Urte berria asmo berrien iragarle izan ohi da, baina baita joan berri dena errepasatzeko abagune aproposa ere. Hain zuzen, 2025ak utzitako literatur uzta osoari erreparatu, eta erradiografia zehatz bat egin dute BERRIAn arlo horretan dabiltzan kritikari Asier Urkizak eta Nagore Fernandezek.
Datuei begira egin dute lehen apuntea. Iaz ekoitzitakoa «nahiko betea» iruditu zaio Urkizari: «Ematen du joera hori, asko argitaratzearena, sendotzen ari dela euskal literaturan». Joan berri den urtekoa 2024koa baino oparoagoa iruditu zaio Fernandezi ere, nahiz eta portzentajeetan ez duen alde handirik ikusi: «Genero literario bakoitza egonkor mantendu da, alegia, deriba antzekoa izan da».
Generoen araberako hurrenkeran, saiakerak izan dira ugarienak (%36), eta ondoren eleberriak (%23). Poesiak hirugarren postua hartu du (%14), eta oso hurbiletik jarraitu dio hari komikiak (%13). Haien atzetik ipuin liburuak (%7) eta antzerkia (%3) heldu dira, alde handia aterata gainontzeko generoei, hala nola aforismo, autobiografia, kronika eta bestelako liburuei.
Saiakera nagusitu izana ez da nobedadea izan aurreko urteetako uztaren aldean. Kopuruari ez ezik, saiakeren kalitateari erreparatu dio Urkizak: «Batik bat Pamiela, Alberdania eta Jakin argitaletxeen ekoizpenak nabarmenduko nituzke». Eta argitaletxe horiek plazaratutako liburu guztien artean, hiruzpalau jo ditu «ezinbestean aipatu beharrekotzat»: Jon Gerediagaren Izena eta izana poesiari buruzko saiakera, Jon Kortazarrek Aresti eta Lauaxetaren inguruan argitaratutako monografikoak, eta Zer egin Miranderekin saiakera kolektibo laburra.
«Poesia trantsizio moduko zerbait ari da bihurtzen, egile askok hasten baitute ibilbidea poesian, ondoren hura abandonatzeko narrazioaren mesedetan»
ASIER URKIZA Literatur kritikaria
Datuei tiraka, Fernandezek fikzioan antzeman du aldea: «Soilik hazkundeari begiratuz gero, poesia izan da nagusi, eta ez eleberria, aurreko urteetan bezala». Haren arabera, %2 handitu da poesia liburuen kopurua, 2024ko kopuruekin alderatuta. Alde horretatik, Ane Zubeldiaren Kontra, Hasier Larretxearen Guztia urruntzea da, Ane Labakaren Hezur berriak, Ixiar Rozasen Narrugorrik eta Beatriz Txibiteren Oroi garen oro nabarmendu ditu. Bestalde, idazle berrien «espazio» edo «aukera nagusia» izan omen da poesia, eta horren adibide gisa Arantzazu Lizartzaren 0 negatiboa, Gorka Erostarberen Auzokinak, Iker Aranberriren Baden Verboten, Saioa Hornillaren Begien nekea, Matxalen Bezosen Jaiotzetik erreboltari eta Leire Ugadiren Simulakro bat zerrendatu ditu.
Urkizak, ordea, poesiari aurkitu dizkio gabeziarik handienak: «Jarraitutasun handirik gabeko genero bihurtzen ari da gure literaturan. Hau da, trantsizio moduko zerbait ari da bihurtzen, egile askok hasten baitute ibilbidea poesian, ondoren hura abandonatzeko narrazioaren mesedetan». Haren ustez, aurten beren opera prima kaleratu duten idazleek genero horretan jarraitzeak lagunduko luke joera hori iraultzen.
Narrazio gutxiago
Poesiak ez bezalako joera hartu du narratibak 2025ean: ipuinek %3 egin dute behera, eta eleberriak %7. Halere, horiek berak iruditu zaizkio aurtengo «izarrak» Urkizari: «Lanik onenak ipuinetan eta eleberri laburretan izan dira».
Berritze estetiko esanguratsuena nobelen bitartez plazaratu dela uste du Fernandezek: «Ematen du nobela fragmentarioak eta esperimentalak idazteko joera zabaldu dela. Nago 2024ko Unai Elorriagaren Francesco Pasqualeren bosgarren arima-k zerikusi handia izan duela deriba hori hauspotzen». Alde horretatik, narratiba «mugekin jolas egiteko» eta «bestelako adierazpen formak aurkitzeko» tokitzat hartu omen dute idazleek, eta horren erakusle jo ditu Miren Agur Meaberen Amorante frantsesa, Harkaitz Canoren Silueta eta Danele Sarriugarteren beste zerbait.
«Ematen du nobela fragmentarioak eta esperimentalak idazteko joera zabaldu dela. Nago 2024ko Unai Elorriagaren 'Francesco Pasqualeren bosgarren arima'-k zerikusi handia izan duela deriba hori hauspotzen»
NAGORE FERNANDEZ Literatur kritikaria
Horrez gain, aspaldian ezer argitaratu gabeko autore kanoniko batzuentzat literaturara itzultzeko bidea ere izan da nobela: Laura Mintegik Akabo plazaratu du hemezortzi urteko isilunearen ostean, Joxe Austin Arrietak Palinpsestoa, eta Lourdes Oñederrak Azken batean. Bernardo Atxaga eta Katixa Agirre ere joera horren adibide dira, haien isilunea horren luzea izan ez den arren; Atxagak Enarak argitaratu du, eta Agirrek, berriz, Barne zerbitzuak. Edorta Jimenez, Julen Belamuno, Harkaitz Cano, Karmele Jaio eta Hedoi Etxarte ere itzulera egin dutenen zerrendara batu ditu Urkizak.
Ipuingintzari dagokionez, Fernandezi «konstantziarik gabekoa» eta «esporadikoa» iruditu zaio: «Orokorrean, kuantitatiboki ez da gehiegi nabarmendu, ezta kualitatiboki ere. Baina pare bat agerpen eta argitalpenek bere lekua eman diote genero narratibo laburrari». Guztien artean Eider Rodriguezen Dena zulo batera zen azpimarratu du. Bestalde, lan «duinak» iruditu zaizkio Arrate Egañaren Espekulazioak, Josu Goikoetxearen Lakioa eta Patxi Iturregiren Antropozenoaren nostalgia.
Antzerkigintzara joz gero, Susa argitaletxearen Ganbila bilduma nabarmendu du Fernandezek, «euskal antzerkiaren sostengu eta motor» delakoan baitago. Bildumaren barruan, Oier Guillanen Aztia, Maite Aizpururen Herrenaren promesak edota Kamikaz kolektiboaren Fikziraultzaileak aipatu ditu; baita bereziki txalotu ere Agurtzane Intxaurragaren Zorretan, «liburuak dakartzan proposamen estetikoengatik, eta horiek papereratzeko autoreak erakutsi duen ausardiagatik».

Komikigintza, makal
Itzulpenak ez du jauzirik erakutsi. Fernandezek bildu dituen datuen arabera, gehien itzuli den genero literarioa nobela izan da (%33), eta haren atzetik komikia (%27), saiakerari (%22) aurrea hartuta. Poesia hirugarren postuan egokitu bada ere, 2024an baino %7ko beheratzea izan du 2025ean. Ipuin liburuak %5eko kopuruan gelditu dira. Antzerkiak erdietsitako kopurua (%2) txikia izanagatik ere, 2024an baino antzezlan gehiago euskaratu dira 2025ean. Datuak gorabehera, euskaratutako lanek ez diote arreta berezirik eman Urkizari: «Itzulitako literaturan ez dut topatu horren lan bikainik. Egiari zor, ez zen erraza urte hauetako mailari eustea». Hala ere, hiru lan azpimarratu ditu Urkizak: Roland Barthesen Dolu-egunerokoa, Maja Haderlapen Ahanzturaren aingerua eta Nuria Bendichoren Lur mortuak.
Fernandezek komikigintzari ipini dio notarik txarrena: «Gehien apaldu den generoa dela iruditu zait. Eta apalaldi hori argitalpenetan euretan islatu da. Orokorrean, aurtengo uztan, komikiari dagokionez, ez dut aurkitu aurreko urteetan aurkitu dudan aldarrikapenik, mezurik, proposamenik». Pare bat salbuespen aipatu ditu halere: jatorrizkoetan, Eneko Iztueta, Ibai Iztueta eta Aritz Vieitesen Kontua eta zikina; eta itzulpenetan, Joe Saccoren Gerra Gazan eta Gazako oin-oharrak.
2025eko liburu nabarmenenak
Nagore Fernandez
- Dena zulo bera zen. Eider Rodriguez (Susa).
- Silueta. Harkaitz Cano (Susa).
- beste zerbait. Danele Sarriugarte (Consonni).
Asier Urkiza
- Enarak. Bernardo Atxaga (Pamiela).
- Dena zulo bera zen. Eider Rodriguez (Susa).
- Palinpsestoa. Joxe Austin Arrieta (Maiatz).

Haur eta gazte literaturan itzulpena nagusitu da
«Euskal egileek haur eta gazte literatura gutxi argitaratu dute». Horixe da Imanol Mercero BERRIAko kritikariak 2025. urteari errepasoa egindakoan atera duen lehen ondorioa. Nolanahi dela ere, euskarazko literatur sistemari egotzi dio horren ardura: «Faktore puntualek eragindako gorabeherek asko baldintzatzen dute urteko argitalpen kopurua. Esaterako, Juan Kruz Igerabidek eta Miren Agur Meabek aurrekoetan baino gutxiago argitaratzea, edota Katxiporretak aurrekoetan bezainbeste lan ez plazaratzea».
Datu horiek aletuz gero euskal egileek haur eta gazte literaturako tituluen laurdena pasatxo sinatu dutela ondorioztatu du Mercerok. Horietarik %72,5 haur literaturako lanak dira, eta gainontzekoak (%27,5), gazteei zuzenduriko literaturakoak. Kopuruz, itzulpenak izan dira nagusi 2025ean ere: «Haur eta gazte literaturan argitaratu diren liburu guztien %70,5 euskaratutakoak dira. Horietatik %5,5 baino ez dira gazteentzat idatzitakoak, eta %94,5 haur literaturako lanak dira».
Gazte literaturari dagokionez, euskal egileen lanek %68 osatu dute. Generoari begira, eleberriak izan dira horietarik gehienak. Salbuespenen artean, Mercerok Maitena Illarramendiren eta Iñigo Sarasolaren Kateriñe (Erein) komikia, Klase sozialak badira (Txalaparta) azalpen testu euskaratua edota Oihan Iriarteren Autismoa eta biok (Txalaparta) hibridoa aipatu ditu, besteak beste.
Albumen artean, bereziki zortzi aipatu ditu: Alepoko zazpi pediatrak (Txabi Arnal, Edu Zelaieta, Raquel Samatier), Euri eta Ateri (Alaine Agirre, Yolanda Mosquera), Gordegia (Emma Adbage, Joana Pochelu), Hego poloa eta Ipar poloa (Li Rongbin, Juliana Motzko), Horrelakoa da heriotza? (Ellen Duthie, Anna Juan Cantavella, Andrea Antinori), Luma kantaria poema narratiboa (Joseba Sarrionandia, Idoia Beratarbide), Maleta (Chris Naylor-Ballesteros) eta Ospa, txerritxoak! (Rosalinde Bonnet).
Bestenaz komiki gutxi argitaratu direla esan du BERRIAko kritikariak. Apur horien artean, Etxeberria anaien eta Iñaki Holgadoren Medium eta Maitena Illarramendiren eta Iñigo Sarasolaren Kateriñe aipatu ditu. Berrargitalpenen artean, berriz, Ixaka Lopez Mendizabalen Xabiertxo ikasliburua nabarmendu du Mercerok.