'THE ROCKY HORROR SHOW'
Libretoa: Richard O‘Brien. Zuzendaritza: Christopher Luscombe. Diseinua: Hugh Durrant. Jantziak: Sue Blane. Koreografiak: Nathan M. Wright. Argiak: Nick Richings. Soinu-diseinua: Gareth Owen. Musika zuzendaria: Adam Smith. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urriak 8.Â
Munduko hogeita hamar herritan izan ostean, hogei hizkuntzatara itzulia izan ostean eta berrogeita hamar urtean Londresen antzeztua izan ostean, pribilegiotzat jo dezakegu The Rocky Horror Show ikusi izana. Bilboko emanaldietan lehena asteazkenean izateak ez du publikoa masiboki erakarri, baina Arriaga antzokia polito bete da eta ikusle sutsuek beroa eta distira eman dizkiote musikal mitikoari.
Richard O‘Brienen libretoak zurrunbilo batean murgiltzen gaitu Transilvaniako gazteluaren giro iluna zientzia fikzioaren alde barregarriarekin konbinatuz, kabaret estetikan bilduta eta garai bateko rock musika aldarrikatuz. Gauzak horrela eta ikusitakoa nolabait deskribatu nahian, ezinbestean aipatuko ditut Young Frankenstein film gaindiezina eta Flesh Gordon parodia erotikoa —Flesh esan dut, eta ez Flash— edo, hobeto, Star Wars eta antzekoak satirizatuz egin zen Spaceballs filma.
Antzokiaren kanpoaldean itxaroten geundelarik, bikote arraro bat ikusi dugu Arriaga plazan itxaroten: oso piura berezikoak ziren biak ala biak, eta gure artean ibili gara ea turistak ote ziren edo ospakizun batetik ote zetozen. Ebatzi gabe geratu da kontua harik eta emakumea eta gizona antzoki barruan ikusi ditugun arte. Baina ordurako konturatuak ginen ikusle asko —ez den-denak, baina gutxi ere ez— jantzi xelebreekin etorriak zirela, batzuk estetika gotikoarekin eta beste batzuk musikaleko pertsonaien antzera, comic con batera etorriak balira bezala.Â
Gainera, emanaldia hasi denean agerian geratu da haietariko batzuek buruz zekizkitela dialogoak, ikusleren batek esaldiak ozen aurreratu dituelako behin baino gehiagotan, inguruko jarraitzaileen algarak isiotzen. Hala ere —emanaldi normal batean deserosoa izan zitekeena— esku-hartze horiek ez dira lekuz kanpo geratu, ospakizun giroa nagusitu delako emanaldian zehar.
Londrestik zuzenean etorri izanaren ondorioz, ingeles landuan izan dira hitzezko eta abestutako pasarteak, aldibereko interpretazioa goiko paneletan emanda, bai euskaraz bai gaztelaniaz. Hala ere, ez zen oso beharrezkoa hitzei jarraitzea, hain da absurdo eta zoroa testuaren funtsa, sexuaren gozamen libreari omenaldia egitean. Musikal handi bati dagokion bezala, kalitate handikoak izan dira jantziak, dekoratuak eta argiak; teklatuek, haize instrumentuek, bateriak eta gitarrak osatutako orkestra txikiak eszenatokiaren goiko aldean jo du —pena da ez dugula ia ikusi—, ahotsen kalitatea opera mailakoa izan da, batez ere Stephen Webb-en kasuan —Frank N Furterren rola jokatu du—, eta koreografietan dinamismoa, ikusgarritasuna eta umore ona elkartu dira, Morgan Jackson atleta eta antzezle paregabearen jardun dibertigarriak lagunduta.