Indarkeria matxistari aurre egin beharraz arduratuta, EAB Euskal Aktoreen Batasuna eta (H)emen elkartea horren aldeko protokolo bat garatzeko ahaleginean lotu ziren ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen esparruan; lan hori azken fasean da orain, eta, gauzak ondo bidean, apirila baino lehen jarriko dute indarrean.
Bi elkarteek ohar bidez azaldu dutenez, protokolo horren oinarri nagusia «ikerketa eta diagnosi lan sakon bat» izan dira. Garazi Arregi Leonek egin du azterketa hori, EHUren eta EITBren Multimedia Komunikazioko Masterraren amaierako lan gisa; Tania Arriaga eta Itxaso del Castillo irakasleen tutoretzapean aritu da.
Arregi Leonek batez ere inkestetan oinarritu du diagnostikoa. Besteak beste, ikus-entzunezko eta arte eszenikoetako 90 profesional elkarrizketatu ditu, eta horien bidez ondorioztatu du indarkeria matxista sektorearen egiturari, hierarkiari eta botere harremanei lotutako errealitate sistemikoa dela, ez kasu bakanen emaitza. Baieztapen hori laguntzeko, datu esanguratsuak eman ditu, besteak beste hauek: %43,3k indarkeria matxista jasan dute lanean; %60k indarkeria kasuak ikusi dituzte; eta %65,5ek kasu baten berri entzun dute biktimaren ahotik. Horrez gain, inkestatuen %57,8k adierazi dute lanean ez direla seguru sentitzen.
%57,8Horixe da lanean seguru sentitzen ez diren langileen kopurua, ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektorean. Horrez gain, %43,3k indarkeria matxista jasan dute lanean; %60k indarkeria kasuak ikusi dituzte; eta %65,5k kasu baten berri entzun dute biktimaren ahotik
Indarkeria psikologikoa, sexuala edo lan esplotazioa modu zabal eta normalizatuan gertatzen dela ere azaltzen du Arregi Leonen lanak; eta askotan «isiltasunak eta zigorgabetasunak babestuta» gertatzen dela hori. Izan ere, indarkeria jasan dutenen artean, %87,18k esan dute erasotzailea hierarkiaz edo botereaz baliatu dela, izan entseguetan, izan lanari lotutako sustapen ekitaldietan edo izan otordu eta jaialdietan. Kontuan hartu beharreko beste datu bat ere eman du: gizonezkoak nagusi dira sail teknikoetan eta artistikoetan.
Egoera horren aurrean neurriak hartzeko premia nabarmentzen du txostenak: «Sektoreko profesionalek aho batez adierazten dute tresna eraginkor, espezifiko eta lotesle baten beharra, prebentzioa, arreta eta erreparazioa uztartuko dituena». Horrenbestez, protokoloak helburu zehatz bat izango du: «Ikus-entzunezko eta arte eszenikoetako lan-eremuak seguruagoak eta bidezkoagoak bihurtzea, indarkeria matxistari aurre egiteko mekanismo argiak ezarriz eta sektore osoaren erantzukizun kolektiboa sustatuz». Iragarri dutenez, protokoloa sektoreko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde guztiek bete beharko dute «nahitaez».