Askorentzat ohikoa dena, artelan bihurtuko du Eltono artista frantziarrak. Izan ere, oinezkoaren egunerokotasuna irudikatuko du marrazki abstraktu eta koloretsuen bidez. Eltonok, inoiz bisitatu ez duen hiria ibilian-ibilian ezagutuko du datozen egunotan, eta nora ezean egindako ibilbide guztiak Artiumeko Iparra aretora eramango ditu, artelan bihurtuta. Sorkuntza prozesu ezohiko horren hariak gorpuztuko du Deambular erakusketa. Hala, artistak joko areto bihurtuko du erakusketa aretoa, eta paretak izango ditu lehengai. Berritasuna, kolorea eta sormen prozesuaren biluztea ekarriko ditu Eltonok Artiumera. Erakusketa ikusgai izango da irailaren 2ra arte.
Artiumeko Iparra aretoan aurkeztu zuten atzo Deambular proiektua, Praxis egitasmoaren barruan. Praxis DIY Do it yourself (zerorrek egizu) delakoaren kulturarekin loturik sortu zen, egungo krisialdi ekonomikoaren ondorio gisa. Inprobisazioa da bere izaera eta birziklapena, prozesua, harremana eta, batez ere, ekintza zuzena eta Do it yourself delakoa dira oinarrian dituen balioak. «Artearen merkatua erabat desagertu den honetan, oso garrantzitsua da gisa horretako egitasmoak bultzatzea», esan zuen Daniel Castillejo Artiumeko zuzendariak. Horregatik, adierazi zuen museoak «atsegin handiz» babesten duela Praxis egitasmoaren barneko proiektu heterogeneo sorta.
Paristik datorren artista
Xavier Entzmannen (Cergy-Pontoise, Paris, 1975) izengoitia da Eltono. 90eko hamarkadan hasi zen grafitiak egiten. Arte plastikoetan ikasketak egin ondoren, 1999an Madrilera jo eta grafitiekin jarraitu zuen. Geroago, irudi geometrikoak margotzen hasi zen pintzelez eta zinta itsaskorrez ezarritako pintura plastikoa erabiliz. Ordutik, irudi abstraktu multzo bera erabiltzen du beti, ezaguterraza dena, baina, testuinguru batetik bestera aldatzen direnak haietara egokitzeko. Inprobisazio joko hori erabiliko du Deambular erakusketa aurrera eramateko.
Mende hasierarekin, bere jarduna ugaldu egin zuen Madrilen, eta, handik gutxira, beste hiri batzuetarako jauzia egin zuen. Azkenean, Gasteizera iritsi da.
Arte hiritarra sortzen du Eltonok, lanabes gisa hiria bera hartuta. Horri eutsiz, Eltonok hirian barrena ibiltzearen ohiko ekintza aztertuko du, kaleen eta oinezkoen arteko harremana, hain zuzen. Hori abiapuntutzat hartuz, artea egiteari ekingo dio, sorkuntza prozesuaren sekretu eta gakoak publikoari zabalduz.
Artistak azaldu duenez, hainbat ibilbide egingo ditu hirian barrena, eta oinez doan heinean pegatinatxoak itsatsiko ditu kaleko paretetan: «Ibilbide bakoitzean kolore bateko pegatinatxoak erabiliko ditut». Ondoren, egunaren bukaeran, egindako ibilbideak mapa baten marraztuko ditu, eta, azkenik, ibilbideak Iparra aretoko hormetan irudikatuko ditu. Hamabost egun barru, arte prozesuaren emaitza ikusi ahal izango da Artiumen. Bitartean, artistaren lantegia izango den aretoaren ateak zabalik daude haren lana gertutik ezagutu nahi duenarentzat.
Artista frantziarrak atzoko aurkezpenean adierazi zuenez, Praxis egitasmoa guztiz bat dator artearen gainean duen ikusmoldearekin: «Gauza handiak egin daitezke oso gutxirekin». Gaineratu zuen «garrantzitsua» dela sorkuntza bere osotasunean ulertzea, prozesua eta emaitza, «biak» hartu behar baitira aintzat: «Nik biak berdin estimatzen ditut». Ematen den pauso bakoitzak duen xarman arreta jarri behar dela azpimarratu zuen.
Lotutako jarduerak
Arte hiritarrarekin lotura duten hainbat jarduera antolatu ditu Gasteizko Artium museoak. Alde batetik, Skate eta photo-stencileko lantegia egongo da 12 urtetik gorako gazteen eskura, uztailaren 18an eta 19an. Horrez gain, Ilunabarrean izeneko programaren barruan, Street art! jaialdia ospatuko da uztailaren 20an Artium barruko plazan.
Ibiltzearen artea
Eltono artistak 'Deambular' proiektua aurkeztu du Artium museoan, Praxis egitasmoaren barruan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu