Txiki samarra da Eva Salaberriaren (Donostia, 1964) bulegoa. Betea, gainera. Bi taula dauzka zintzilik, eta horiek post-it arrosa eta urdinez josi ditu. Anabasa ordenatu samarrean, hamaika karpeta, familiaren zein lantaldearen argazkiak han eta hemen, liburuak dozenaka, eta katalogoak beste hainbeste. Lehen kolpean itogarria izan daitekeen horri leihoak ematen dio arnasa. Horrek dauzkan bistak. Donostiako badia, kaia, Igeldo, Santa Klara uhartea... Datozen urteetan txoko horietan, hirian, pertsonek eraldaketa kultural bat egitea amesten du Salaberriak.
Donostia 2016ko Europako kultur hiriburua da jada ofizialki. Beraz, bukatu da zuek trantsizio fase deitu diozuena. Hurrengo lau urteetan zenbat fase edukiko ditu egitasmoak?
Guk aurreikusitako proiektu orokorra kontuan hartuta, hurrengo fasea 2013 bukaera arte, 2014 hasiera arte luzatuko litzateke. Inportantea izango da. Prozesuak martxan jarriko direlako eta proiektuak definituko dituzten lan sistemak abiaraziko direlako. 2016ko programazioaren zati bat jada definituta dago, baina beste puska bat aterako da prozesu honetatik sortuko diren aukera, egitasmo eta ideietatik.
Hortaz, beste bi fase edukiko ditu.
Tira... Bata 2014 arte, bestea 2016 arte luzatuko dena, eta, azkenik, 2016tik aurrerakoa. Izan ere, proiektua ez da 2016aren bukaeran amaituko.
Hurrengo urteetan zein aldaketa nabarituko dituzte hiritarrek haien egunerokoan? Proiektuak proposatzen duena eraldaketa bat baita...
Nabarituko dute, adibidez, aukera gehiago sortuko direla orain arte egiteko zailak ziren gauzak aurrera eramateko orduan. Beti esan dugu gure egitasmoaren helburua ez dela programazio bat egitea, egongo den arren. Helburua lan dinamikak aldatzea da. Eta horrek esan nahi du, bada, esaterako, orain arte zenbait gune erabiltzea zaila baldin bazen, egoera horiek aldatzen hasiko garela erraztasunak ahalbidetzeko.
Adibideren bat eman al dezakezu?
Donostiako eragile batek kultur arloan nekez lan egiten du Azpeitiko, Uztaritzeko edo Durango batekin, adibidez. Horrelako esperientzia edo proiektu gutxi ikusi ditugu. Arraroa izaten da. Bakoitzak egiten ditu bere gauzak, baina gure herrian kultur arloan sare lana egitea nahiko zaila da. Ez daude horrelako adibide asko. Gaur egun dauden esperientzia bakan horiek zabaltzea, normalizatzea, da gure asmoa.
Eta nola bultzatzen da asmo hori?
Aukerak sortuz. Gure lurraldeko eragile askok gure proiektuak markatutako helburuak partekatzen dituzte. Adibide sinple bat jarriko dizut. Lesakako Bandak eta Leitzako dantzari taldeak zein abesbatzak produkzio bat egingo dute Zugarramurdin, bihar, Olatu Talka jaialdiaren barruan. Astigarragan, berriz, Gipuzkoako 18 musika eskolatako kideek flauta topaketa bat egingo dute. Bi adibide horiekin esan nahi dut aukerak sortuko ditugula horrelako topaketak gertatzeko.
Pertsonak erdigunean jarriko dituen kultur politika bat egitea da zeuen proiektuaren ardatza. Nola gorpuzten da hori?
Fokua non jartzen duzun, gauzak modu batera edo bestera egingo dituzu. Inportanteena da guretzat pertsonok egiten duguna, guneen edo azpiegituren gainetik. Horrek, beraz, lan egiteko estilo bat markatzen du. Gure proiektuak, hain zuzen, lan egiteko estilo bat bultzatu nahi du. Eta ez soilik gure proiektuak. Hori nabarmendu nahi nuke. Ez da guk asmatutako zerbait. Ez gara besteak baino azkarragoak. Gure gizartean jada badago lan egiteko modu hori. Proiektu hau parte-hartzearen bidez sortu da, eta jendeak hori eskatzen du. Jendeak esaten du ekintzak egiten direla, azpiegiturak baditugula, materiala badugula, baina hori dena pertsonentzako dela ahazten dugula. Gure proiektuak egin duena da gizartean dagoen ideia bat hartu, eta agerian jarri.
Eta zein pizgarri eman zaizkio jendeari proiektuan sinets dezan?
Noizbait egin nahi izan zuen hori gauzatzeko aukera eskaini zaio jendeari. Eta, batez ere, esperientzia bat. Nik uste dut proiektu hau ... Agian, ez da entenditzen... Igual, ez da ulertu beharreko proiektu bat, bizi beharrekoa baizik.
Kontzeptu mordoa erabili dituzue bultzatu nahi duzuen transformazio soziokulturala gauzatzeko. Baina, autokritika gisa, zeuek ere onartu izan duzue gauza ukigarriagoak egitea falta izan zaizuela.
Orain arte prozesua sortzen, kontzeptualizatzen eta horri forma ematen lan egin dugu.Orain, aldiz, kontzeptuetatik praktikara pasatu behar dugu.Baina egia da proiektua ukiezinetan oinarritzen dela. Hitz egiten dugunean lan dinamikak aldatzeaz, zuk zeuk esaten duzu: «Zer esan nahi duzu?». Hori esplika daiteke, baina, batez ere, bizi egin behar dena da. Gure proiektuak esperimentazioa bultzatu nahi du. Pertsonak eta emozioak, hori da kultura.
Igual, kontzeptua bera nahiko abstraktua delako ez du jendeak behar bezala barneratu?
Arlo horretan erronka handi bat daukagu, baina behin eta berriro errepikatzen dena, jendeak ez duela barneratu... Nik ez daukat hain argi barneratu ez duenik. Igual, ezin du azaldu hitzekin, baina nik uste dut jende askok ikusten duela nondik nora joango den proiektua.
Nola dakizue mezua iritsi dela herritarrengana, zuek proposaturiko balioak barneratzen ari direla, eta ez dutela ekintzetan parte hartzen plazer, denbora-pasa edo kuriositate hutsagatik?
Denetarik egongo da, eta hala behar du, gainera. Gure ardura da bideratzen ditugun proiektuen aukerak egoera ezberdinetan dauden pertsonei egokituta egotea. Batzuk asko inplikatuko dira, eta beste batzuk ikusleak baino ez dira izango. Halere, inplikatzeko eta ikusle izateko moduak daude. Argi dago, baina, proiektuaren bokazioa eraldatzailea dela.
Jendea eraldatze prozesuaz kontziente al da?
Jendea?
Parte hartzen dutenak.
Guk egunero ikusten dugun zerbait da. Jende asko dago galderak egiten dizkiona bere buruari.Pertsona asko daude aldaketa garai batean gaudela pentsatzen dutenak. Eta gure eguneroko beharrei ematen genizkien erantzunetako askok jada ez dute balio. Galdera berriak, erantzun berriak. Jende asko dago pentsatzen duena kultura eta hezkuntza direla galdera berri horiei aurre egiteko tresnak. Zergatik hartu du proiektuak bide hori? Gure herrian esperientzia berritzaile asko daude testuinguru jakinetan. Horiek lotzen baditugu, eta lotzen baditugu, gainera, beste toki batzuetan dauden erantzunekin... Hori da gure helburua: gure herriari, eta krisian dagoen Europari, kultura eta hezkuntza ematea.
Izendapena baieztatu baino lehenago esan zenuen prozesua zela proiektuaren indargunea. Urtebete lehenago, aldiz, egitasmoa transmititzea, gauza zehatzetan sartzea, falta izan zitzaizuela adierazi zenuen. Orain?
Dudarik gabe, proiektuaren ardatza prozesua da. Izan ere, errealitatea ez da egun batetik bestera aldatzen.
Baina urte bat dago, edukiz bete behar dena.
Mugarri bat dago: 2016 urtea. Baina eraldatze prozesua ez da ez hori baino lehenago hasten, ez ondoren bukatzen. Europak eskatuko digu programazio bat edukitzea, eta ziur oso ona izango dela, baina 2016 urtea mugarri bat da. Dena dela, egia da prozesu lanetan aritzen garenok ez diogula hainbesteko garrantzia ematen ikusgaitasun une horiei. Prozesuan hainbesteko indarra jartzen da, prozesu horrek zenbait unetan ikusgaitasuna eduki behar duela ahazten dugula.
Orain fundazio batek hartuko du bulegoaren lekukoa, eta horrek kudeatuko du proiektua. Hasiera batean, ordea, partzuergo moduan egituratu nahi zen. Zein da bi formula juridikoen arteko aldea?
Hasieran pentsatu genuen partzuergoa nahiko malgua zela. Baina konturatu gara ez dela formula egokiena gure proiekturako, batez ere kontratazioen arloari dagokionean. Izan ere, partzuergoa eratzen baduzu, kontrataziorako, adibidez, oposaketa prozesuak egin behar dira. Eta proiektu mugatu baterako, hori ez da egokiena; areago, fase desberdinetan profil desberdinak beharko dituen proiektu baterako. Horregatik, zurrunegia iruditzen zitzaigun formula.
Fundazio horrek Donostiako Udaleko, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak bilduko ditu; Bildukoak eta PSEkoak, alegia. Erakundeetako kideak alderdi berekoak ez izateak zertan eragin diezaioke proiektuari?
Eragina edukiko du, noski. Errazagoa da denek kolore bera dutenean akordioetara iristea, baina proiektu honetako kideak askotarikoak izatea onuragarria izan daiteke; are gehiago, proiektuaren xedeetako bat denean elkarbizitzarako kultura sustatzea.
Zein izango da Espainiako Kultura Ministerioaren ekarpena? Ekonomikoa soilik, edo fundazioan parte hartzera gonbidatuko dute?
Nik uste dut proiekturako ona izango zela, batetik, dirua, baina haien inplikazioak, aldi berean, erraztu ditzake proiektua garatzeko garrantzitsuak izan daitezkeen harremanak.
Eta nola egingo da proiektuaren finantzaketa? Zer aurrekontu aurreikusten da?
Finantziazio publikoa %75ekoa izango da, eta pribatua, berriz, %25ekoa. Proiektua egin genuenean, hiru erakundeek [Jaurlaritzak, udalak eta aldundiak] erabaki zuten diru ekarpen bera egitea bakoitzak. Proiektua aurkeztu genuenean aurreikusi genuen kultura ministerioak 11 milioi euro jarriko zituela; kopuru hori aldi osorako (2012-2020). Baina oraindik ez dago ezer, lankidetza modua ez dagoelako zehaztuta. Guztira, hurrengo zortzi urtetarako aurrekontua, berriz, 72 milioi euro ingurukoa izan daitekeela aurreikusten dugu.
Sektore pribatua nola erantzuten ari da?
Askok nahikoa daukate biziraute hutsarekin. Proiektuak eraldatze helburua du, baina ez soilik kultur edukietan. Orain arte sektore pribatuak egin duena izan da logotipoa jartzea eta dirua ematea. Harreman horiek nolakoak izan behar dute orain? Ba, badaude enpresak harreman horiei bueltak ematen ari direnak. Enpresa batzuek ikusten dute guk bultzatutako dinamiketan sartzeak balioa eman diezaiekeela. Ez da izango zuk dirua eman eta guk logotipoa jarriko dugu, horrelako kasu klasikoak egongo diren arren.
Diruaz ari gara. Herritarrek leporatu izan dizuete agian une honetan ez dela beharrezkoa horrelako dirutza bat gastatzea?
Badaude batzuk horrela pentsatzen dutenak. Ez da, ordea, kontu orokorra. Guk, baina, oso argi daukagu: gauzak ondo egiten baditugu, proiektu hau inbertsio bat da. Egin nahi duguna gauza berria da, eta berria den orok errespetua eragiten du.
Prozesuak ez dauka etenik. Hemendik zortzi urtera, proiektuaren akaberaren ondoren, nola irudikatzen duzue gizartea?
Une historiko batean gaude. Gizarteak modu naturalean biziko duen aldaketari lagunduko dio proiektuak. Adibide bat jarriko dizut. 22 urte daramatzat Donostiako Udalean lanean; azken 15ak partaidetza departamentuan. Era guztietako proiektuak landu ditugu, baina azkeneko hiru urteotan ikusi ditut beste gai batzuk lantzen ibili garenean ikusi ez ditudan gauzak. Nire ametsa da 2020an gure fundazioak ateak ixtea, eta beharrezkoa ez izatea, gaur egun fantasiazkoak iruditzen zaizkigun gauzak jendeak barneratuta edukiko dituelako.
Eva Salaberria. Donostia 2016ko bulegoko zuzendari-kudeatzailea
«Igual, ez da ulertu beharreko proiektua, bizi beharrekoa baizik»
Haien proiektuak gizartean dagoen ideia bat gorpuztu eta agerian jarri duela uste du. Lan egiteko dinamikak aldatu nahi dituzte, estilo bat bultzatu. Kontzeptuetatik praktikara pasatzeko ordua dela iruditzen zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu