‘Travy’
Konpainia: Pla-Solina. Egiletza eta dramaturgia: Pau Matas Nogue, Oriol Pla Solina. Eszenografia eta jantziak: Silvia Delagneau. Mugimendua eta koreografia: Amaya Galeote. Argiak: Lluis Marti. Antzezleak: Diana Pla Solina, Oriol Pla Solina, Quimet Pla, Nuria Solina. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Martxoak 21.Â
Kataluniako Pla-Solina konpainia ezagutu berri dugu Bilboko Arriaga antzokira ekarri duten Travy emanaldi zoro, aurreratu eta perfektuarekin.
Piezaren jatorria Pla-Solina sendiarengan dago: antzerki eta zirku konpainia batzuen fundatzaile ditugu biak ala biak —Els Comediants eta Circ Cric adibidez— eta beraiez gain, Oriol eta Nuria seme-alabak dira muntaiaren aktoreak. Orain Oriolek Pau Matasekin batera sortutako antzezlanaren oinarrian gurasoen jakituriaren transmisioa dago, baina ez da guregana era didaktikoan edo diskurtsiboan ailegatuko, modu aktiboan eta bitalistan baizik. Bide bertsuetatik aurkeztu eta aztertu dituzte sorkuntza eta arte eszenikoetako beste auzi batzuk, hala nola tradizioa eta oraingo molde modernoagoen arteko talka eta pieza eszeniko baterako ideia bilatzeak dakartzan esfortzua eta zailtasunak.
Xede horiei begira, eremu eszenikoak antzoki txikiago baten itxura hartu du, oihalen ehundegia agerian zuela, eta teknikariaren maniobrak ikusi ditugu, normalean ezkutuan dauden soken euskarriak beren-beregi paratu dituztelako ikusleen bistan. Esandako belaunaldien arteko jauzia irudikatuz, zuriz margotuta zeramaten aurpegia gurasoek, eta seme-alabek gaurko komedianteen itxura hartu dute; alaba artista ultramodernoaren rolean, eta semea funtsezko ideiaren faltan zegoen sorkuntza hura zuzendu nahian, besteen ekarpen kaotikoen artean eta desesperaziotik irten ezinik.
Alde horretatik, beste gatazka sakon bat planteatu dute: ikuskizun handi baterako nahi dituzte laurak, baina gaztelaniaz izan beharreko baldintzarekin. Zeren eta ordura arte —lehen berrogei minutuetan, nik uste— katalan hutsez aritu baitira, batere konplexurik gabe eta gaztelaniazko itzulpena goiko pantaila batean emanez. Hizkuntzen korapiloan beste pasarte zoragarri bat etorri da gero, pailazo zaharrak garai bateko zirku-artistek bezala hitz egin duelako, hau da, herri-esperanto moduko batean, jariotasun osoz nahasten italiera, katalana, gaztelania eta batek daki zer gehiago. Gaur egun seguru nago denek hitz egiten dutela inperioaren hizkuntzan, ingelesez alegia. Beste pasarte magiko bat etorri da patriarkak tortilla bat egin eta pà amb tomà quet prestatu dituenean Izan ala ez izan monologo famatua bere baitarako errezitatzen zuen bitartean. Eta azkenik, miresgarria egin zaigu Nuria Solina hilkutxan zegoen bere gizonari eskaini dion errespontsu laiko eta estoikoa.
Ezin dugu lerro hauetan jaso taula gainean gertatu den guztia, baina testuetan Becketten eta La Zarandakoen huts existentziala atzeman zitekeen han-hemenka, eta alde eszenikotik Kataluniako Los Galindos eta garai bateko Cent vint-i-cinc konparaezin hura etorri zaizkit burura. Galiziako Matarile ere bai, noski. Azken minutuetan zirku ekitaldi txikiekin borobildu dute emanaldia, eta ikusle denek zutik eskertu diete emaitza kosmikoa, Arriagako hallean despedidako performance txikiaz gozatu baino lehen.  Â