KulTURA

Imanol Murua Uriari eman diote Tene Mujika beka, Loiolako elkarrizketei buruzko proiektuagatik

2009ko urtarrilaren 16a
16:47
Entzun
Imanol Murua Uria kazetariari (1966; Zarautz, Gipuzkoa) eman diote Tene Mujika beka, Loiolako bake eta konponbide elkarrizketei buruzko proiektuagatik. Hala erabaki du aho batez Lorea Agirrek, Elixabete Garmendiak eta Pruden Garziak osaturiko epaimahaiak deialdira aurkeztu ziren bost lanen artean, Elkar argitaletxeak gaur jakinarazi duenez.

Euskal Herriko historia hurbilaz biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak edo ikerketak bultzatzeko sortu zuten Debako (Gipuzkoa) Udalak eta Elkar argitaletxeak beka hori, Debako herritar izan zen Tene Mujika idazlearen omenez. Lehen urtean Ramon Olasagastiri eman zioten, eta sariaren laguntzaz idatzi zuen Mendiminez liburua. Bigarren urtean hutsik geratu zen, hirugarrena Alberto Barandiaranek jaso zuen -aurtengo udaberrian kaleratuko da haren lana-.

Murua Uriak lehendik Irlanda eta Palestinako gatazka nahiz bakebideei buruzko liburu bana egina du, eta orain euskal auzia landu nahi du, 2006ko udazkenean Azpeitiko (Gipuzkoa) auzo hartan EAJ, PSE-EE eta Batasunaren artean izandako elkarrizketa eta negoziazioez. Loiolako hegiak izena jarri dio egitasmoari.

Euskaldunon Egunkaria, BERRIA, Jakin eta Argia-n aritu izan da kazetari -BERRIAn kolaboratzaile dihardu-. Bi aldiz irabazi du Rikardo Arregi saria eta beste behin Argia saria, kazetari lanengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.