«Inoiz idatziko dut nik nobela horietako bat?». Bere buruari galdera egiten amaitzerako egin du atzera Miren Agur Meabe idazleak (Lekeitio, Bizkaia, 1962). «Galdera enkistatua da hori: badirudi kostatu egiten zaidala egiten dudanaren balioan sinestea». Uneka… gaba ipuin bildumarekin hasi zuen ibilbidea, 1988an, eta, geroztik, bi emari nagusi izan ditu haren literaturak. Autofikzioaren koordenatuetan koka daitezkeen prosazko hainbat lan eman ditu argitara, batetik: Kristalezko begi bat eleberria (2013, Susa) eta Hezurren erretura (2019, Susa) narrazio bilduma dira horren erakusgarri. Eta, beste aldetik, lau poesia liburu ere kaleratu ditu: hala nola Azalaren kodea (2000, Susa) eta Nola gorde errautsa kolkoan (2020, Susa). Eta, orain, bi ildo horiek hartu eta haiekin begizta moduko bat osatu du bere azken lanarekin, poemaka kontatuta egon arren Irati izeneko neska gaztearen heriotzari buruzko ikerketa kontatzen baitu Amorante frantsesa eleberriak (Susa).
«Piano konpositore bati buruz ari ziren lagun batzuk aurrekoan», hasi du azalpena, «eta nola piano konpositoreek tarte handia daukaten pianoan». Eta Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzako bere bulegoan, orduan, piano baten gainean mugituko balitu bezala mugitu ditu hatzak idazleak elkarrizketa laguntzeko ekarritako oharren gainean; mugimendu horiekin, nolabait, nobela sendo horren mamua uxatu ahalko balu bezala. «Eta, beraz, pianoaren tarte zabal horretan, batzuetan, ba, igual egin ditzakete akorde oso dentsoak eta oso ilunak, eta gero, beste batzuetan, berriz, txori baten txorrotxioa eman dezakete, eta tarte zabal hori baliatu nahi dut nik, nahi dudanean hemen mugitu eta nahi dudanean han».
Nobelaren konbentzioen ertzak esploratzen dituzten nobela batzuk idatzi dituzu orain artean, eta, era berean, ibilbide luzea egin duzu poesian ere. Eta, hain justu, bi ildo horiek batzen ditu lan honek. Kasik irudi du une hau iritsi egin behar zela.
Jendeak galdetzen didanean, «baina zuk asmatu duzu formatu hau?», baietz erantzun nahiko nuke, baina ez. Nazioartean halako asko daude, eta nik izan dut erreferentzia literario oso argi bat. Josune Muñoz lagun eta eskolastikako arduradunak Dorothy Porter idazle australiarraren nobela bat pasatu zidan orain hiru edo lau urte. Berak idazten zuen nobela beltza eta idazten zuen poesia, eta bururatu zitzaion bi iturriak batzea. Igual antzeko zerbait egin nezakeela pentsatu nuen, baina ahal banuen, urrats bat aurrera eginda, poema mota desberdinak konbinatuz, eta ez bakarrik narratibari jarraituta, baizik eta bestelako usain batzuei ere segituz, eta poema katalogo desberdin bat eskainiz. Natura agertzen denean poema mota bat erabili nahi izan dut nik, eta, beste batzuetan, errima tradizionalak txertatu, herri oihartzunak...
Dorothy Porterrez gain, Diane Wakoski izan da liburu honetako beste zehar-lerro literario eta emozional inportantea. Haren aipuek ematen diote hasiera liburuko atal bakoitzari: nortasunari buruzkoek, desamodioari buruzkoek, bizitzaren esanahiari buruzkoek.
Autofikzioaren bueltan ibili dira orain arteko zure nobelak, eta hau, berriz, fikzioa da.
Fikzioa da, bai, baina baditu ezaugarri batzuk autofikziozkoak izan daitezkeenak.
Adibidez?
Hasteko, Agurtzane ipini diot izena protagonistari. Beraz, ni banago. Eta Wakoskik ere, adibidez, M izeneko bati idatzi izan dizkio bere poemak, eta nire lanetan ere presentzia du M-k. Orain bizialdi literario batetik alde egiten ari naiz, baina ezin dut ate hori bortizki itxi, nahiz eta azken liburua 2020koa izan. Banoa nire habitat literarioa izan den autofikzio edo autoimitazio horretatik irteten, eta beste norabaiterantz abiatzen, baina bidaia egin behar dut, eta hau da, nire ustez, bidaia horren lehen pausoa. Ez dakit nobela sendo eta klasikoago bat idazteko pultsurik badudan; agian ez daukat, eta horregatik asmatzen ditut horrelako estrategiak nire sormena bideratzeko.
«Orain bizialdi literario batetik alde egiten ari naiz, baina ezin dut ate hori bortizki itxi»
Liburuan umore asko dago. Orain arte ez duzu kolore hori askorik erabili.
Liburu honetan jolas gehiago egon zedin nahi izan dut. Umorerako joera hori badut, baina orain arte inoiz ez da liburuetara pasatu. Uste dut nire ibilbidean jada erakutsi dudala ahalegin bat idazle seriotzat hartua izateko, eta orduan, jada adinean sartuta, pentsatzen dut badudala lizentzia nahi dudana egiteko.
Eta zergatik hasi da orain umorea azaleratzen?
Jada ez nagoelako lehen aipatu dizudan bizialdi literario eta emozional horretan. Urte asko eman ditut gertatu zaizkidanak kudeatzen, eta literatura izan da horretarako nire salbazio ohola. Idazten eta idazten aritu naiz, eta uste dut igartzen dela hori, liburu pila bat idatzi baitut, adin guztietarakoak, eta orain ikusten dut jada liburu honekin literarioki eta bitalki hortik aldentzeko bide horretan noala eta desinhibituago sentitzen naizela. Eta horregatik agertzen da gehiago umorea. Orain askeago sentitzen naiz. Ez dut hain estu hartzen neure burua, ea kontatzen dudana interesgarria den ala ez.
Kezka hori izan duzu?
Bai, hori betidanik. Gaztetatik, beti. Hau interesgarria da? Zilegi al da nire barru mundua azaleratzea, nahiz eta asmo artistiko bat izan? Galdera horrek beti lagundu nau. Poesian baduzu hori egiteko baimen moduko bat, beste ulermen mota bati deitzen diotelako poemek, baina Kristalezko begi bat argitaratu nuenean, zalantza hori oraindik zorrotzagoa zen. Baina prosak beste konbentzio bat du. Eta zalantza nuen egiten nuenak niretzat ez ezik beste inorentzat ere interesik izango ote zuen.
«Uste dut nire ibilbidean erakutsi dudala ahalegin bat idazle seriotzat hartua izateko, eta, jada adinean sartuta, pentsatzen dut lizentzia badudala nahi dudana egiteko»
Eta nola egin duzu aurrera kezka horrekin?
Arriskua hartuta. Eta fidagarriak diren hiruzpalau irakurle laguni testua pasatuta. Batzuetan haiek esan izan didate pasatu egin naizela, edo gehiegi esan dudala, eta lagundu didate pixkatxo bat mugatzen. Ez asko. Arriskua hartu nuen Kristalezko begi bat-ekin, eta Nola gorde errautsa kolkoan? liburuak ere baditu arrisku asko. Izan ere, liburu sendoa, barrokista eta kulturalista da, baina poesia da. Eta hemen, oraingo liburuarekin dator, nire ustez, hurrengo arriskua. Baina arrisku hau hartzeko ez dut izan horrenbesteko beldurrik, beste talaia batetik idatzita dagoelako, bake batetik, ez dudalako hemen beldurrik inori minik egiteko. Hori da autofikzioaren alarmetako bat, ezta? Konturatu gabe, min egin diezaioket nire ingurune hurbilekoren bati.
Eta zein da orain hartu duzun bidearen arriskua?
Nobela arrosarena.
Hori da zure alarma?
Maitasun nobela idatzi nahi dut; eta, gainera, jendeari erdi txantxetan esaten diodanean, haien sentsibilitatea edo horrek izango duen harrera testatzeko, beti jasotzen dut baiezko jarrera. Eta ez dakit arrosa, fuksia, malba edo zelakoa izango den, baina nahiko nuke idatzi maitasun istorio bat, beti bezala, gai sozialak ere ekarriko dituena.
Liburu honetan zentrala da amodioa. Sentimendu bera ezagutzen dute nobelan hala hilda agertzen den Irati gazteak nola haren heriotza ikertzen duen Agurtzane narratzaileak. Nerabezaroaren indar inarrosaldi horretan maitemintzen da lehena, eta nagusitasunaren patxadan deskubritzen du berriz amodioa bigarrenak.
Kontuan hartu behar dugu Irati adoleszentzia betean dagoela. Bota dezakegu 19 urte edo badituela, eta Agurtzane 60 urte inguru beteta dago jada. Baina berak birloratzeko irrika hori sentitzen du, eta berriz maitatzeko eta maitatua izateko ahaleginetan hasiko da. Horregatik ematen du izena jendea ezagutzeko plataforma batean. Ez da emakume pasibo bat; bizitzan gorabehera latzak izan dituen emakume bat da, eta aurreko harreman batek utzitako lorratz itsusi bat duena, baina, hala ere, berak aurrera egin nahi du. Eta Iratiren heriotzari buruzko ikerketa horretan zenbat eta gehiago inplikatu, orduan eta gehiago ikertzen du beste ikerketa paralelo horretan ere. Ez da guztiz baliokidea, baina, kasua argitu ahala, bere bizitza ere argituz doa.
Maitasunaren pozarekin batera, haren itzala ere garrantzitsua da nobelan. Hala deskribatzen du Agurtzanek amodioa, Iratiren ispiluan: «Maitasuna uhal puta bat da batzuetan».
Zer arrisku duen maitasunak, maitasun erromantiko eta toxikoak, bereziki emakumeentzat. Bere arrazoia eta bere esperientzia baliatuz, Irati harreman korapilatsu batean egon dela ondorioztatzen du Agurtzanek.
«Urte asko eman ditut gertatu zaizkidanak kudeatzen, eta literatura izan da horretako nire salbazio ohola»
Erronka literario konplexuentzako soluzio tekniko oso zehatzak topatu dituzu liburuan. Nobelako pertsonaia bakoitzari hitz egiteko modu propio bat sortu diozu, esaterako. Agurtzaneren ahizpa mintzo denean, adibidez, silabak bereizita idatzi dituzu, eta Kaladun gizona izeneko pertsonaiak puntu etenekin amaitzen ditu esaldiak beti.
Pertsonaia bakoitzari bere hizkera eta bere nortasuna ematea da zailena. Ahalegindu nintzen pertsonaia bakoitzari estilo bateko poema bat egokitzen, eta puntuazio ikurrekin ere jolasten. Gizon kaladuna oso pertsona sentibera eta samurra denez, beti mintzatzen da eten puntuekin. Errepikapen estrategikoak dira, irakurlearen begiek identifika dezaten pertsonaia hori bere mintzaldiarekin. Eta, adibidez, ertzaina agertzen denean poemak beti ditu hiru lerroko ahapaldiak zangalatrauekin, halako soneto faltsuen aire batekin.Narratiban, pertsonaien ahotsak bereiztea da gauzarik zailena.
Eta kasu honetan, gainera, hori lortzeko toki oso murritza daukazu. Eskalan arituz erantzun behar izan diozu nobelagintzaren erronka nagusietako bati.
Toki gutxi da, bai, baina orrian zuriuneak egoteak arnasguneak ematen dizkio irakurketari, eta modu naturalagoan-edo baimentzen du estilizazioa. Hori da narrazio honen ezaugarrietako bat, oso estilizatua dela. Ezin zara detaile soberakoetan edo pertinenteak ez direnetan geratu.
Erotismoa ere badago testuan. Zure poesian maiz topa daitekeen sentsorialtasuna dute nobelako poemek ere.
Bai. Zentzumenen bidez eratzen ditugu harremanak munduarekin, eta sentsorialtasuna konstante bat da nire obran, baina ez bakarrik erotismoaren ikuspuntutik. Naturari buruzko deskribapenetan edo Agurtzanek naturarekin duen binkulazio afektibo horretan ere badago sentsorialtasuna. Soinuak, basoko argiak, txorien kantuak, hori dena. Baina hori dena landu izan dut lehen ere. Umorea da hemen elementu berria, eta umorearekin batera, suspensea edo misterioa ere bai.
«Epopeia klasikoetan ez bezala, hemen ez dago izaki magikorik, baina badaude kointziditzearen bitartez gure sinpletasunaren transzendentzia begi bistan jartzen diguten elementuak»
Eta badira poema lirikoago batzuk ere tartean. Emankorra egin zaizu kontakizun osoaren eta poema bakoitzaren arteko tentsio hori?
Hasiera-hasieran, istorioa kontatzeko beharrezkoak ziren 106 poema nituen, baina gero, nire konfiantzazko lagun pare bati eta Leire Lopez editoreari eman, eta haiek esan zidaten elipsia batzuetan bortitzegia zela irakurlearentzat, eta hori nolabait konpondu behar zela trantsizio poema gehiago sartuta. Eta beste alde batetik, esan zidaten lehen bertsio hartan hasierako detonantea, Iratiren heriotza, bizkorregi agertzen zela. Orduan beste piezatxo batzuk tartekatu nituen han eta hemen, Agurtzaneren eguneroko bizimoduari ere indar handiagoa emateko.
Agurtzane atezaina da ikastetxe batean, eta eguneroko bizitza erabat xumea da harena, baina liburuak erakusten du heroikotasunarekin mugakide izan daitekeela xumetasun hori.
Horregatik esaten dut liburu hau neurri batean epopeia moduko bat dela. Antiheroi baten bizitza arrunta da Agurtzanerena, baina azaña bat lortzen du. Horrekin erakusten da edozein bizitzak izan dezakeen alde abenturazalea, baita alde konprometitua ere, egiaren aldekoa edo norbaiti laguntzekoa.
Epopeia klasikoetan naturaz gaindiko elementuek ere hartzen dute parte, jainko edo jainkosaren batek, adibidez, baina hau lan garaikidea da, eta ez dago halakorik, baina badaude neurri batean magikoak diren zenbait elementu. Ez dago izaki magikorik, baina badaude kointziditzearen bitartez gure sinpletasunaren transzendentzia begi bistan jartzen diguten elementuak.
Poematan idatzitako nobela. Gustatu zaizu formatua? Hurrengoa ere horrelakoa izango da?
Berdin-berdina ezin da izan, baina nik ezin dut idatzi nobela sendo bat. Ez dakit ahalko nukeen. Egunen batean egingo dut nik nobela bat? Ba, jarraitzen badut, eta jarraitzen badut, igual bai. Baina hori egin behar al da?
«Idaztea da nire bizitzeko modua eta beteta sentitzeko modua. Bestela ez nago gustura nire gorputzean, nire azalean»
Hau da betiko paradoxa. Idazle bizitzan ere zailtasunak daude idazteko tarteak hartu ahal izateko.
Batez ere uztailetik abendura hartzen dut nik idazteko tartea, eta uztailetik abendura niri berdin zait eguzkia egon ala ez: bost-sei ordu sartuko ditut idazten egunero. Nire bizitzeko modua da, eta beteta sentitzeko modua. Bestela ez nago gustura nire gorputzean, nire azalean. Horregatik, urtarriletik ekainera eskola saio eta bidaia gehiago egiten ditut. Udan etenik gabe idazten dut. Nire bizimodua oso sobrioa da. Goizean goizetik jartzen naiz idazmahaian. Askotan esan dut moja bat naizela, eta barre egiten didate. Moja. Ze moja, daukazun bizipenak eta dauzkazun lagunak edukita. Eta egia da. Baina lanerako oso-oso diziplinatua naiz.
Euskaltzaindian egin duzu hitzordua, euskaltzain osoa ere bazarenez gero. Nola bizi duzu alor hori?
Euskaltzainok hileroko bilkura osoa egiten dugu, baina gero batzuk hainbat batzordetan gaude. Aurten, gainera, barne jardunaldiak egin ditugu, lau urtean behin izaten direnak, erakundearen 2028ra arteko ardatz estrategikoak birdiseinatzeko, eta literatur batzorde bat eratzea izan da ardatz horietako bat. Eta nahiko genuke, behintzat, Literatura Batzordearen bitartez Euskaltzaindiaren irudia gehiago gizarteratu, kontsumo kulturalekoak-edo izan daitezkeen ekintzak ere antolatuta, eta ez soilik literatur azterketa kritikoarekin zerikusia daukaten ekintzak.