Iñaki Perurenari eman diote XI. Manuel Irujo saria, Lizarran, "euskara eta euskal kultura berreskuratzeko azaldutako konpromisoagatk". Irujo Etxea Elkarteak adierazi duenez, Perunenak "kirolari, idazle, aktore, bertsolari eta museo etnografikoko zuzendari bezala argi eta garbi eman izan dio babesa euskarari, eta euskararen herriari maitasuna agertu izan dio: Euskal Herriari".
Ekitaldian izan dira, besteak beste, Begoña Ganuza Lizarrako jarduneko alkatea (UPN), Iñaki Anasagasti Espainiako senataria (EAJ), Maria Jose Fernandez Espainiako diputatua (PSN), Andres Urrutia Euskaltzaindiko lehendakaria eta Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazioko presidentea.
Koldo Viñuales Irujo Etxea Elkarteko zuzendariak esan du "euskal kultura erortzen" ari zela eta Perurena bezalako pertsonek "altxatu" dutela, "harri bat balitz bezala".
Perurenak azaldu du "itzalean lanean ari den jende askok" jaso beharko lukeela Manuel Irujo saria, eta oraindik aurretik lan gaitza dagoela iritzi dio. "Harriak jasotzea baino zailagoa da euskararen berreskurapen prozesua". Aurrerapenak izan direla aitortu du.