleak nahi dutena beharrean ahal dutena egitera bultzatzen dituzten horiei, zera galdetuko nieke: Aristoteles eta Platon filosofian aritu ziren geometrian txarrak zirelako? Virginia Woolfek idazten zuen biologian traketsa zelako? Chomskyk eta Mitxelenak hizkuntzalaritza egin zuten matematikan txarrak izateagatik arkitektura ikasi ezin zutelako? Eta edozein zientzialarik, arloz aldatuta, berdin egingo zuen eurek egin zuten lana?

Humanitateek gizaki egiten gaituzte, gure humanitatearen oinarrian daude, hortik izena. Pentsalari bikainak egon dira eta behar dira zientzietan zein humanitateetan. Humanitateen ikasketa ez sustatzea gizarte bezala egiten ari garen akats ikaragarria da; ea konpontzen hasten garen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.