Beti eten berri duten berreraikuntza baten erdian harrapatuta dirudite Begoñako puntako galeriek Getxon (Bizkaia). Adi ibili behar du bisitariak bertan, langileek lurrean multzoka pilatu dituzten sabai eta horma puska eroriak zapaldu nahi ez baditu, baina, hain justu ere, etengabe zaharberritzen dirudielako gustatu zaio lekua Yunping Li-ri. Harena da Getxophoto jaialdiko antolatzaileek eraikin horretan jarri dituzten sei erakusketetako bat, eta, nolabait ere, etengabeko berreraikuntza bati buruz mintzo da hura ere. Txinako Hubei hirian jaio zen Li, 1998an, ume zela heldu zen adopzioan Eibarrera (Gipuzkoa), eta, besteak beste, bere genero trantsizioaren bilakaera ere biltzen du Huí jiâ izeneko argazki seriean. Galiziako XIII. Argazki Garaikidearen Saria, Fotonoviembre Argazki Biurtekoa eta 2025eko Fotodoks saria ere irabazi ditu hari esker, eta horixe da apurtu eta berreraikitako mosaiko pusken artean ikus daitekeena. «Lan hau neure bilakaerarekin dudan etengabeko solasaldi bat da».
Zure bizitza da argazki serie honetako lehengai nagusia, baina sorkuntza lan artistiko bat ere bada emaitza. Nola bizi duzu hori?
Bizi dudana argazkilaritzaren bidez lantzeak prozesu horiek onartzen edo ulertzen laguntzen dit. Ikusgai daudenak argazkiak dira, eta ikusten ditudanean, beharbada, konektatzen dut argazkia atera nuen unean bizi nuenarekin, baina argazki bat da, eta, beraz, nigandik kanpo dagoen gauza bat ere bada.
Besteak beste, zure genero trantsizioa kontatzen du lanak. 2018an hasi zenuen Getxon ikusgai dagoen argazki seriea, baina zure bizialdi osoa iraun dezake, eta erakutsi ere, behin baino gehiagotan erakutsi duzu. Nolakoa da lan honetara behin eta berriz itzultzea?
Hau nire bizitza da, baina erakusketekin, gutxika-gutxika, proiektuak forma bat edo bestea hartzen du, eta istorio bat ere bihurtzen da. Denbora asko eta atseden asko behar da halako trantsizio prozesu batean zer gertatzen ari den ulertzeko, eta, hain justu, hori eman dit proiektu honek. Baina ez da erraza hura ikustera itzultzea, ze aldiro konturatzen zara aurreko alditik hurrengora pertsona desberdina zarela. Gutxika-gutxika landu behar da, eta atseden asko hartu.
Argazki hau, adibidez, 2021ekoa da [sofa gainean biluzik eta burua soil duela eserita ageri den argazki bati egiten dio keinu], eta 2026an gaude, eta pentsatu egin behar dut gaur egun naizenak zer-nolako harremana duen argazkian izan zenarekin. Estetikoki asko aldatu naiz, baina alor pertsonalean ere bai. Horregatik, lan hau neure bilakaerarekin dudan etengabeko solasaldi bat da.

Bada seriean nabarmentzekoa den beste argazki bat. Self Portrait with Sock as a Penis du izena: autorretratua zakiltzat jarritako galtzerdiarekin. 2019koa da irudia. Zuri-beltzezkoa eta oso dotorea. Lepotik beherako erretratu bat da, alkandoraren azpian bularren silueta ikus daiteke, eta lehen planoan, berriz, galtzerdiek puztutako praka bakeroak. Generoa, neurri handi batean, performance bat dela adierazten du, eta, aldi berean…
Aldi berean performancea errealitate bihurtzen da. Ez dago bereizterik, bata bestearekin dator, ze hori ez da fikzioa eta ez da errealitatea, biak dira aldi berean.
«Oso garrantzitsua da hau autorrepresentazio ekintza bat dela ulertzea, botere handia ematen dit horrek: hemen ez da inor etorri bere kamerarekin kanpotik trantsizioa irudikatzera»
Autorretratua egiteko erabiltzen duzun kliskagailua eskutan duzula ageri zara argazki askotan. Eta gailua erakusteko erabakiarekin, nolabait ere, ikusleari esplizituki adierazten diozu irudi hauekin zeure burua irudikatzen ari zarela, eta oso ekintza kontzientea dela.
Oso garrantzitsua da hau autorrepresentazio ekintza bat dela ulertzea. Botere handia ematen dit horrek. Agentzia handia ematen dit. Hemen, neu ari naiz neure burua aztertzen. Ez da inor etorri bere kamerarekin kanpotik trantsizioa irudikatzera; halakoetan, maiz izaten baita begirada pixka bat exotizatzailea. Ez. Hemen ni ari naiz naizen pertsona erakusten, eta nik daukat hori irudikatzeko boterea eta agentzia.
Esan izan duzunez, neurri batean, zurearen moduko gorputzek duten irudikapen faltak eraman zintuen lan hau hastera.
Ez dut inoiz ikusi ni bezalako gorputz bat bere buruaz duen ikuspegitik irudikatuta.
Negar bizian ere aurkezten duzu zeure burua beste irudietako batean. Alde horiek guztiak erakutsi nahi izan dituzu seriean, trantsizio prozesua oso konplexua delako.
Emozio asko daude. Badago poza eta harrotasuna, eta badago laguntasuna, eta gustatzen zait prozesuaren aurpegi horiek guztiak erakustea; ez bakarrik parte mingarria dagoela, eta ez da bakarrik harrotasuna ere. Horren guztiaren nahasketa bat da. Esperientzia osoa eta haren mila aurpegiak erakutsi nahi ditut.
Genero trantsizioaz gainera, beste trantsizio batzuk ere ikus daitezke, eta arrazializazio prozesuak ere eragin nabarmena du argazki seriean.
Diasporarekin ere lotuta dago. Asko gustatzen zait hitz hori.
Adopzioak zera irakatsi dit, familia zuk hautatzen duzula, eta argazkietan nirekin agertzen diren pertsonak kameraren alde horretan ez ezik, nire bizitzaren barruan ere egon dira. Madrilen dagoen komunitate antirrazistarekin daukadan lotura ere erakusten dute argazkietako lagun horiek. Gauza asko irakatsi dizkidate nire kulturari buruz.
Aldarrikapen antirrazistak ere badira argazkiak?
Aspektu hori badago, eta badu pedagogia puntu bat, baina ez dut uste lanaren erdigunean halakorik dagoenik.
«Etxera itzuli». Lana izendatzeko hautatu dituzun txinerazko bi hitzek adiera gehiago ere badituzte, baina hori izan daiteke itzulpenetako bat. Baina posiblea al da etxera itzultzea? Zer da etxera itzultzea?
Hori da neure buruari egiten diodan galdera. Beti ari naiz neure buruari galdera hori egiten. Badago etxera itzultzerik? Ba argazki bakoitza erantzun bat da, eta, beraz, ez dago erantzun bakar bat, baizik eta erantzun asko. Beharbada, zuk sortzen duzu horrek esan nahi duenaren zentzua. Zuk sortzen duzu zure komunitatearen zentzua, zure generoaren zentzua, zure familiarena...
«Argazkiak Euskal Herrian erakustea sendatze moduko bat da. 2018an joan nintzen Madrilera, orain dela zortzi urte, eta Madrilen hasi nuen genero trantsizioa, eta orain bueltatzea, nire nortasunarekin... Inoiz ez nuen hau imajinatu»
Zer beste proiektu dituzu esku artean?
Donostian, Tabakaleran egonaldi artistiko bat egin dut, eta han beste proiektu bat landu nuen. Mâ deitzen da, eta nire ama biologikoari buruzkoa da. Eta badut beste proiektu bat ere: Backstage, Madrilgo La Casa Encendidan egingo dudan egonaldi artistikoan orain hasiko dudana. Horretan, performancearen eta argazkilaritzaren arteko lotura landuko dut. Azken batean, identitatea hori da: performance bat, baina performance-errealitate bat, eta bien arteko lotura ikertzea oso aberatsa iruditzen zait.
Txinan jaio zinen, eta Madrilen bizi zara egun, baina Euskal Herrian hazi zinen. Zer da zuretzat lan hauek Euskal Herrian erakustea?
Kristoren poza sentitzen dut. Azkenean, sendatze moduko bat da. 2018an joan nintzen Madrilera, orain dela zortzi urte, eta Madrilen hasi nuen genero trantsizioa, eta orain bueltatzea, nire nortasunarekin... Inoiz ez nuen hau imajinatu.
Eta, gainera, irudi hauekin, zuk zeuk ezartzen duzu zuri buruzko narratiba.
Opari bat da hau. Adopzioarekin eta arrazializazioarekin zail nuen Euskal Herrian trantsizio prozesu bat egitea. Madrilen beste harreman batzuk sortu ditut, eta beste komunitate batzuetan sartu naiz, eta nire lekua hor bilatu dut.