ARABAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Iñaki Viñasprek jantzi du Arabako txapela

1.141 puntu lortu ditu. Martxoak 3 elkarteko kide batek jantzi dio txapela. Unai Anda izan da bigarren, 1.124,5 puntu bilduta. Lehen fasean geratu dira Aroa Arrizubieta, Peru Abarrategi, Maddi Agirre eta Martin Abarrategi.

Martxoak 3 elkarteko kideek jantzi diote txapela Iñaki Viñaspreri. RAUL BOGAJO / FOKU
Martxoak 3 elkarteko kideek jantzi diote txapela Iñaki Viñaspreri. RAUL BOGAJO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko martxoaren 28a
22:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hirugarren pelikulan du amaiera trilogia orok, eta martxoaren 7an Dulantzin hasitako triptikoa ere hirugarren atalarekin itxi da gaur Gasteizko Europa jauregian. Eta protagonista, azkenean, Iñaki Viñaspre suertatu da; 1.141 puntu bilduta gailendu da Abetxukukoa. Unai Anda izan da bigarren, 1.124,5 puntu bilduta. 

Kongresuen jauregi modernoaren horma zuriek eta espazio irekiek aire futurista eta inpertsonala ematen diote Almudena Cid aretoari, baina bertsozaleak segituan hasi dira aretoko plastikozko aulki beltzen lerroak betetzen, eta ehunka zaleren beroak berehala epeldu du giroa, ez soilik metaforikoki: mahuka motzek laster ordezkatu dituzte Arabako hiriburuko zirimiriak inposaturiko jertse eta berokiak. Hormetan, berriz, finalista bakoitzaren zaleek eskegitzeko ohitura duten kartelek eman diete kolore ukitua gainazal zuri amaigabeei. Sei bertsolariek izan dituzte kuraia hitz franko hormetatik begira. 

Leporaino bete da laster Almudena Cid aretoa, eta inoizko finalik jendetsuena izan da. 2019an, ordura arteko ikusle gehien bildu diren Arabako final batean, 750 inguru, eta, aurten, marka hori gainditu, eta 800etik gertu ibili dira; pozik dira antolatzaileak. Eta kopuru horrek badu isla errealitatean ere: bertsolariak irten baino lehen ere, aurkezleak txalo beroak jaso ditu epaile eta antolatzaileen izenak irakurtzean, eta, bertsolariak aulki lerroen artetik oholtzara irtetean, apoteosia erabatekoa izan da, txaloek estali baitute beste edozein hots. Finalisten izenak iragartzerakoan ere, zailtasunak izan ditu Irati Martinez Izaga gai emaileak bere ahotsa txaloen gainetik entzunarazteko. 

Zozketak emandako ordenan aurkeztu ditu, bada, publikoaren txalo hotsen artean gai emaileak Martin Abarrategi, Maddi Agirre, Unai Anda, Aroa Arrizubieta, Peru Abarrategi eta Iñaki Viñaspre. Agurrak kantatu ondoren, zortziko handian hasi dira bertsolariak. Gaurkotasun beteko gaiak planteatu dizkiete. Martin Abarrategi eta Agirre, esaterako, egungo egoera zailari aurre egiteko komeriekin dabiltzan bi nekazariren rolean sartu dira, eta Korrikaren furgoneta gidatzen duten bi boluntario izan dira Anda eta Arrizubieta, jendearen babesarekin pozik, baina prentsan Korrikaren aurka irakurritako adierazpenekin kezkatuta. 

Buruz burukorako bidea

Aldarrirako eta hausnarketarako parada ematen dute gaiek, eta, beharbada, Peru Abarrategi eta Iñaki Viñaspre izan dira aldarri borobilenak ondu dituztenak. Gaia alde izan dute, finalean bertan ere presente den kontua planteatu baitiete: eskolan Martxoaren 3ko sarraskia landu ostean, biktimen elkarteko senideei gutun bat idatzi behar diete ikasleak ziren Abarrategi eta Viñaspre. Aretoan guztiek dute gogoan elkarte horretako kideek jantziko diotela irabazleari txapela. Ongi lotu ditu gertatua eta gaurko borroka Abarrategik: «Jende andana hantxe zegoen/ eliza baten bildua/ eta masakre bat egiteko/ eman zuten agindua/ ordutik hona gogoratzen da/ beti martxoak hirua./ Egon lasai ze esku honetan/ daukazue testigua», kantatu du, eta Viñasprek ere jakin du gaiari behar bezain fin heltzen, itxiera zorrotza emanez bertsoaldiari: «Denborak ez du zauririk ixten/ ondo sendatu ez bada». 

Ondoren hamarreko txikia etorri da, eta gai nolabait surrealistak, umoretik heltzeko egokiak, aurkeztu dizkie gai emaileak finalistei. Martin Abarrategi eta Viñaspre, esaterako, epaitegiko bi boligrafo dira, ezkontzak sinatzen dituena bata, dibortzioak izenpetzen dituena, berriz, bestea. Alta, gaien ezohiko pertsonifikazioengatik beharbada, ongi abestu arren ez dute jakin bertsolariek behar besteko zuku umoristikoa ateratzen gaiei. Publikoak tarteka barre eginagatik, karkaila handirik ez da izan Europa jauregian, baina izan dira umore perlak, tartean Agirrek eta Andak, kanta baten errepika eta gainerako estrofen rolean, elkarri egindako mokokak: «Hemen estribilloak/ dira beti moda./ Gogoratzen gaituzte/ guztiek gerora./ Ai, ta nire kantuan/ nago hain gustora!/ Unai, tarteko hori/ ez doa inora/ baina mundu guztiak/ daki Aldapan gora!», bota du Agirrek, eta zoli erantzun Andak: «Mezua nik neuk daukat/ hori da normala/ eta heldu zara zu hona/ harroa bezala/ baina erdia zara/ larala larala».

Bertsolariek mailari eutsi diote lehenengo bi ariketetan, baita ondorengo puntu-erantzunetan ere. Seiko motzarekin jo du, apika, goia saioaren lehen faseak, barre franko egin baitute ikusleek. Martin Abarrategi eta Unai Andaren bulegoko Tinderreko match-ak kar-kar ugari sortu ditu, baita Agirre eta Peru Abarrategiren zahartzarako tatuajeek ere. 

Bakarkakoetan, berriz, bertsoaldi sakonak. Ondo asmatu du Viñasprek giltzurrun beharrean dagoen bikotekidearekiko maitasuna helarazten, «bihotza aspaldi eman banion, zer da, bada, giltzurruna» galdera erretorikoa botaz entzuleei. Samurtasunez heldu dio Arrizubietak haur trans baten amaren rolari, egunero haren ondoan zenbat ikasten duen kantatuz. Alta, Andak bota ditu bertso hunkigarrienak, adikzio kide izan duen baina menpekotasuna atzean utzi ezin duen lagunari kantari: «Esan nahi dizut, laguna/ oraintxe duzu aukera/ eta zu bakar-bakarrik/ ezin bazara atera/ hel iezadazu eskutik,/ egingo dugu batera», kantatu du Ametzagakoak, eta negar anpuluren bat ere ikusi ahal izan da, ikusle baten baino gehiagoren begi ertzean oreka jokoak egiten. 

David Goliaten aurka

Saioa paretsu joan da buruz burukora heldu arte, eta, epaileen erabakia jakinarazi arteko denboran osatu diren taldetxoetan, izan dira eztabaida beroak buruz burukora igaroko zirenen izenei buruz. «Viñaspre oso fin aritu dok», zioen batek, «Maddik [Agirrek] ere bota ditu bertso oso onak». «Nondik atera du Andak bertsokera fin hori?», liluratu da bestea. 

Askok aukera izanagatik, heldu da azkenean epaileen erabakia: Iñaki Viñaspre eta Unai Anda. Horrela geratu da definituta buruz burukoa, David Goliaten aurka, hots, 2004tik finalik huts egin ez duen Viñaspre, lehenengo aldiz finalean aurten sarturiko Andaren aurka. Azken horren izena entzundakoan, altxatu, eta besarkada estua eman dio Viñasprek; bi belaunaldi oholtzan estuki lotuta. 

Iparragirre abila dela doinuan hiruna bertso kantatzea da irabazlea erabakitzeko lehen tramitea, eta Atenasko Partenoia eraiki zuten arkitektoei inbidia sortzeko moduko orekarekin osatu dute Andak eta Viñasprek: zirtoan, batak ziria sartu eta besteak azkar arrapostu, irri eta karkaila artean eraman dute publikoa bertsotik bertsora, abiada bizian. «Orain guztia da damu/ giltzurruna ez nioke emango/ guztia jakingo banu», kantatu du ironiaz Viñasprek, seiko motzeko bertsoei erreferentzia eginez, baina ez da kikildu Anda, eta proposamenarekin itxi du bertsoaldia: «Zeren konpartitzea/ onena dugu benetan/ zu egon zaitez astean zehar/ eta ni asteburuetan». 

Lehen ariketa hain parekatua izanda, ganbarako bertsoaldian erabaki da finala. «Ikasten ari zara egoera eta pertsona batzuekin lekuz kanpo sentitzea batzuetan ederra dela», izan da gaia. Lankideak eta nagusia gorroto dituen langile gisa egin dio aurre Andak, ondo egin ere, baina Viñaspreren bertsoak nagusitu dira: «Benetan nik maite dudan/ ta maite nauten lekua» aurkitzeko grina plazaratu du Viñasprek, eta aurkitu du, publikoak erakutsi baitio maitasuna, txalo zaparradak jota, eta epaileek, txapela lortzeko beste puntu emanda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!