Literatura. Pasarte hautatua. Victor Hugo

'Idi orga'

2012ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
1843an, uztailak 27 zituela, goizeko hamar eta erdietan, Espainian sartzeko nintzela, Bidarte eta Donibane Lohizuneren artean, ostatu xume baten ate aitzinean, idi orga zahar espainiarra ikusi dut berriro. Bizkaiko orga ttipia esan nahi dut, bi idi eta bi gurpil sendokoa, ardatzarekin batean itzulikatuz mendian legoa bete barne entzuten den soinu ikaragarria ateratzen duena.

Ez irri egin, adiskide, oroitzapen honetaz hain arta gozoan egiten badut kontu. Jakinen bazenu zeinen liluragarria zaidan mundu guztiari lazgarri zaion soinu hori! Zorioneko urteak dakarzkit gogora.

Hagitz ttipia nintzen mendi hauek iragatean lehenengoz entzun nuenean. Joan den egun horretan, belarrira heldu baikoz, entzute hutsaz sentitu nintzen tanpez gaztetua, haurtzaro guztia arrapizten zela nigan.

Ez nizuke esaten ahal naturaz haratagoko zer efektu bitxigatik, apirileko egunsentia bezain fresko zegoen ene oroimena, oroz oroitzen nintzen aldi berean; aro zoriontsu honetako detaile ñimiñoenak garbi, garden, eguzki berriak argituak bezala zitzaizkidan ageri. Idi orga bere musika basatiarekin hurbiltzen zen heinean ikusten nuen berriz argiro iragan xoragarri hori eta, ene iduriko, iragan horretarik hona ez zegoen deus ere. Atzo zen.

Oi! Aro haren ederra! Urte gozo eta dohatsuak! Haur nintzen, ttipia nintzen, maitatua nintzen. Ez neukan eskarmenturik eta ama neukan.

Ene inguruan pasaiariek tapatu egiten zituzten belarriak; bihotza lorietan nintzen ni. Ez Weber-en koru batek, ez Beethoven-en sinfonia batek, ez Mozart-en melodia batek sorrarazi dute inoiz gaizki harriztatutako bide batean gaizki koipeztatutako bi gurpil horien karranka haserreak ene baitan sorrarazi zuena loriazkoz eta ezin esan ahalakoz.

Orga urrundua zen, zarata ahuldua zen emeki, eta mendian galtzen zen heinean haurtzaroaren berragertze izarniatsua itzali egiten zen ene gogoan; gero oro zen urtu, eta nitaz beste zalerik ez zuen kantu horren azken nota urruntasunean suntsitu zelarik, bet-betan jin nintzen errealitatera, orainera, bizitzara, gaura.

Bedeinkatua izan dadila itzain ezezagun hura, ene pentsamenduari distira eragiteko eta, jakin gabetarik, ene arimaren oroitze magiko hau sortzeko ahalmena ukan duenez! Dakiola zerua amestiaren espiritu iluna ezusteko argitasunaz alaitzen duen bidezkoari!

Adiskide, honek bete egin du ene bihotza. Egun ez dizut besterik idatziko.

OROITZAPENA

Itzulpena: Koldo Izagirre.

Liburua: Idi orgaren karranka (Elkar, 2002).

Azalpena: Duela 150 urtekoapirilaren 3an argitaratu zen Victor Hugoren Les Misérables nobelaren lehen zatia. Ez dago euskaratua, baina haren bestehainbat lan, bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.