Los tontos y los estúpidos hurrengo film luzerako ekoizle bila ari da Ander pelikularen zuzendaria. La vida útil filmaren emanalditik ateratzean elkarrizketatu dugu.
Zinemaldian ikusle gisa bakarrik ala lanean ere ari zara?
Biak tartekatzen ari naiz, eta plazera da. Batetik, filmak ikusiz ikasi egiten da zer den ona eta zer txarra. Bestetik, hurrengo film luzerako hainbat jenderekin biltzeko aprobetxatzen ari naiz. Jaialdi hau oso garrantzitsua da negozioaren aldetik, eta hori da zinema zuzendari izatearen alderik aspergarriena, filma egin aurretik dirua biltzeko behar duzun urte eta erdi hori.
Filmak ikustean, oso ezberdinak dira Caston ikuslea eta Caston zuzendaria?
Uste dut ezetz. Formarekin edukiarekin baino gehiago gozatu ohi dut, eta, alde horretatik, agian, ikusle arruntek baino arreta handiagoa jartzen dut, baina ez askoz handiagoa. Geroago agian hasten naiz aztertzen zergatik hunkitu nauen edo ez film batek.
Sinopsia garrantzitsua da film bat aukeratzerakoan?
Ez du zertan izan. Zinemaldian zoriak agintzen du askotan, eta gero sail zehatzak daude. Horizontes Latinos asko gustatzen zait, eta Zabaltegi Bitxiak apustu segurua da. Beste batzuetan, zuzendariarengatik joaten naiz, gaur [atzo] Naomi Kawaserekin bezala.
Pelikuletatik ateratzen zara edo amaitu arte gelditzen zara?
Bukatu arte gelditzen naiz, oso nekatuta ez banago. Ikusleak lo hartzen duenean, ez da filmaren errua izaten, ikuslearena baizik.
Urtean zehar, zinema klasikoa ala gaur egungoa?
Biak, baina gaur egungo zinemaren uste handiak eta zintzotasun faltak amorrarazten naute.
Roberto Caston. Zuzendaria
«Ikusleak lo hartzen duenean, ez da filmaren errua izaten»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu