Ikus-entzunezkoetako emakumeen lana sustatuko du (H)Emen Her(e)-k

Elkarteak datu base bat izango du lanabes nagusi.Sektoreko profesionalak batzera deitu ditu

Uxue Jimenez, Kristina Zorita, Olatz Beobide eta Izaskun Arandia, atzo, Donostiako Tabakaleran. ANDONI CANELLADA / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko martxoaren 12a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Asko dira ikus-entzunezkoetan eta arte eszenikoetan egunerokoan lanean ari diren emakumeak. Zinemagile, antzerki zuzendari, aktore, banatzaile, gidoilari, kameralari, teknikari, ekoizle... sektoreko lanbide guztietan jarduten dute andreek. Gehienetan, baina, haien lanak ez du izaten gizonezkoenak adina ikusgarritasunik. Hori zilegi ez dela iritzita, elkartea sortu dute hainbat profesionalek: (H)Emen Her(e) izena jarri diote, eta sektorean ari diren andrazkoen lana sustatzea helburu izango duela azaldu dute. Atzo aurkeztu zuten elkarte berria sustatzaileek, Donostiako Tabakaleran, eta sektoreko dozenaka emakume bildu ziren aurkezpen ekitaldira.

Atera Films enpresa banatzaileko zuzendari Miren Aperribayk; Izaskun Arandia eta Uxue Jimenez zinemagileek; Olatz Beobide antzerki eta telebista aktore nahiz zuzendariak; EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioko irakasle Iratxe Fresnedak; eta Kristina Zorita zinema kazetariak sortu dute elkartea. «Duela urte batzuk jabetu nintzen emakume asko ari garela lanean industria honetan, baina denak gordeta geundela. Iruditu zitzaigun garrantzitsua zela elkartzea eta zerbait egitea, geuk egin ezean ez zuelako inork egingo», azaldu zuen Arandiak, elkarteko presidenteak. EWA European Women's Audiovisual Network elkarteak otsailean plazaratutako ikerketa gogora ekarri zuen Zoritak, egoeraren lekuko: zinema eskoletan ikasleen erdiak emakumeak badira ere, ekoizten diren bost filmetatik bakarra zuzentzen dute. Txostenaren arabera, ikus-entzunezko ekoizpenetara bideratzen diren diru laguntzen %84 gizonek zuzendutako proiektuek jasotzen dituzte.

Datuok eguneroko errealitatean ikusten dituztela nabarmendu zuen Beobidek, eta «gauza asko kontatu nahi dituzten emakumeak» ere badirela ohartarazi zuen. Fresnedaren hitzetan, «emakume asko ari dira lanean bazterretan, industriatik eta zinema komertzialetik kanpo; talentu asko dago hor, egunero lanean, baina ez da ikusten». Lan teknikoetan, adibidez, gero eta andre gehiago aritzen direla azaldu zuen Jimenezek, baina gutxi direla oraindik erabaki ahalmena duten postuetara iristen direnak.

Egoera iraultze aldera, emakumeen lana sustatzeko eta ikusgarri egiteko helburuak jarri dizkio elkarteak bere buruari. Horretarako, sektoreko emakume profesionalen datu base bat izango du lanabes nagusi. Webgune bat sortu dute —www.hemen.me—, eta han ari dira osatzen datu basea. Han erregistratzeko deia egin diete profesional guztiei.

Bi modutara egongo da erregistratzeko aukera: profesional gisa edo kontratatzaile modura. Hainbat datu eman, eta profesionalek beren profilak sortzeko aukera izango dute atarian: lanbidea, curriculuma, orain arte egindako lanak (argazkiz nahiz bideoz lagunduak nahi bada), harremanetarako kontaktua... Kontratatzaileek, berriz, informazio iturri gisa eskura izango dituzte profesionalen datu horiek guztiak beren proiektuak gauzatzeko. Bilaketa zehatzak egiteko aukera ere emango die webguneak. Horretarako, erregistratu egin beharko dute haiek ere, datu basea ez baita publikoa izango; izena eman dutenek soilik ikusi ahalko dute. Profesionalari mezua bidaltzeko aukera ere eskaintzen du atariak, eta, hala, biak zuzenean harremanetan jartzekoa ere bai.

Bestalde, astero profesional baten profila nabarmenduko dute webgunean nahiz Facebooken. Lantaldearen %60 baino gehiago emakumeak diren proiektuak ere nabarmenduko dituzte.

Elkarlanerako deia

«Oso hunkituta» zegoela aitortu zuen Arandiak, ez zutelako espero aurkezpenean hainbeste lagun bilduko zirenik. «Sei lagunek hilabete gutxitan bilduz hau lortu badugu... Denon artean elkarlanerako gai izan behar gara». Tabakalerara hurbildutakoen artean zeuden Lara Izagirre, Klara Badiola, Aitziber Garmendia, Sara Cozar, Tessa Andonegi, Eva Rivera, Agurtzane Intxaurraga, Miren Gojenola, Aizpea Goenaga, Amaia Lizarralde, Ainara Ortega eta Lur Olaizola, beste askoren artean.

Bildutako guztiei eta, oro har, sektore osoari elkarlanerako deia egin zieten elkartearen sustatzaileek. Webgunean erregistratu eta kide egiteko eskatu zieten profesionalei. Urtaro bakoitzaren hasierarekin, elkar ezagutzeko eta gaiaz eztabaidatzeko bilera zabalak egingo dituztela azaldu zuten, eta guztiak daudela gonbidatuta.

Baina sektoreko eragile guztiekin ere elkarlanean aritu nahi dutela azaldu zuten. «Gauza asko dauzkagu egiteko, eta elkarrekin egingo ditugu. Ez gatoz ezer asmatzera, daudenei gehitzera eta elkarri babesa ematera baizik», adierazi zuen Beobidek. EWAko kide bada elkartea dagoeneko, eta beste hainbat eragileri elkartea aurkezten hasi direla azaldu zuten —apirilean Bilboko Loraldian eta Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztuko dute—. Horiekin lankidetzan jarduteko bokazioa dutela nabarmendu zuten. Baita gizonekin ere, Arandiak zehaztu zuenez: «Gizonen inplikazioa erabakigarria izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA