Koldo Zuazua. Zinema ekoizlea

«Ikuspegi sortzailea eman nahi izaten diet zenbakiei»

Talde lana defendatzen du Zuazuak, eta argi du: ondo erabilitako dirua irudian ikusten bada, hobe. Goya sariak irabazteko hautagaia izan da 'La herida' eta 'Zipi y Zape' filmekin.

JOSE HARO.
Igor Susaeta.
2014ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Kanadara doa bihar Koldo Zuazua zinema ekoizlea (Donostia, 1971), eta lau hilabete igaroko ditu han, Espainiako film baten ekoizpen lanetan. «Ezin dizut esan norena den. Zuzendaria famatua da, eta pelikula handia izango da...», aitortu du. 1999an lehen film laburra ekoitzi zuenetik, beste 24tan lan egin du. «Film luzeei dagokienez, hamabostetan parte hartu dut». Zehatza da zenbakietan. Ekoizle exekutibo eta ekoizle zuzendari gisa aritzen da, eta duela lau bat urte sortu zuen Kowalski Films ekoiztetxea. Donostian du egoitza, baina jabea Madrilen bizi da.

Zipi y Zape y el club de la canica filmarengatik, ekoizle zuzendari onenaren saria irabazteko hautagaia izan zara Goya sarietan. Ez zizuten eman, baina hautagaia izateak berak zertan eragin diezazuke profesionalki?

Ez, ez dut uste profesionalki, pertsonalki, askorik eragingo didanik. Halere, egia da pelikulak berak oihartzuna eduki dezakeela hautagaia izatearen ondorioz. Goyena kontu endogamikoa da, etxe barruan geratzen den zerbait; sektorearen barruan egiten den aitorpena da, alegia.

Baina, beharbada, gerta liteke nork edo nork Goyetan izendatua izan den norbaitengana jotzea hurrengo proiekturako, ezezaguna den beste batengana baino lehenago.

Ez zait iruditzen hala izaten denik; pelikulak dauka oihartzun handiagoa. Izan ere, norbaitek ikusten badu a priori konplexua den film bat, ekoizpenean zailtasun dezente dituena, eta ikusten duenak gutxieneko ezagutza bat badu, ba konturatuko da atzean lan interesgarri bat dagoela. Baina begira, kontu bat: Gorka Magallon nire lagunak animaziozko gidoi onenaren Goya irabazi zuen iaz Tadeo Jones pelikularengatik, eta geroztik inork ez dio deitu lan egiteko. Jendeak pentsatzen du Goya bat daukazulako diru gehiago eskatzen duzula [barrez]!

La herida filmaren ekoizlea ere izan zara, eta horrek bi Goya irabazi ditu: emakumezko aktore onenarena (Marian Alvarez), eta zuzenari berri onenarena (Fernando Franco). Istorio txikia kontatzen du, publiko zabalarentzako erraza ez dena, zure hitzetan. Nolatan bururatu zitzaizun proiektu horretan murgiltzea?

Zuzendariak eta proiektua bultzatu zuten beste ekoizle batzuek nirekin ikasi zuten Madrilgo Zinema Eskolan. Ni epaimahaikide nintzen Gijongo sariketa batean, eta proiektua irakurri nuenean gustatu zitzaidan. Epaimahaiak ez zuen aukeratu, baina banuen interesa. Haiekin harremanetan jarri nintzen; istorioak hunkitu ninduen, eta arriskatzeko, tartean aktiboki sartzeko gogoa piztu zidan. Azkenean, ekoizle moduan esperientzia handiagoa nuenez, proiektuaren buru jarri nintzen. Euskal Herrian dezente filmatu zenez, EITBren eta Jaurlaritzaren sostengua lortu genuen; ezinbestekoa izan dena, bide batez. Orain urtebete hasi ginen filmatzen, eta pelikularen bueltan gertatutako guztia aparta izan da, ustekabean etorri da.

Zinemaldian estreinatuko zutela jakitean lasaitua hartu al zenuen?

Ezinbestekoa izan zen. EITBk lagunduko zigula baieztatu genuenean, filmatzen hasi ginen, eta gero gure helburuetako bat izan zen komunikabideetan-eta beharrezko zarata sortzea, Zinemaldiaren arreta pizteko. Bai, egin dezakezu pelikula, ona izan daiteke, baina inork ez badu ikusten...

Donostian estreinatu izan ez balitz, diru asko galduko al zenukeen?

Bai, zerbait bai, baina asko-asko ez. Filmaren plangintza egiterakoan, tentuz jokatu genuen alor horretan. Izan ere, badaramatzat urte batzuk mundu honetan, eta badakit zer-nolako ostiak hartu dituen jendeak. Oso argi daukat, eta daukagu, zenbat eta zein neurritaraino arriska gaitezkeen.

Zein da, zehazki, zinema ekoizle baten lana?

Etorkizun bat ikusten dion edo gogobeteko duela sentitzen duen proiektuaren alde egiten duena da. Motibazio pertsonal bat, bulkada bat du abiapuntu. Zaila da definitzeko. Editorearen antzeko lana da, esaterako.

Baina motibazio pertsonal horretatik haratago, zein zeregin dauka egunerokoan?

Behin proiektua aukeratuta, saiatu behar duzu, alde batetik, hori gauzatzeko finantza azpiegitura topatzen. Beste aldetik, ahalegindu behar duzu azpiegitura horri elementu sortzaileak gehitzen: zein aktore, zein argazki zuzendari, gidoigileak...

Zertan bereizten dira ekoizle zuzendariaren eta ekoizle exekutiboaren betebeharrak?

Ekoizle exekutiboaren zereginak dira aurreko galderan aipatu dizkizudanak. Tira, pelikularen bolumenaren arabera ere alda daitezke... Ekoizlea da inbertsorea, apustua egiten duena; eta ekoizle exekutiboa da ekoizlearen ordezkaria, azkenean ekoizlearen plana gauzatzen duena. Eta ekoizle zuzendariak, berriz, aurrekontua kudeatzen du; ekoizleak zehazten dizkion premisen arabera diseinatzen du aurrekontua.

Aipatu dituzunen artean, zein zeregin duzu gustukoen?

Zenbakiak gustatzen zaizkit, eta saiatzen naiz horiei ere ikuspegi sortzailea ematen. Ekoizle huts gisa, ez dakit behar den adorea ote daukadan, nortasun handia behar dela uste dut eta. Ekoizle zuzendari nagoenean, kontratatu egiten naute, soldata bat kobratzen dut, eta ziurragoa bezala da. Lasaiago lo egiten duzu [umorez].

Zein neurritan esku hartzen duzu arlo artistikoan?

Ekoizle gisa ez dut proiektu oso handietan lan egin, baina beti gustatu izan zait modu nahiko asanblearioan parte hartzea. Saiatzen zara zeure ikuspuntua modu ahalik eta arrazoituenean inposatzen, zeure bazkideak eta zuzendaria konbentzitzeko. Normalean zuzendariekin edukitzen dira gorabehera handienak, baina oro har gustura sentitu izan naiz haiekin.

Baina zeinena da azken hitza?

Nire esperientzia kontuan hartuta, zuzendariarena. Pelikulak industrialagoak direnean, ordea, ekoizleak erabakitzen du.

Behin filma pantailan proiektatuta ikusten duzunean, zein neurritan sentitzen zara erantzule?

Erantzukizun handia eduki dudala sentitzen dut. Nire bizitzan badira une batzuk... Adibidez, La pelota vasca, la piel contra la piedra [2003] Kursaalean estreinatu genuen eguna nire bizitzako hunkigarrienetakoa izan zen.

Beti itzalean egoten zarete ekoizleok. Aktore eta zuzendariarengan pertsonalizatzen da pelikula.

Bai, bai. Marketin kontua da, komunikazio kontua. Uste dut hobe dela pertsona bakan batzuengan pertsonalizatzea.

Film laburrak ekoitzi dituzu batez ere. Zein da aldea luze bat eta labur bat ekoizteko orduan? Zer aldatzen da, batez ere?

Batez ere, aurrekontua. Gakoa da bazkide fidagarriak eta ahalmen finantzarioa edukitzea, horrek bermatuko dizulako proiektua behar bezala gauzatzea. Laburrekin ikasi dut gero luzeekin egin dudana.

2008an adierazi zenuen film laburren emaitzan aldea nabaria dela, atzean lan profesional bat baldin badago. Sei urte geroago, teknologia ia edonoren esku jarri denean, gauza bera pentsatzen al duzu?

Uste dut baietz. Zinema, oro har, taldean egin beharreko lan bat dela pentsatzen dut; gainera, azken emaitzarako onuragarria da hainbat diziplinatako talentuak elkartzea. Zuzendariak zuzentzen du ontzia, baina pertsona horri hainbat ikuspegi eta aukera eskaini behar zaizkio. Bakarrik egiten baduzu, iruditzen zait produktua artistikoki mugatuagoa izan daitekeela. Tira, egia da, baliabide gutxirekin ere gauza interesgarriak atera daitezkeela... Halere, emaitzan egitura bat lortzeko, diru bat inbertitu behar dela eta jende aproposa behar dela uste dut. Ondo kokatutako dirua irudian ikusten bada, askoz ere hobeto. Argi daukat.

Nolako zinema interesatzen zaizu?

Bai gauzatzeko baita ikusteko ere, barrutik ukitzen nauten gauzak atsegin ditut. Ahotsik ez dutenen istorioak interesatzen zaizkit, baina horietatik ezin da bizi; hortaz, horietatik apur bat egin behar da, eta besteetatik beste apur bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.