Inaugurazioaren ostean, etzi zabalduko dute Balentziaga museoa publikoarentzat

Espainiako erreginak inauguratu du zentroa, modaren munduko eta aristokraziako ordezkari ugarik inguratuta

Erredakzioa
Donostia
2011ko ekainaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lehen harria jarri zutenetik hamar urtera. Balentziaga museoa atzo inauguratu zuten Getarian (Gipuzkoa), Cristobal Balentziaga moda sortzailearen omenez. Hotsandiko ekitaldiaren ostean, gaur getariarrek bisitatu ahalko dute zentro berria, eta herritar guztientzat irekita egongo da etzitik aurrera. Balentziaga Fundazioak gordetzen dituen 1.200 piezetatik ehun bat ikus daitezke: 70 jantzi eta dozenaka osagarri.

Espainiako erregina buru zela inauguratu zuten museoa. Erakundeetako ordezkariak zituen alboan, besteak beste, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Angeles Gonzalez Sinde Espainiako kultura ministroa eta Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua. Donostiako Orfeoiak kantatutako aurreskua dantzatu zuten bi dantzarik, eta plaka bati oihala kendu zion erreginak, Fundazioko ohorezko presidente gisa, bertaratutakoen txaloen artean. Horren ostean, goiko aretoetan erakusgai dauden jantzien bilduma ikustera joan ziren.

Guztira 375 lagun zeuden ekitaldira gonbidatutakoen zerrendan. Hubert Givenchy moda sortzaile frantsesa eta Fundazioko lehendakaria buru zela, modaren munduko ordezkari ugari bildu ziren Getarian, tartean, Modesto Lomba, Francis Montesinos, Joaquin Trias, Amaya Arzuaga, Miriam Okariz eta Jon Fiz. Espainiako aristokraziako hainbat ordezkari ere bildu ziren ekitaldian, asko eta asko Balentziagaren bezero izandakoak, Carmen Martinez Bordiu eta Beatriz Orleansekoa, tartean. Balentziagaren diseinuak soinean zituztela bertaratu ziren hainbat emakume.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.