Literatura

II. Mundu Gerra aurrean, oihu bat

'No pasarán!' eta AEBetatik altxamendu osteko Madril gogoan. Faxismoa ez zela pasako zioen egileak, fikzioko istorioaren bidez, gertakari errealen berri emateko munduari. Upton Sinclairrek Brigada Internazionalen ohoretan eta Espainiako Errepublikaren defentsan idatzi zuena eraman du liburudendetara orain, berriz eta 70 urte geroago, Navona argitaletxeak.

Jon Benito.
2011ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Upton Sinclairrek They Sall not Pass. A Story of the Battle of Madrid izeneko liburua ematen du argitara 1937an. Presako liburu bat zen, garaiko gertakari larriak azaltzeko. Titulua hainbatetan aldatu zitzaion itzulpenetan, orain ia mitikoa den Brigada internacional. No pasarán titulua izan arte. Istorioa sinplea da, eta munduak Espainiak (eta baita hego Euskal Herriak ere) bizi zuen larrialdiko egoera ezagutaraztea zuen helburu. Ondorioz, literatur lanaz haratago doanez, pedagogikoa da, zati batzuetan gogaitzeraino, irakaspen etiko bat izan nahi baitu finean. Rudy Messer gaztea, hiriko zulo ilunen zale, edanaren lagun, nesken usainera dabilena, egun batean, tximistak jota bezala, Espainiako Errepublikarekin gertatzen ari denaren berri izaten du, eta Nazioarteko Brigadan izena ematen, 36ko uztailean altxatu zirenei aurre egiteko.

Egun bestela idatziko litzateke liburu hauxe, ziurrenik. Adibide asko daude, gerra zibila deitu izan zaionaz edo 36ko altxamenduaz berriro asko idazten hasi baitira. Orain pertsonaiaren kontraesan eta barne galderak indartzen dira, baina Sinclairren helburua beste bat zen. Hark Ameriketako Estatu Batuetako herritarrentzat ia ezezagun zen gertakari baten larritasuna azalerazi nahi zuen. Eta larridura helarazteko, galdera oztopo izan zitekeen, eta onak on behar zuen, altxatuak maltzur, ez-gizatiar izateraino, injustiziaren ideia larriagotzeko, indartzeko.

Halere, larria zelako susmoa eta sentipena ez zetorren gerlaren drama gizatiarretik edo altxatuen injustiziatik soilik. Sinclairrek II. Gerla Handia izango zenaren arrastoak ikusten ditu Madrilgo borrokan. Horregatik larria, horregatik garrantzitsua. Alemania gerlarako prestatzen ikusten du, altxatuen aliatu. Britainia Handiaren beharrak aipatzen dizkio irakurleari. Eta, era berean, nola kapitalismoaren iraupena dagoen jokoan gerla horretan, eta, ondorioz, sozialismoaren aukera.

Jack Londonekin, langileen kezka eta auziak gizarteratzen ahalegin berezia egin zuen, Eugene V. Debsen ideal sozialista iparramerikarraren ideiak zabalduz.

Bide politikoan porrot

Upton Sinclair 1878an jaio zen, eta 20ko hamarkadan alderdi Sozialista eta Demokratako kide izan zen AEBetan, zeinaren bidez bere hautagaitza aurkeztu zuen gobernadore posturako. Gutxigatik ez zuen kargua lortu.

Parlamentarismoaren bidean porrot egin zuenean, ideia haiek aurrera eramateko, literaturaren bidea hautatu zuen. Eredu sobietarraren antzera, errealismo sozial edo sozialista bat hartu zuen estilotzat, erdiz fikzio erdiz kronika, hemen eta han, baina bere garaian ikusten zuena salatzeko beti: «Nik irakurlearen bihotzean eman nahian idazten dut, baina urdailean ematen diot gero». 80 lan baino gehiago argitaratu zituen, nobela, panfleto politiko, saiakera eta kazetari kroniken artean. Tartean, zinemara eraman zuten Oil ezaguna eta gaur aipatzen dudan They Shall not Pass. A Story of the Battle of Madrid.

Nobela bozgorailu, nobela aldarri

36ko gerrraren txinpartek, nazioartean oihartzuna izan zuten, eta Nazioarteko Brigada ez ezik, nobela hau ere horren isla da. Aipatu bezala, Sinclairrentzat bakarrik ez eta beste intelektual eta idazle askorentzat ere, 36koa ez zen bando bat eta bestearen, legezkotasun eta ez-legezkotasunaren arteko borroka hutsa, ez eta jendeen antolaketarako bi ereduren arteko aurkakotasun soila ere. Nazioartean Europa banandu zezakeen gerra berri baten aurrekoa zen. Hargatik, haietariko askok, Errepublika jazarriarekin bat egin zuten, babes taldeak sortuz eta laguntza fondoak bilatuz.

Liburuetara itzulita, literaturaren eta politikaren artean alderik ez zegoela uste zutenetakoa zen Sinclair. Haren fikziokoak bezala ez-fikzioko lanak ere, ulergarriak, deskribagarriak, identifikagarriak ziren irakurlearen orduko bizimoduarekin. Sozialismoaren erreala eta kapitalismoaren arriskua zituen abiapuntu gisa helburu. Bere literatur lan eta panfleto politikoetan amets gauzagarria zuen aldarri: beste mundu, beste harreman, beste antolamendu bat. Baina, horregatik, ez zuen konbentzituentzat bakarrik idatzi. Haren lanak oso zabalduak izan ziren, bai eta sarituak ere. Dragons Teeth lanarengatik, adibidez, Pulitzer saria eskuratu zuen.

36ko gerra hura bere ideien arriskua eta aukera zen, Sinclairrentzat. Nola ez egin nobela bat gertakari hari buruz? Rudy Messer gazte newyorktarra sortzen du horretarako: alemaniar jatorrikoa, indiferentea arazo politikoekiko, fribolo eta txoroa, familiaren saltxitxa lantegian lan egin beste bizibiderik ez duena. Egun batez, jaiaren ostean portutik oinez doala, Espainiako Errepublikaren alde manifestazioa egiten ari diren batzuekin gurutzatzen da. Polizia jazarri egiten zaio manifestazioari, eta gazte bat zaurituta erortzen zaio ondoan. Lagundu, eta etxean babesten du Rudyk. Izzi Bloch izeneko judu bat da gaztea. Haren lagun eginda, Espainian gertatzen denaz jabetzen da. Mitinak gero, langileen batzarrak, jendea ezagutzen du, arazoan barneratzen da. Giuseppe eta Larry ezagutzen ditu. Anarkista bata eta komunista bestea. Jatorri alemaniarreko familian gaizki ikusiak dira Rudyren lagun berriak, eta baztertzea eta lanetik kaleratzea ekarri zizkion haien lagunkidetzak, eta horrek langintza berrietara eraman zuen, Nazioarteko Brigadetan izena emateraino.

No pasarán! liburuarekin, gerla bat munduan jarri zuen, nola ezagutzen ez zutenei irakurgarri emanez, hala munduko borroka handiago baten testuinguran kokatuz. Sinclair berak esan zuenez, nobela hau askatasun oihu bat da, giza kezken egiazkotasunaren oihua, eta, bertan, «historiako unerik handi eta heroikoenetako» bat deskribatzen da. Errepublikaren alde agertzea demokraziaren alde agertzea zen berarentzat.

Lan hau irakurtzean, ordea, ez bilatu estilorik, ez eta baliabide literario jasorik. Mezuan dago liburuaren balioa, munduari erakutsi zionean, larritasunean. Bere arte guztia mezu baten zerbitzura jartzen du. Faxismoaren eta autoritarismoaren igoeraren aurrean, jendearen elkartasuna da indarra, horiei aurre egitea ezinbesteko borondatea. Baina ez Madrilen bakarrik: Sinclairrek, faxismoaren mehatxua AEBetako gizartean ere badela ikusten du, orduan, haien begietara, ezkutuan zegoen arren. Brown Housesek egiten zituen bileren deskribatzea aipagarria da nobelan.

1937an, liburuaren lehen bertsioa argitaratu zuenean, bere patrikatik ordainduta, egileak berak atzerriko hainbat editoreri eskaini zien, euren herrialdetan zabal zezaten, itzulita. Bere egile eskubideak ez zituela jasoko eskaintzen zien Sinclair berak, argitaratzearen truke. Bere mezua salbatu nahi zuen, galtzear zen errepublikaren alde eginez eta II. Mundu Gerra izango zena ekidinez. Italian haren liburuak debekatu egin zituen Mussolinik; eta Alemanian, Hitlerrek boterea hartutakoan, erre egin zituzten.

Katalunian argitaratzeko eskaintza onartu zuen bere aldetik Generalitateko Propaganda Komisaritzak; katalanez eta gaztelaniaz publikatu zen.

Beraz, 70 urte argitaratu gabe egon ondoren, Navona argitaletxearen bidez berriro ere liburu dendetan da Sinclairren oihu gordin hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.