benat sarasola
Lauhazka

Idaztearen distantziak

2026ko martxoaren 8a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkeneko nobela bukatu berritan lagun batek honakoa galdetu zidan: «Ez al da zaila zu heterosexuala izanda bi gayren arteko harremanaz idaztea?». Ez ninduen erabat jokoz kanpo harrapatu galderak, halakoak maiz entzuten baitira azken boladan. Alde batera, galderaren ausarkeria egin zitzaidan deigarria, adiskidetasuna gorabehera bihozgabetasun erabatekoa baita besteren identitateaz arinkeria horrekin hitz egitea. Heterosexual moduan sozializatu banaiz ere (eta horren erosotasunak jaso, noski) ez dut neure burua heterosexualtzat, eta heterosexualitatea bera gezur handi bat iruditzen zait, baina hori beste baterako utziko dugu.

Galdera haren atzean dagoen ideia da zure ni-tik kanpora idaztea zaila edo are ezinezkoa dela. Horrek suposatzen du, batetik, ni-a zedarritzea kontu erraza dela eta arazo gabe has gaitezkeela etiketen dantza merkean. Paradoxa argigarria da, Besteaz idaztea arazotsua iruditzen zaigu baina besteren identitateaz monolitikoki mintzatzeko ez dugu arazorik, antza. Bestetik, ideia horrek iradokitzen du idazketaren zailtasuna distantzia ezabatuz eskuratzen dela; hots, zenbat eta distantzia gutxiago egon ni-aren eta idazgaiaren artean, hainbat hobe.

Joera hori, beste egungo keria asko bezalaxe, literatura hezkuntza eskasaren ondorio dela iruditzen zait edo, bestela esanda, diskurtso eta lengoaia literarioen ordez, bestelako diskurtso eta lengoaiak (soziologikoa, politikoa eta abar) gailendu direlako literaturaz solastatzeko. Donna Harawayren ezagutza kokatua kontzeptua, esaterako, mekanikoki eta inolako doiketarik gabe eraman ohi dute batzuek fikzioaren eremura, kontuan izan gabe literaturan fikziozko narratzaile eta ahotsek ez dutela historia, zientzia edo kazetaritzako testuetako ni-ek eta ahotsek bezala funtzionatzen.

Izan ere, literatura idaztea Besteaz idaztea da, baita norberaz idazten duzunean ere. Zergatik? Hizkuntzagatik, hizkuntza ez delako norberarena. Hizkuntzara jauzi egiten dugun momentutik Besteaz gurutzatuak geratzen gara ezinbestez, eta engainu handi bat da pentsatzea ni-az idazten dudanean ez dagoela distantziarik, eta beraz, bertan goxo idatz dezakegula; behingoz lasai, behingoz legitimoki, behingoz egoki. Oxala (edo ez) hain erraza balitz. Editore esajeratu bati entzun nion behin idaztea munduko gauzarik zailena dela. Tira, egongo da gauza zailagorik ziur aski, baina kimera bat da pentsatzea zailtasun hori norbere balizko identitatera mugatuta saihestu daitekeela.

Literatura idaztea Besteaz idaztea da, baita norberaz idazten duzunean ere. Zergatik? Hizkuntzagatik, hizkuntza ez delako norberarena. Hizkuntzara jauzi egiten dugun momentutik Besteaz gurutzatuak geratzen gara ezinbestez

Frank O´Hara eta Vincent Warrenen amodioaz idaztea ez zitzaidan zaila gertatu gizonak maitatzen zituztelako, baizik eta maitasun harreman bat taxuz idaztea berez delako zaila. Nik hezur-haragi bizi izan dudan amodio bati buruz idaztea ere berdin-berdin litzateke konplikatua. Denok maitatu izan dugu noizbait, baina pertsona bakarra —Elizabeth Barrett Browning— izan da How Do I Love Thee poema idazteko gai. Zaila egingo zaigu, asko eta ondo maitatua ere, zeru goien horietara iristea.

Zergatik aurresuposatu zuen nire lagunak O´Hara eta Warrenen arteko maitasuna nigandik oso urruti zegoela, kasik horretaz idaztea eragozteraino, eta ez Jorge Oteizaren ibilerak Montevideon (ezagutzen ez dudan hiria, bide batez)? Zergatik dago nigandik gertuago Luis Gonzalez Robles? Edo Diane di Prima gaztearen burutazioak? Imajinatzea galarazi nahi digute? Denok nahi gaituzte panfletoak idazten?

Literatura idazten ipintzen zarenean ez duzu beste erremediorik ni-aren eta Bestearen arteko distantzia negoziatzea baino. Ondo idaztea distantzia egokia aurkitzea da eta horretarako gauza bakarra dugu: hizkuntza. Distantziatik idazten dugu eta beti izango dugu arrakala sakon bat muturren aurrean. Orain hamarkada batzuk argi zegoen hori. «C'est la langue qui parle», esan zuen Jacques Lacanek, hizkuntza dela hitz egiten duena (eta ez subjektua, hortaz), baina ordutik hona asko aldatu dira gauzak. Akaso historiaren balantza pendularra da, eta dena hizkuntza auzia zela uste genuen garai haietatik beste muturrera igaro gara orain. Arrazoi osoz identitate estrategikoak zirenak identitate estatikoak bilakatu dira, eta hor gabiltza, sare sozialetan korapilatuak, merke-zurreko analisietan, txutxu-mutxu hutsa dena politika gisa saldu nahian: zu halako zara, beste hura halako da, ni halako naiz…

Ixiar Rozasi entzun diot berriki bere ustez bi literatura mota dagoela: idazleak idazten duen literatura eta hizkuntzak idazten duen literatura. Berea bigarrenean kokatzen du zentzu osoz, eta esatera ausartuko nintzateke, taxuzko literaturaz ari bagara behinik behin, hizkuntzak idazten duen literatura dela merezi duen bakarra, baita ni-az idazten duenean ere.

Elena Asinsen 'Antigona' eskultura, Malagako Picasso museoan. JORGE ZAPATA / EFE
Elena Asinsen 'Antigona' eskultura, Malagako Picasso museoan. JORGE ZAPATA / EFE

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA