kulTURA

Inauguratu dute Balentziaga Museoa

Ia 400 gonbidatu izan dira Getariako ekitaldian. Getariarrak izango dira lehenak bisitatzen, etzi. Museoaren lanek 30 milioi euroko aurrekontua izan dute, hasieran seikoa zuten arren.

2011ko ekainaren 7a
13:14
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur eguerdian inauguratu dute Getarian (Gipuzkoa) Balentziaga Museoa. Bertan izan dira eraikinaren jabe diren erakundeetako ordezkariak —Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakaria, Markel Olano Gipuzkoako jarduneko ahaldun nagusia edota Angeles Gonzalez Sinde Espainiako Kultura ministroa—, baita beste 375 gonbidatu inguru ere. Besteak beste, Sofia Espainiako erregina. Moda diseinatzaile batzuk ere egon dira: Hubert de Givenchy Balentziaga Fundazioaren sortzailea, Modesto Lomba edota Amaya Arzuaga.

Getariarrak izango dira lehenak museoa bisitatzen; etzi izango dute horretarako aukera. Ostiralean irekiko dituzte ateak gainontzeko bisitarientzat.

Getariako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak osatzen dute Cristobal Balentziaga Museoa. Egitasmoak 30 milioi euroko aurrekontua izan du —hasieran seikoa zeukan—: Aldundiak %35 jarri du, Jaurlaritzak beste horrenbeste eta Espainiako Gobernuak %30. Udalak lurra ipini du, Aldamar parkean.

Cristobal Balentziaga moda sortzailearen omenezko zentroaren eraikuntza prozesuak hamar urte iraun du, kudeaketan atzemandako irregulartasunen ondorioz.

Maria Jesus Aranburu Aldundiko Kultura diputatuak museoak jostunaren baloreak gordeko dituela zioen lehengo astean: "Zintzotasuna, berrikuntza, dedikazioa eta lanerako seriotasuna dira Balentziagaren ezaugarri nagusiak, museoak aurrerantzean horiek izango ditu oinarrian". Blanca Urgell Jaurlaritzako Kultura sailburuak esan zuenez, "bi helburu ditu azpiegitura berriak: batetik, Cristobal Balentziaga handia hobeto ezagutzeko aukera eskainiko du. Bestetik, inspirazio gune izatea nahi dugu, nazioarteko moda honi begira egotea nahi dugu, haren jakinduriatik edatea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.