«Nire lanari buruzko zehaztapen batzuk eman nahiko nizkizueke, baina horretarako atzera jo behar dut». Igshaan Adams artistak abiapuntu ezin umilago horrekin abiatu du Bilboko Guggenheim museoan jarri berri duen Hautsa harrotzen: Gorputzaren artxiboa erakusketari buruzko aurkezpena, baina, ohartzerako, erakusketa osatzen duten tapiz erraldoietan hari, plastikozko apaingarri eta oihal puskak elkarrekin harilkatzen diren bezain era trinko eta organikoan hasi dira haren azalpenetan ere elkarrekin ehuntzen eta nahasten Hegoafrikako apartheid sistemaren historia, bere homosexualitatearen onarpena, erlijio erritu sufiei buruzko oharrak, arte garaikideari buruzko gogoetak eta barne bakea lortzeko egindako bilaketa intimoaren kontakizunak. Azaldu duenez, zintzotasun osoz jardunez baizik ezin baita lortu ikusleak ere lan horietan bere burua identifikatzea.
Adams 1982an jaio zen, Lurmutur Hirian, eta artista ezaguna da egun. Museoko arduradunek duela bi urte egin zioten Frank Gehry arkitektoaren eraikineko aretorik bihurri eta berezienetako batean esku hartzeko proposamena, In Situ programaren barruan, eta sortzaileak berehala igarri zuen jarraitu beharreko bidea. Guztira, hamar tapiz erraldoi eta sabaitik zintzilikatutako 11 eskultura kiribildu eta arin bildu ditu lehen solairuko gune horretan, eta mugimendua dute denek oinarrian. Batetik, Atenasen egindako dantza saio batzuen tapizerako itzulpen moduko bat dira oihal erraldoiak. Eta, bestetik, nama herriko dantzariek lurra joz harrotutako hauts hodeien oroitzapena biltzen dute eskulturek. Azaroaren 1era arte egongo dira ikusgai artelanak, eta obra horiei buruz hitzez hitz emandako azalpenen lekukotza da ondorengoa.
Performanceak
«Beti esaten dut apartheidaren egitura oso argi ikus zitekeela gure etxean bertan, oso jende ezberdina bizi ginelako bertan. Nire aita, esaterako, pixka bat ilunagoa zen, eta beti pentsatu dut horren araberako tratua jasotzen zuela. Nire anaia, berriz, pixka bat argiagoa zen, eta tratu hobea jasotzen zuen. Denborarekin, homosexuala nintzela jakin nuen, eta musulmana ere banintzen, eta horrek barne gatazka handiak sortu zizkidan. Horregatik, gazte nintzela, 20 urte bete berritan, astuntasun moduko bat sentitzen nuen.
Sentitzen nuen ez nengoela bizitzarako prest. Ez nuen sentitzen bizimodu ona eduki ahal izateko azpiegiturarik nuenik. Jendea bakean sentitzeaz aritzen da, baina nola izan nintekeen ni bakean, bizi izan nituenekin? Baina, orduan, halako batean, bake sentsazio hori lortzeko esfortzua egingo nuela erabaki nuen, eta hainbat gauza egin nituen, konpondu edo berrantolatu beharrekoa iruditzen zitzaidan nire baitako gune horretara heltzeko. Han baziren ezabatu beharreko gauza batzuk. Hustu egin behar nuen zaborrez bete zitzaidan gune hura. Txukundu egin behar nuen.
Aita gonbidatu nuen elkarrekin performance bat egitera. Performance hartan, islamiar errituetan hildakoen gorpuak ehorzketarako garbitzen eta prestatzen diren bezala garbitu eta prestatu ninduen ni ere. Noski, ni ez nengoen hilda, baina nire bertsio gazteago bat hiltzen ari nintzen: bere aita munstro bat balitz bezala ikusten zuen, eta harekin harremanik eduki ezin zuen ume hura ari nintzen hiltzen. Ikaragarri eraginkorra izan zen erritual hura, eta argi ikusi nuen jarraitu egin behar nuela.
Orain urte asko joan dira, eta gauza asko egin ditut. Amarekin ere egin ditut performanceak, baita nire familiako eta inguruko beste hainbat kide esanguratsurekin ere. Bakean sentitzen naiz orain, edo behintzat baditut bake eta zoriontasun uneak ere nire bizitzan. Azken urteetan artea eta joskintza baliatu ditut nire baitako mundua lantzeko, eta, emaitza ona izan den arren, oraindik ere badaude gauzak».
Joskintza
«Emakume artean hazi nintzen. Ni, aitona eta nire anaia bat ginen gizonezko figura bakarrak emakumez betetako etxe hartan, eta guri ere neskei emandako hezkuntza bera eman ziguten, eta, beraz, josten ikasi genuen. Gerora, pintatzen hasi nintzen, eta kostata onartu nuen ez nuela pintatzea hainbeste maite. Alternatibak bilatzen hasi behar izan nuen, ordea, finantzaketa arazoak zirela eta, eta, josteko makina bat banuenez, orduan egin nuen aldaketa. Orduan ohartu nintzen zenbat maite nuen oihalen eta harien sentsualtasuna eta ukigarritasuna. Orduan maitemindu nintzen lehenengoz materialekin».
Dantza
«Denbora batez irakasle sufi bat izan nuen, zeinak mugimendua erabiltzen baitzuen geure baitako alderdi espiritualik sakonenetara heltzeko. Orduan jakin nuen mugimendua zela gakoa. Mugimendua da gorputzaren lengoaia, eta banekien horrek ateak irekiko zizkidala. Koreografoa den eta Hegoafrikan dantza konpainia bat duen osaba batekin hitz egin nuen, hemen bildutakoen moduko dantzen irudi batzuk sortzeko. Eta duela bi urte inguru Atenasen erakusketa batean parte hartzeko deia jaso genuen.
Dantza konpainia harekin joan ginen, eta dantzarako gunea prestatzea izan zen lehen lana. Lehenik, linoleuma jartzen genuen lurrean, eta pintura eta tinta botatzen nituen gero haren gainean. Oihal zuri bat jartzen genuen gero pintura horren gainean, eta dantzariei oihal horren gainean dantzatzeko eskatzen genien. Monotipo moduko bat sortzen zuen horrek, eta, amaitutakoan, oihala jaso eta azpian zer gertatu zen ikusten genuen. Eta geruzak ere sortu ahal izan genituen, bost edo sei egunen buruan, berriz ere oihal horien gainean jartzen genituelako dantzan dantzariak.
Irudi horiek estudiora eraman nituen, eta nire material propioak eta oroitzapenak baliatu nituen dantzaldi haietan bizi izandako bizitasun hura harrapatzen saiatzeko. [Eta, hain zuzen ere, erakusketaren atal didaktikoan elkarren ondoan ikus daitezke dantzariek margotutako oihal horietako bat eta hura oinarri hartuta Adamsek sortutako tapiza ere]».
Eskulturak
«Nire amaren senideak nama herrikoak dira. Hegoafrikako iparraldean bizi den herri indigena dira namak. Gazte ginela, tarteka, hara eramaten gintuzten. Gauez, sua pizten zuten, animaliaren bat hiltzen zuten, eta dantzan aritzen ziren euren ospakizunetan. Lurra ostikoka jotzen zuten dantza haietan, eta hauts hodeiak sortzen zituen horrek. Lurretik altxatzen ziren hondar hodei haien atzean ikusten ziren dantzarien figurak. Ikaragarri ederra zen. Oroitzapen hori itsatsita geratu zitzaidan, eta erakusketan ikus daitezkeen eskulturak sortzeko erabili ditudan erreferentzietako bat izan dira. Hodeiak direla esaten dugu, baina, noski, alanbreak eta apaingarriak baino ez dira eskultura horiek. Baina, era berean, niretzat, gainetik kendu behar ditugun gauzak ere irudikatzen dituzte».
Apartheidaren lorratza
«COVID garaian lehen aipatutako astuntasun hori bera sentitu nuen Hegoafrikari buruz, ez nuelako sentitzen herrialdea aurrera egiten ari zenik. Oraindik ere indartsua da segregazioa. Nire tailerrean ere ikusten dut hori, jende asko biltzen baita han. Baina, era berean, ez dut uste inoiz aurrera egingo dugunik. Minak eta zauriek harrapatuta gauzkate. Gainera, egitura ere ez da aldatu. Egungo Hegoafrika duela 30 urteko Hegoafrikaren oso antzekoa da, nahiz eta izan diren mugimendu txiki batzuk ere.
Edonola ere, COVIDaren garaian Google Earth erabiltzen hasi nintzen, eta gazte nintzela ezagutu nituen auzoei erreparatu nien. Lurmutur Hirian, apartheidaren urteetan, hesi altuak eta errepideak eraikitzen zituzten komunitateak bereizteko, baina Google Earthi esker, desio bideak deitutakoak ere deskubritu nituen. Jendeak ibiliaren ibiliz sortzen dituen aurreikusi gabeko bidezidorrei esaten zaie horrela, eta bide horiek gurutzatu egiten zituzten garai bateko muga horiek. Esperantzarako sinbolo bilakatu ziren niretzat, eta haiekin obsesionatzen hasi nintzen.
Dantzari heldu aurretik, urteak eman nituen desio bide horiei begira. Dokumentatu egin nituen, eta zerbait mugitzen ari zela adierazten dutela uste dut, bide horiek ez liratekeelako existituko baldin eta jendea beste komunitateetara joango ez balitz.
Lurmutur Hirian, apartheida indarrean zegoenean, hondartzak ere bereizita egoten ziren udan. Hondartzaren parte txiki batean biltzen ginen bigarren mailako herritartzat jotzen gintuztenak, eta zurientzat edo lehen klaseko herritarrentzat izaten zen gainerako hondartza guztia. Baina orain joaten bazara, 30 urte geroago, ikusiko duzu nire komunitatea izandakoak eman zitzaigun hondartzaren baztertxoan jarraitzen duela oraindik ere. Interesgarria da muga fisikoak nola bilakatzen diren muga mental, eta halakoak askoz ere zailagoak dira gainditzeko, batzuetan ez baitzara ohartu ere egiten hor daudela. Horregatik, desio bide horiek esperantza pixka bat eman zidaten esperantza beharrean nintzen garai hartan».
