Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrena. Literatur lana

Idazle bi, baina bihotz beretik

Espainieraz eta euskaraz, bietara idatzi zuen Martin Ugaldek, momentu historikoek eta bizi kondizioek sakatuta. Jakin fundazioak idazlearen lan guztiak sarean eman ditu gaur, 2.000 dokumentu pasa.

BERRIA.
Gorka Arrese.
2021eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Beharrezkoa genuen euskotarrok ere gudu literatura gartsu bat, eta literatura horri hasiera ezin hobeagoa ematen dio Martin Ugaldek ipuin hauekin». Andima Ibinagabeitia itzultzaile eta ekintzailearen hitzak dira, Ugalderen Hiltzaileak (1961) liburuko aitzin solasean. «Negargarria, baina oraindik euskaldun batek ere ez ditu liburuetan euskaraz eman orduko gertakari deitoragarriak. Mututasun lotsagarrienean diraute».

Bost kontakizunez osatuta dago Hiltzaileak. Aurkibidean, Ezkutuan irakurtzeko ipuinak azpititulua dauka. Ugaldek eskaintza ipini du ororen aurretik: «Agirre lehendakari bikainari, eta berak bezala bizia Aberriari eskaini dioten euskotar guziei». Aurrenekoak Nemexio abertzalearen fusilamendua kontatzen du, gerra hasi berritan. Beste ipuinak gerraondoan kokatu ditu, eta haien artean nabarmena da Xabaleren hazia, agertzen baititu Bergarako (Gipuzkoa) Agustin Unzurrunzagaren atxiloketa, Donostiara eramatea eta heriotza lazgarria 1947an. Euskal Erresistentziako Jokin Intzaren ahotik jaso zituen lekukotasunak.

«Estilo zuzen, deskriptibo eta apaingarririk gabea erabiltzen du, kasik periodistikoa», hala iruditzen zaio Lorea Agirreri. «Ez alferrik kazetari handi eta ezagutua zen ordurako, eta bazekien gertaera erreal izugarrienak ez duela adjektiborik behar, gertaera beroegia denean hoztasunez idatzi behar dela».

Ibinagabeitiak azaldu zuenez, «lehendik ere argitaratuta zeuzkan, erdaraz, ipuin sorta ernagarri bi». Beraz, idazlearen hirugarren liburua da euskarazko estreinakoa: Hiltzaileak, Caracasko Cromotip etxean Tomas Eizmendik 1961eko urtarrilean inprimatua. Moldiztegi berberean eginda zeuden espainierazko ipuin bildumak: Un real de sueño sobre un andamio (1957), zortzi kontakizunekoa; eta La semilla vieja. Cuentos de Inmigrantes (1958), bost ipuinekoa, horietatik bi Caracasko El Nacional eta El Universal egunkariek sarituak. Beste bilduma bat ere kaleratu zuen gero, 1964an, zortzi ipuinekin: Las manos grandes de la niebla.

Kazetaria baitzen aurrena eta idazlea ondoren, espainieraz idazten zuen Venezuelan. Lehenago, 24-25 urterekin, Donostiako El Diario Vasco egunkariarentzat Andoaingo kirol kronikak eta herriko kontuez idazten jardun zuen 1946an eta 1947an. Ondoren, Caracasera bizitzera joan zenean, 1948tik aurrera Élite, El Nacional, El Farol, Euzkadi eta Euzko Gaztedi agerkarietan aritu zen.

Ugalderen erreportajeen bilduma bat da Cuando los peces mueren de sed (1963). Liburu horri buruz Zeruko Argia astekarian idatzi zuen Rikardo Arregik: «Berehala antzematen da periodista batek idatzita dagoela, arin, sakontasuna galdu gabe, trebe, bizi, indartsu... azaltzen zaigulako. Benetan zoriondu beharrekoa, egilea. Liburuak Andeetan dauden herri txikien, pertsonen izaera eta bizimodua azaltzen dizkigu, mendi artean eta baztertu antzean dauden herrien nortasuna eta egia».

Ugaldek euskaraz gutxi idazten zuen, euskal haurrek hizkuntza hurbil senti zezaten gehienbat. Caracasera iritsi eta berehala berak sortu zuen EuzkoGaztedi aldizkarian plazaratu zituen hamar bat kontakizun 1948.-1949. urteetan, hala nola Gaurko sorginkeriak, Hura kemena!, Aitonarenipuintxoak edo Aita Flanagan eta Eddy.

Antzerki obra bat argitaratu zuen 1964an: Ama gaixo dago. Don Arturo sendagileak amaren gelan ordu erdi badaramanez, kezkatuta daude Itsaso eta Unai. Gogoan du Jose Felix Azurmendik: «Ama gaixo dago antzerkiaren irakurketa egin genuen Caracasko Euskal Etxean 1966an. Ibinagabeitia aitita zen; Imanol Solabarrieta, aita; eta ni, semea».

Parabola mingotsak

Ugaldek berak aitortu zuen zein izan ziren bere ipuingintzan eragina eduki zuten idazleak: Horacio Quiroga, Alejo Carpentier, Jorge Luis Borges, Jose Rafael Pocaterra, Julio Garmendia, Uslar Pietri. Baita ere: Txekhov, Daudet, Maupassant, Poe, Faulkner, O. Henry eta, bere hitzetan, «garai hartan berriena, Salinger».

Anjel Lertxundiren aburuz, «gaztelaniaz hobeto idazten zuela aitortzen zekien idazle honen euskal erronkak ez dira nolanahikoak izan». Heldutasun literario handi baten jabe zela etorri zen Caracastik. «Sortzailea ez denak nekez balora dezakeen sakrifizioa egiteko prest zegoen», idatzi zuen Lertxundik: «Bazekien ezingo zituela baliatu atzean utzitako kalitatezko obra, kritikaren onespena, idazle onaren fama. Hori guztia utzi beharko zuen, baldin, gaztelaniaz eraikitako nortasun aparteko poetika lantzen segitu ordez, euskararen aldeko apustua egiten bazuen».

Venezuelatik Euskal Herrira bueltatu eta lau urtera, Itsasoa ur-bazter luzea da liburua argitaratu zuen 1973an, Dionisio Amundarainek euskaratutako lau kontakizunez. El mar es una orilla muy larga eta beste hiru ipuin itzulik osatu zuten liburua. Zeruko Argia aldizkarian 1969. eta 1970. urteetan artikulu batzuk plazaratuta zeuzkan, baina, antza denez, Ugaldek artean ez zuen bere burua aski azkarturik ikusten literaturari euskaraz ekiteko.

Mugarri galduen itsumundua ipuinarekin Irun Hiria saria irabazi zuen 1984an, eta Mantal urdina liburuan argitaratu zuen. Orduan hasi zen berriz Ugalderen euskarazko lan literarioa. Hitzaurrean halaxe idatzi zuen: «Ez dut azken urte hauetan euskaraz idatzitako libururik argitaratu. Ez nahi izan ez dudalako, erdarazko eskabide batzuen mende egon naizelako baizik, eta hauek ere abertzale baten ikuspuntutik aspaldi egiteko zeudelako».

Literaturaz gainera, historia, hizkuntza, hezkuntza, kultura, politika, pentsamendua, hedabideak, ekonomia, gizarte auziak, biografia..., alor askotan landu zituen liburuak. Ezagunenen artean dira Síntesis de la historia del País Vasco, Historia de Euskadi bost liburukitan, edo Hablando con los vascos saila, han elkarrizketatu baitzituen Barandiaran, Mitxelena, Sota, Arrupe, Fagoaga, Ibarrola, Txillida.

Las brujas de Sorjín izan zen Ugaldek idatzitako estreinako nobela, Donibane Lohizunen (Lapurdi) argitaratua 1975ean. Hamabost urte geroagokoa du Itzulera baten historia, euskarazko aurreneko nobela. Eusko Jaurlaritzak 1990eko eleberri onenaren saria eman zion. Venezuelatik Euskal Herrira gurasorik gabe itsasontziz datorren 10 urteko neskatilaren bizipenak kontatzen ditu, 19 urtekoa egin denaren perspektibatik. Bozkariozkoa izan behar lukeen itzulerak gehiago du bakardadetik, dezepziotik eta bihozminetik.

Pedrotxo bigarren nobelarekin Euskaltzaindiaren Txomin Agirre saria irabazi zuen, eta 1994an plazaratu zuten. Gerraosteko giro itogarrian, Etxe Haundiko mojen babesean bizi da 15 urteko Pedrotxo, ama hil eta aita gerran desagertu ondoren. Halako batean, guardia zibilak haren bila joan direnean, trenez ihes egin du Iruñera, eta segituan korapilatuko dira gaztearen abenturak.

Ugalderen estiloa argi deskribatzen du Koldo Izagirrek: «Erretorikarik gabe, zehatz, elementu formal apurrekin, mekanismo matxuragaitzak asmatzen dizkigu. Ezaugarri hauek izanik, iduri luke idazle hotza izan behar zuela, gizakiari urrundua. Ez hurrik eman ere. Gizakiak dira bere protagonista, ez hizkuntza edo teknika bera. Ipuin bihozbera bat irakurtzen ari zarelakoan irriño bat egiten duzu, eta azkenean absentziari buruzko parabola mingotsa irensten duzu».

Ugalde eta Aresti

Beasainen (Gipuzkoa) ipuin lehiaketa bateko epaimahaian topo egin zuten behinola Martin Ugaldek, Gabriel Arestik eta Arantxa Urretabizkaiak. «Martinek, egun hartan, asko aipatu zuen literatura», hala kontatuta dauka Urretabizkaiak: «Ipuinak estilo batean edo bestean kokatzen zituen, idazleak zer literatur mota maite zuen zehazten zuen. Martin pozik zegoen, ipuin asko irakurri genuelako eta batzuk gazteek idatziak zirelako. Horrekin baretu zituen Gabrielek zenbait ipuinen maila kaskarra azpimarratzeko egin zituen protestak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.