Gaur iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara Imanol Rayo zuzendariaren Bi anai filma, Bernardo Atxagaren izenburu bereko nobelan oinarritua. Bi anai iragan irailean estreinatu zen Donostiako Zinemaldian, eta lan berri onenarentzako Serbitzu Zinemira saria jaso zuen, 20.000 euroz hornitua, «irudi biluzi eta zainduak elkarri lotuz eta soinua eta isiltasuna trebetasunez erabiliz, zinemaren ikuskera erradikal eta ausarta muturreraino eramaten duelako», Ramon Agirrek, Maialen Lujanbiok eta Joxean Muñozek osatutako epaimahaiaren iritziz.
Atxagak Obaban kokatutako aurreneko narrazioetako bat da Bi anai, aurrenekoz 1985ean argitaratua. Gazterik umezurtz geratuak dira nobelako bi anaiak, eta hil aurretik aitak anaia gazteenari, Paulori, zaharrenaz, Danielez, arduratzeko eskatu dio, Danielek, gaitz neurologiko baten ondorioz, hitzik egiten ez duelako eta komunikazio arazo larriak dituelako. Basoak inguratutako herri txiki batean gertatzen da dena hala nobelan nola filmean, 1950eko hamarraldiaren amaieran edo 1960koaren hasieran.
Bingen Elortzak jokatzen du Pauloren rola, eta Aitor Koteronek Danielena. Haiekin batera, Kandido Uragak, Klara Badiolak, Loreto Mauleonek eta Amaia Lizarraldek hartu dute parte, besteak beste, aktore lanetan. Orio Produkzioak etxeak ekoitzi du filma, 1,5 milioi euro inguruko aurrekontuarekin.
Imanol Rayok istorioa kontatzeko hautatuko bide ausartak harridura sortu zuen Donostiako Zinemaldian. «Normalean ondoan izan arren erreparatzen ez diogun hori nabarmentzen du filmak», esan zuen orduan zuzendariak. «Premisa garrantzitsuena izan da dramatismotik aldentzea eta dena gardenki ateratzea. Hasieratik zegoen argi egitura eliptikoa izango zuela, iruditik kanpo dagoenak gehiago kontatuko zuela irudietan dagoenak baino. Nobelan kontalariak animaliak dira, mintzo hori kanpoko gauza bat da. Filmeko egitura bera dago nobelan, kontzeptu berbera, beste kode batean, beste arte batean».
Imanol Rayoren 'Bi anai' aretoetara iritsiko da gaur
Bernardo Atxagaren izenburu bereko nobela batean oinarritutako filmak Zinemira saria jaso zuen Zinemaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu