LATZEN
'Denboraren orbainak'
Diskoetxea:ÂMaldito Records
.
Estudioko azken diskoa atera zutenetik 27 urte eta azken itzulera egin zutenetik hamazazpi pasatu diren honetan, oñatiarrak berriz ere bueltan datozkigu, zerekin eta disko batekin. Hamar kantu berri, labetik atera berriak ia, diskoa abenduaren 5ean argitaratu baitzuten. Zaila den arren 90eko hamarkadan atera zituzten estudioko bi lanen maila lortzea, disko oso txukuna eta interesgarria egin dute, zale zaharrak asebetetzeko modukoa, batetik, eta heavyaren zale berriak erakartzekoa, bestetik.
Gasteizko Silverstar estudioan grabatu dute lana, Iker Bengoaren gidaritzapean, eta eskema nahiko sinpleak baina eraginkorrak erabili dituzte hala kantuen konposizioan nola exekuzioan, baina muskulua ere sobera erakutsi dute kantu gehienetan. Riffei garrantzia emanez, oinarri erritmiko sendoa ezarriz eta Aitor Uriarteren ahotsa ondo baino hobeto dela, zuzenekoetarako gasolina hutsa diren hainbat pieza dotore egin dituzte. Diskoaren hasiera oso gogorra da: lehenik eta behin, Txori txarrak riff oso markatua duen heavy metaleko pieza sendoa da. Gainera, bi ahotsetako koruek oñatiarren marka eta estiloa markatzen dute. Bestalde, Memento Mori gitarra oso itsaskorrek ezaugarritzen dute, berehala buruan sartu eta atera ezin den kemena dauka, eta errepika iradokitzailea, garailea eta melodikoa da, gitarrak melodikoak diren bezalatsu.
Diskoaren lehen erdia borobila da: Eutsi! dardaratsua da, eta gitarrekin egindako lan oparoa dakar. Balada heavy bat ere badaukagu: Heroi direnak. Eztanda egitea kostatzen zaion arren, hirugarren minututik aurrera hasten da power ballad bihurtzen, eta bere osotasunean halakoxea da: balada heavy ez bereziki lehergarri edo erasokorra, baina estandar guztiak era egokian betetzen dituena. Gero, Dogma tematiak egiten duen erasoa dantzagarria eta adiktiboa da, nolabait esateko. Denboraren orbainak izeneko minutu eta erdiko instrumentalak oina azeleragailutik altxatzen du, geroago etorriko denaren zain.
Azken lau kantuetan lan tekniko polita egin dute: Arnasbideak, dena den, apur bat ezberdina da, nahiko poliki (baina astun) doalako, eta, beste kanturen batean bezala, ahots melodiek Alice in Chains-en jokoak gogora ekarri dizkigutelako. Kantu horrek, oraindik oldarkorrago izanez gero, onenen artean egon behar luke derrigor. Txarriboda-n ere Uriarteren ahotsa benetan estimulatzailea da, teknikoki landua eta nota altuenetara iristeko inolako arazorik ez duena. Zauria-ren akorde pausatuek, ahots joko dotoreak eta gitarra bikoiztuek oraindik eta urrunago irits zitekeela iradokitzen digute.
Azken agurrak berri onak dakarzkigu: Zilarrezko kaiola-k aurreko bizpahiru kantuetan faltan sumatu dugun abiadura dauka. Thrash metalera ere hurbiltzen dira, eta gogortasunean diskoko lehenengo hiru kantuekin lehian dago. Horiek horrela, itzulera disko aberatsa eta kalitatezkoa egin dute, garai mitikoenetatik gertu kokatu dira, eta hori pozgarria da edozein metalzalerentzat. Kontzertuak ere ez zaizkie falta, eta Euskal Herrian ez ezik Espainiako Estatuko hainbat jaialditan ere joko dute datorren urtean.