«Isiltasunetik gertu dago esan nahi dudan guztia». Hori bera du lehen esaldia Kontra poema liburuak, eta hortik tiraka egin dio aurkezpenekoa Susa argitaletxeko editore Leire Lopez Ziluagak: «Agian isiltasunaren eta kontrakotasunaren artean dabil liburua». Lehen poema liburua du Ane Zubeldia Magriñak (Hondarribia, Gipuzkoa, 1994), baina literaturara aspaldi munduratutakoa da: besteak beste, Mejillon Tigre kolektiboan aritu da, eta Lekore eta Liberoamerika bildumetan argitaratu ditu bere idazlanak. Itzultzailea ere bada: June Jordanen, R.W. Connellen eta Friedrich Engelsen lanak euskaratu ditu, Ane Garcia Lopez izenez.
«Dagoeneko esan diren gauza guztiek norberarena esateko uzten duten espazio apurraren artean, kontra egoteko beste modu bat aurkitu nahi du, munduaren zaratatik urrun»
LEIRE LOPEZ ZILUAGAEditorea
Poeta zirrikitu bila dabilela esan du Lopez Ziluagak: «Dagoeneko esan diren gauza guztiek norberarena esateko uzten duten espazio apurraren artean, kontra egoteko beste modu bat aurkitu nahi du, munduaren zaratatik urrun». Zubeldiak azaldu duenez, poema liburu horren sorburuan hizkuntzarekiko ardura bat dago: «Mundua gero eta polarizatuago dago, eta irudipena nuen hizkuntzaren beraren erabilera ere oso gogorra egiten zitzaidala batzuetan». Irudipen txar horren «laburpentzat» jotzen zuelako edo, Kontra hitzaren inguruan hasi zen hausnarrean: «Zer den kontra egotea, nola gauden gauzen kontra eta abar. Horretan nintzela, frikzioaz akordatu nintzen: munduaren parterik handiena marruskadurak egin du eta ez talkak».
Hortaz, aurrez aurre jotzea baino gehiago, «ukitzea» litzateke kontra egotea, askotan. Eta, hain zuzen, aurka egoteko era hori zaio axola poetari: «Frikzioaren minek azalekoak dirudite hasieran, baina gugan gelditzen dira, eta forma ematen digute».
Hizkuntzarekiko kezkaren bidetik, zerbait esatea beharrezkoa ote den zalantza ere aipatu du Zubeldiak: «Ez neure burua kolokan jartzeagatik, baizik eta asmatu behar nuelako zer esan eta nola esan, hitzek ez dezaten areagotu inguruan dugun corpus gogor hori».
Zalantzak zalantza, pozik dago egilea: «Ez dakit liburu hau idatzi nahi ote nuen, baina liburu hau idatzi dudan moduan idatzi nahi nuen, lasaitasunez, kontenplatuz eta ingurua behatuz. Ez da beti erraza izaten».
«Ez dakit liburu hau idatzi nahi ote nuen, baina liburu hau idatzi dudan moduan idatzi nahi nuen, lasaitasunez, kontenplatuz eta ingurua behatuz»
ANE ZUBELDIA MAGRIÑAIdazlea
Lau atal
Liburuko 64 poemak lau multzotan banatuta daude. Lehenean, Dantza ariketak, txikitako afizioari esker ikasitakoak jarri ditu agerian idazleak: «Dantzak gauza asko erakutsi dizkit, baina, batez ere zera erakutsi dit: nola jarri arreta beste gorputz batzuekin erlazionatzeko eta frikzioan egoteko. Arreta hori ekarri dut idazketara». Bestela esanda, dantzak sor ditzakeen galdera formalak ekarri ditu liburura.
Bigarren atalak Frikzioa du izena, eta, Lopez Ziluagaren arabera, «marka bat uzten duen kontaktu eta igurtzia» dago bertan jasota. Hirugarrenak —Paisaia bera, behin eta berriro— inguruari erreparatzen dio. «Paisaiak galderak egiten dizkio poemetako ni-ari, pentsatzen jartzen du», dio Lopez Ziluagak hirugarrenari buruz. Gaineratu du «biolentziak» zeharkatzen duela paisaia hori, esate baterako, Bidasoa ibaian hilda agertutako gazte eritrear bati eskainitako poeman. Atal horretan, egileak garrantzi handia eman dio behaketari: «Kontenplaziotik idatzi nahi nuen, ni poetikoa oso presente egon gabe».
Eta laugarren atala, Ukitzea beti da, hurbilekoarekin sortzen den kontaktuaz mintzo da, hala nola maitasunaz, heriotzaz, lagunez eta bestez.
Kontra liburuan bilaketa formalik ere badela aipatu du editoreak, eta horren adibidetzat aipatu ditu, besteak beste, onomatopeiak erabiltzea eta hitzak barraz banatzea, elkarren arteko distantzia areagotzea eta zentzua aldatzea. Nolanahi ere, jolas diskretuak dira horiek Lopez Ziluagaren ustez: «Modu organikoan daude txertatuta liburuan».