MUSIKA. A cappella
Ihes ederra
Antzokiko beltzak (gero erabiliko dut hizkuntza politikoki zuzenagoa, orain ez dezagun denborarik galdu); antzokiko beltzak (eta bai; ez daukat adorerik «antzokiko beltzak» besterik ez idazteko); ba hori, Bilboko Kafe Antzokian asteburuetan gauez egoten diren mutil beltzak, mutilak besterik ez baitira, eta koadrila bakarra osatzen dute, honek ez badu esan nahi ere, noski, Antzokian beste pertsona beltzik egoten ez denik, hala neskak nola mutilak, baina oro har Bilboko Kafe Antzokian asteburuetako gauetan egoteko ohitura dutenentzat, «antzokiko beltzak» koadrilatxo jakin bat osatzen dutenak dira, eszenatokiaren azpian eta komunen ondoko paretan bizkarra apoiaturik egoten diren zortzi-hamar mutil horiek, izan ere denbora gehiena bizkarra paretan apoiaturik ematen baitute, «euskaldunak bailiran», esan zidan behin lagun batek, nahiz eta gero, halako batean, dantzan hasten diren eta orduan ikusten da, oso garbiki, ez direla euskaldunak, ez horixe, eta badakit arraza zein kulturen gaineko estereotipoetan barnatu naizela, baina mutil horiek duten groove begibistakoa normalean ez da gutartean ikusten, agian ez dutelako alkoholik edaten, agian ez dutelako musika onarekin baino dantzan egiten, eta nahiago ditut atariko bi estereotipoak, euren inguruan entzun daitezkeen beste batzuk baino, ongi jantzitako mutil argal horiek era guztietako trafikoetan nahasten dituztenak, maleruski, izan ere gezurtatzeko prest nengoen lehen topikoa «dantzatzen duten» musikari buruzkoa zen, beti «ona» ei den hori, aurreko batean euretako bat ikusi bainuen halako kaka heavy-trance bat dantzatzen, gainera ez dakit euskaraz ala italieraz ez ote zen kantatua, baina zorionez topikoak zutik dirau, Alain artista handiak txibatu baitzidan antzokiko beltzek, askotan, dantzan egiten dutela... euren kaskoetatik entzuten ari diren musikarekin!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu