Hilberria. Asentxio Ondarzabal

Idazleen adiskide eta akuilaria

Juan Luis Zabala
2012ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Erein argitaletxearen sorreran parte hartu zuen, eta euskal idazleen bultzatzaile nekaezina izan zen 70 eta 80ko hamarkadetan Asentxio Ondarzabal (Hernani, 1934). Atzo hil zen, 77 urte zituela.

Antonio Labaien eta Juan Garmendiarekin batera Tolosako ikastolaren sorrera antolatzeko lanetan parte hartu ondoren, Tolosan 70eko hamarkadan euskararen alde piztu zen mugimenduko partaide izan zen. Kulturaldi batzuen antolaketan garai hartako euskal idazlerik gehienak egin zituen adiskide —Jorge Oteiza, Eduardo Txillida eta Remigio Mendiburu artistez gain—, eta, urte batzuk geroago, Julen Lizundia eta Anjel Lertxundiren laguntzaile estu eta ezinbestekoa izan zen Erein argitaletxearen sorreran.

«Ni dirua biltzen hasi nintzen, baita neronek jarri ere», kontatu zion Ondarzabalek Pantxike Agirre kazetariari BERRIA egunkariko Igandea gehigarriak 2007ko urriaren 28an argitaratutako elkarrizketan. «Nik banuen idazleekin harremana, eta besteak ohituago zeuden editore lanetan, ideia asko eman zituzten. Nire arloetako bat literatura izan zen, haur, gazte eta helduentzako literatura. Ipurbeltz aldizkariarekin hasi ginen». Hasieran, lantegi batean egiten zuen lana, argitaletxean laguntzeaz gain, baina gero lantegia utzi zuen argitaletxeko lanari buru-belarri ekiteko. 1999an hartu zuen erretiroa.

Idazleekiko harreman pertsonala asko landu ohi zuen, eta oso gustuko zuen idazleak Ereinen argitaratzeko konbentzitzea. Bidanian zeukan baserria denboraldi baterako bizileku gisa eskaini zien askori. «Garai batean euskal idazle gehienek Ereinen publikatzea lortu dudala uste dut», adierazi zuen arestian aipatutako elkarrizketan. «Idazlea laguna da aurrena niretzat. Laguntzat hartu naute haiek ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.