Sinesten zaila bazaizue ere, gutako askori Gabonak gustatzen zaizkigu (nahiz eta horren brutalki etxekotu duten ikazkin basa hori, hots, Olentzero, eta auskalo nork asmatu zuen haren bikotekide hetero-zis Mari Domingi, haren bikotekide hetero-zis tuntuna arras mespretxatu). Zuetako anitzek neguko solstizioa ospatzen duzuen bitartean, batzuok San Nikolas egunean hasi ginen Eguberrietan murgiltzen. Jarraitu genuen Santa Lutxin eta topa egin (xanpainez) plazako jaiotzaren aurrean, Dickensen Eguberri kanta irakurrita (berriro ere leitua, Xabier Mendigurenek, Iñaki Mendigurenek eta Nerea Mujikak euskarara ekarria).
Sinetsi ala ez, Gabonei diegun kariñoa eta estimua bezain handia da Urtezahar gauak eta Urteberri goizak eragiten diguten sarrakioa, bertigoa. Hemen gaituzue, urtarrilaren 2 honetan, tapakipean, Erregeak, Magoak, Ekialdeko Jakintsuak noiz etorriko zain eta esperoan. Gero, urtarrilaren 7an gure aurrean irekiko da hondorik gabeko amildegia. Ixten hasiko da, horren esperantzaz bizi gara, bederen, udazkenaren etorrerarekin
Izango du esplikazio psikologiko-psikiatrikorik baina gutako hainbati hiltzear dena, bukatu-hurren dagoena suertatzen zaigu gozo, abegikor. Hastear dagoenak, aldiz, beldurtzen gaitu eta hasiera horren inguruan egiten diren festek eta topek nerbioso jarri.
Aurten, pixkatxo bat lasaiago gabiltza 2026 honetako hastapenetan. Aurkitu dugu etorri berri den hori geldiarazteko modu zeluloidezkoa. Gerta liteke, Aintza Zuei Jaun-Andreok, gutako zenbait, 2025aren azken egun eta gauetan izatea oraindik, eskerrak zuei!
Zertan eta zertaz ari naizen? Esango dizuet ba, zuek galdu ezin dituzuen Tigre Galdua, Bob Esponja eta Anaconda filmak aretoetan ikusi ostean, nire etxe barruko pantaila aurrean jarri nintzen eta Filmin plataforman dagoen Tsai Ming-Liang zuzendari taiwandarraren Ibiltariaren Saila osorik dastatu dut.
Baditu Tian Bian Yi Duo Yun (The Wayward Cloud, Sandiaren gustua) filmaren egileak sustraiak Malaysian eta Txinan, baina Taipein egin zen zinema zuzendari. Han kokatu zen gobernuaren errepresio basa amaitzean. Berriak ziren garaiak eta handiak esperantzak. Ireki zen hiriburuan filmoteka eta bertan ezagutu zituen Tsaik, besteak beste, Buñuel eta Almodovar. Egun, entziklopedia guztietan irakurriko duzue Taiwango Uhin Berria delakoaren partaide txik goi mailakoa dela, Hou Hsiao-Hsien eta Edward Yang handiekin batera. Egin zioten atzera begirako oparoa Kataluniako Filmotekan eta hantxe izan zen ikusleekiko topaketan argi mintzo zen: gaur egungo zinemagileak ez zaizkio interesatzen. Haren irudiko, istorioak kontatu baino ez dute egiten; haren esanetan, zinemaren beraren estetikaz ahaztu dira. Berak, berriz, planoaren, konposizioaren, muntaketaren eta zine koreografiaren edertasuna jartzen du denaren gainetik. Bizitza esperimentatu ere egin nahi du filmatzen duen bitartean.
Ibiltariaren Saila deituriko honetako hamar ataletan, ikusleak ere izango du beta, parada, aukera bizitza esperimentatzeko. Bizitzaz hausnartzeko. Bost, sei (agian zazpi) zentzumen gureak babesik gabe uzteko pantailaren aurrean. Ausardia nahikoa badu, proba gorrian jarriko du bere burua
Ibiltariaren Saila deituriko honetako hamar ataletan, ikusleak ere izango du beta, parada, aukera bizitza esperimentatzeko. Bizitzaz hausnartzeko. Bost, sei (agian zazpi) zentzumen gureak babesik gabe uzteko pantailaren aurrean. Ausardia nahikoa badu, proba gorrian jarriko du bere burua. Izan ere, 25 minutu baino gehiago irauten ez duten film labur horietan geldo-geldo, oso geldo, imajina dezakezuena baino geldoago mugitzen (ibiltzen, ote?) den tunika gorriz jantzitako monje bat ikusten dugu guk eta kamerak. Aaaaaltxatuko du lento-lento ezkerreko oina. Minutuak pasatuko dira lurrean jarri arte. Aaaaaaaltxatuko du geldo geldo eskuinekoa. Sentituko dugu mugimendu pausatu horren bibrazioa. Monjeak ez du keinu bat ere egingo. Ez eskuekin ez buruarekin. Kamera hor dago. Irmo. Serio. Eder. Distantzia eta Denbora. Eta ikuslea, hipnotizatua. 25 minutu beharko ditu monjeak kameraren begirada, gurea ere, zeharkatzeko. Geldirik da gorriz jantzitako gizakia. Geldi da zinema, Denbora geldiarazi duen zinema hori.
Ez pentsa, ordea, monjea bakarrik dagoenik. Ez. Geldi da zinema. Geldi da bera. Geldi gaude gu. Munduak, baina, aurrera egiten du. Ohiko abiaduran. Monjea jendez inguraturik dago. Handik hona datorren edo doan jendez. Monjea ez dago soil-soilik pareta huts baten aurrean baizik eta hiriburu baten erdigunean. Monjea Indian dago. Edo San Frantziskon. Datorren denboraldian Euskal Herrian ere ikusiko dugu, hemen filmatu berri baitu Tsai Ming-Liangek
Harrigarria da esperientzia. Liluragarria. Estrainioa. Egizue proba. Ekintza ausarta. Filosofikoa. Denbora. Distantzia. Geldotasuna. Eta urte berriak ikaratzen gaituenontzat, salbazioa. Monjearen pausoetara egokitzen baditugu gureak, gerta liteke gaur 2026ko urtarrilaren 2an ez izatea. Suerta liteke oraindik 2025eko 25ean (28an inkluso, Herodesen konpainian…) izatea. Oxala! Erregeak zuen etxeetatik eskuzabal pasatu daitezen opa dizuet.
