Kenneth White poeta eta pentsalari eskoziar-frantsesa (Glasgow, Eskozia, 1936-2023) hil zenean, Trebeurdeneko Udalari utzi zion bere Bretainiako etxea —liburutegia barne—, artista eta idazleentzako egoitza bihur zedin. Helburua argia zen: geopoetikaren inguruko hausnarketa bizirik mantentzea, etxea museo isil bat izan zedin baino gehiago, sormen laborategi aktibo bat izan zedin. Horretarako, 100.000 euroko diru legatua ere utzi zuen. Orain, ordea, udalak etxea saltzea eta liburutegia hustea erabaki du. Erabaki horrek Whiteren lagun eta kolaboratzaileak mobilizatu ditu; Change.org-en bidez eskaera bat abiatu dute idazlearen borondatea errespeta dezaten.
Kenneth White Eskozian jaioa zen, baina bere ibilbide intelektuala Frantzian garatu zuen, ikerketan, irakaskuntzan eta literaturan. Eskoziar kulturgintzan rara avis izan da: bi hizkuntzatan idazle, askorentzat frantses pentsalari. Hala ere, haren pentsamendua ez da etiketa nazionaletan kabitzen. Tradizio eskoziarrean bertan —Ilustrazio garaian sendotua— egon da Europara irekitzeko joera, eta Whitek hari horri jarraitu zion. Geopoetikaren ideia formulatu zuenean, pertsonaren eta lurraren arteko harremana jarri zuen erdigunean. Lurra ez da eszenatoki huts bat: memoria eta esanahia duen errealitate bat da. Poesiatik, filosofiatik eta zientziatik pentsatu behar da. 1989an abiatu zuen mugimenduak jarraitzaileak ditu gaur egun munduan zehar.
Euskal Herriarekin ere lotura estua izan zuen. 1960ko hamarkadan Bordeleko Unibertsitatean aritu zen, eta Aurelia Arkotxarekin elkarlan emankorra izan zuen; Septentrio (Alberdania, 2001) liburu berritzailearen hitzaurrea Whitek idatzi zuen. Atlantikoko arkua zuen interesgune nagusi: Portugalgo iparraldetik Eskandinaviaraino hedatzen den eremua, itsasoak eta kostaldeak loturiko kultura eta hizkuntza anitzen mosaikoa.
Whitek, 1996an, idazleen etxeen zentzua aztertu zuen hitzaldi batean. Haren ustez, etxe horiek ez lukete oroitzapenaren mausoleo izan behar, baizik eta etorkizunerako lantegi. Idazlearen ekosistema —mahaia, apalak, hautatuko objektuak— mantentzeak sormen ingurune bizi bat eskaintzen du. Liburutegia da etxearen bihotza: idazlearen iruditegia eta hiztegia, haren sukaldea. Han gurutzatzen dira iraganeko irakurketak eta etorkizuneko aukerak. Horregatik, Whiteren liburutegia bere osotasunean eta bere giroan gordetzea ez da nostalgia keinu bat; sormenaren aldeko apustu bat baizik. Susan Sontagek esan zuen bere liburutegia desira sutsuen artxibategi bat zela. Idazlearen liburutegian gurutzatzen dira idatzitakoaren memoria, baita zerumuga ere. Horregatik da hain garrantzitsua Whiteren liburutegia zatikatu gabe gordetzea beste artistek eta idazleek bidelagun izan dezaten lan berriak irudikatzerakoan.
Kultur ondarea babestean, sarritan nazio identitatearen izenean egiten da aldarrikapena. Baina Whitek mugak gainditu zituen. Haren kasuan, ezin da aplikatu identitate esentzialista baten diskurtsoa. James Joyceren adibidea argigarria da: Dublin eta Triestek bere egiten dute haren ondarea. Joyce ez zen Irlanda katoliko eta kontserbadorearen ordezkari, baina Irlandak bereganatu du. Paradoxikoa dirudien arren, diskurtso kontserbadoreak ez du beti ondarea kontserbatzen.
Gurean, euskarazko idazleen etxeek ez dute arreta bera jaso. Pio Baroja eta Jorge Oteizaren etxeak —gaztelaniaz idatzi zuten biek— gorde egin dira, Barojarena Beran (Nafarroa) eta Oteizarena Altzuzan (Nafarroa). Zer gertatuko da Bernardo Atxagaren etxearekin eta liburutegiarekin? Eta Joseba Sarrionandiaren kasuan, Kuban eta Euskal Herrian banatutako ibilbidearekin? Egungo idazleen «sukaldeak» artxibo bizi bihurtuko dira, ala isilean desagertuko?
Paisaia, artea, klima larrialdia
Whitek, 1991n argitaraturiko Shamana glaziarraren gainean dantzan artikuluan, Joseph Beuysek (Krefeld, 1921–1986) 1970ean Edinburgoko Arte Eskolan egindako performancea aztertu zuen, hots, Sinfonia eskoziarra, Kinloch Rannoch zelta. Urte hartan arte alemaniarrari eskainitako jaialdi batean aurkeztu zen Beuysen lana, eta artista berritzaileak Edinburgo izan zuen mundu anglo-saxoirako sarbide nagusia.
Ekintzan elementu hauek ageri ziren: horman proiektatutako bertako paisaiaren 16 milimetroko filma; piano mutu bat; mikrofono bat, Beuysek esanahirik gabeko hotsak egiteko; aizkora bat; ohol batzuk; gelatina zeraman metalezko erretilu bat; eta arbel beltz bat, non gordeko ez ziren irudiak marrazten baitzituen. Elementu sakabanatu horien bidez —eta Whiteren deskribapenean osotasun itxurarik eskaintzen ez zuten osagai horien bitartez— Beuysek geologia jakin baten memoria ekarri nahi zuen agerira. Whitek han ikusi zuen geopoetikaren hastapena: arteak lurra entzun dezake, eta lurraren memoria piztu.
Gaur egun, klima larrialdian bete-betean murgilduta gaude. Ekologiaren ikuspegitik, nazioarteko mugak fikzio administratiboak dira. Whitek defendatutako pentsamendua —lurra poesiaz, filosofiaz eta zientziaz pentsatzea— ez da iraganeko luxu intelektuala; etorkizunerako premia baizik. Horregatik, haren etxea eta liburutegia zaintzea ez da nostalgia ariketa hutsa: mundu bakarra dugula onartzea da, hau da, ekintza etiko eta estetikoa. Whitek utzitako ondarea guztiona da.