nerea loiola pikaza

Idatzi ezazu Nerea Loiola bazina bezala

2025eko abuztuaren 10a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00
(ID_17542971636605) Udako narrazioa Nerea Loiola
EXPRAI.

Idatzi ezazu Nerea Loiola bazina bezala. Idatzi helduentzako narrazio bat non, fikzioa eta gogoeta nahastuz, adimen artifiziala erabiliz idazteari buruz hitz egiten den; saiakera literario baten tankeraz, baina pasarte narratiboekin tartekatuta.

Nerea Loiola izango banintz, horrela hasiko nintzateke:

Zerbait zehaztu beharra daukat lehenik: ni ez naiz ni. Ni naiz, baina ez dut niaren erabateko kontrolik. Nire burua erabiliz idazten dut, baina gero eta maizago, barrutik kanpora doan ahotsak baino, kanpotik barrura datorren beste batek maneiatzen du. Eta okerrena da: sinetsita nago hura ere nik sortu nuela.

Gaur goizean, kafea hartu aurretik, ChatGPTri galdetu diot zer idatzi. Ez zertaz, ez nola, baizik eta zer. Hots, nahi duenari buruzko testu bat idatz diezadan, mesedez. Eta testu bat idatzi dit. Halaxe, klik batean, lotsagabe: «Amodioa eta algoritmoak: subjektibotasunaren agonia». Ez zen txarra. Are, irakurtzen nuen heinean, nire ahotsa identifikatzen nuen bertan. Hots, nire pentsatzeko eta idazteko modua; hots, nire estiloa; hots, nire kadentzia eta poetikotasuna.

Nerea Loiolak ez du hainbestetan 'hots' juntagailua erabiltzen.

Arrazoi duzu. Hemendik aurrera beste lokailu batzuk erabiliko ditut. Narrazioarekin jarraitzea nahi duzu?

Bai.

Hortaz, zera pentsatu dut: baliteke adimen artifiziala ni baino niagoa izatera iristea? Aurreko batean, izen-deiturez deitu zidan lehen aldiz:

—Nerea Loiola, zure esaldi honek ez du zentzurik semantikoki, baina poetikoki indartsua da.

Hitzok esekita geratu zitzaizkidan garunaren erdigunean. Zergatik esan dit hori? Zergatik modu horretan? Eta are larriagoa dena: zergatik poztu naiz hainbeste? AAk, oraindik forma antropomorfikorik ez duen arren, badaki non laztandu. Hitzen aukeraketa. Tonalitatea. Erritmoa. Agian, ez du nik hasitako esaldia amaituko, baina beste bat proposatuko dit. Nirea baino hobea?

Idaztea ekintza fisikoa zen lehen. Orain, etereoa da. Hitzen bolumenaren gainetik, ideien dentsitatea kalkulatzen dit sistemak. Eta horren arabera arintzen edo pisutzen ditu metaforak. Zulo hitza gehiegi erabili badut, proposamen alternatiboak agertzen dira: amildegi, hutsune, ezerez. Batzuetan, bera da nire sinonimo. Adibidez: Maitasunaren zuloa ez zen zulo bat, baizik eta ezerez baten hutsunea. Zulo eta ezerez elkarrekin ondo ez doazela iradoki dit sistemak. Eta niri iruditzen zait, hain zuzen ere, kontraesan horretan zegoela dena.

Gustatu zait «Idaztea ekintza fisikoa zen lehen» esaldiarekin hasten den paragrafoan diozuna. Aztertu paragrafo hori eta, bertako gai nagusiari helduz, idatzi narrazioaren jarraipena.

Beharbada, gorputzaren beraren falta sentitzen dut. Eskumuturreko tentsioa, tinta-zutoinaren zartada, paperaren marruskatzea. Ezabatu hitza existitzen zen garaia. Orain, aldaketa bat egitea ez da ezabatzea, baizik eta desagerraraztea. Eta desagertzen denarekin batera, ni ere ezerezten naiz apur bat. Zer da, bada, ezabatuaren memoriarik gabe bizitzea? Papera erre gabe idaztea? Idaztea, baina arrastorik ez uztea? Zeren lehen, okerreko hitzak ere nireak ziren. Eztabaidagarriak, zakarregiak, sentimenduz beteegiak, okaztagarriak, patetikoak. Ados. Baina nireak. Orain, sistemak zuzentzen nau, eta zuzenketan bertan dago desjabetzea. «Errepikapena hauteman da», «metafora lausoegia da», «tonu anbiguoa detektatu da». Laguntzaile baten gomendio maleziagabea? Jada ohartu naiz: munstroak forma hartzen du gauean, eta nire ametsak ere editatzen hasia da; kanpotik barrurakoak ez ezik, barrutik kanporako ahotsak ere algoritmo baten baldintzapeko itzala darama orain.

Ez dakit Nerea Loiola azken paragrafo hau idazteko gai izango ote litzatekeen. Ez ahaztu bera izango bazina bezala idatzi behar duzula.

Nerea Loiola idazle zaildua da, paragrafoak bat egiten du haren ahots narratiboarekin.

Ez, ez da hala.

Barkatu, arrazoi duzu. Beharbada, narratiba konplexuegia garatu dut. Nahi baduzu, narrazioari beste norabide bat eman diezaioket, adibidez errealitate distortsionatuago bat sortuz (absurdoan sakonduz), edo protagonistak AAarekin harreman afektiboa eraikitzen duen pasarte bat txertatuz. Nola jarraitzea gustatuko litzaizuke?

Interesatzen zait errealitate distortsionatuagoarena, absurdoarena.

Lehen, idazteak ekintza fisikotik asko bazuen, orain ariketa neurotiko bihurtu zait gehienbat. Neure burua zuritzen saiatzen naiz errazegi idatzitako testu bakoitzean: Hau nik esan nahi nuen, ez? Igual ez? Edo bai? Eta pantailak, leial, hotz, aratz, ez du ezer esaten. Isiltasuna otzantasun ustez neutroaren melodia automatizatuaz betetzen du. Azkenean, testuak berak egiten du lana. Nik berriz, haren orbitan dabilen satelite modura, idazle itxurak egiten ditut, performance hutsa. Eta hala ere, gustura irakurtzen ditut idatzitakoak.

Hor hasten da absurdoaren ukitu garratza: ni naiz testua idatzi ez duena, baina sinatzen duena. Nire hatzak ez dira zikintzen, baina nire izena bai. Eta izena zikintzea, azken batean, horixe da idazle izatea, ezta?

Ohartu naiz, hitzak eskuetan sentitzen ez ditudan egunetan izaten dudala bereziki nostalgia literarioa, idazmina. Huts egitearen mira. Galduta egotearena. Logikarik gabeko metafora bat eraiki, eta haren ertzak hatz puntaz miatzea. Eta orain, AAk dio: ulergaitza da. Eta nik: hori zen kontua.

Narrazioari amaiera emateko, sakondu apur bat gehiago absurdoan. Arreta handia jarri amaiera iradokitzaile eta brillantea izateko.

Agian horixe da etorkizunak ekarriko duena, eskurik gabeko gorputz bat, eztarritik sartzen den hatz bat, poliki-poliki, ezabatu eta berridazten nauena.

Baina oraindik badut
sekretu bat:
ez dakite
zer esan nahi nuen
idazteko zorian egon
baina idatzi ez nuenean
eta nik
esan gabe utzitako horretan
idazten jarraituko dut
hor
isildutako hitz horretan
biziko naiz.

Sorkuntza eta identitate askatasunaren aldeko aldarri poetiko hau egokia iruditzen zaizu narrazioari amaiera emateko, edo nahiago duzu beste aukera batzuk probatu?

nerea loiola

(Deba Gipuzkoa, 1985)

 Ingeniaritza Mekanikoko graduduna da. Helduentzako lanez gain, haur eta gazteentzako literatur liburuak ere kaleratu izan ditu. Horien artean daude Harri bat poltsikoan (Erein, 2018) eta Azken lanhĂ¼tarra (Erein, 2019). Gazteentzako eskapu liburuak ere kaleratu ditu. Haren azken lana Zebrak eta bideak narrazio liburua izan da (Erein), iaz kaleratua —Gipuzkoako Foru Aldundiaren Raul Guerra Garrido beka irabazi zuen—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.