Liburu aurrerapena

Independentziaren dekalogoa

Euskal Herri burujabe batean koka litezkeen hamar narrazio «ez utopiko» bildu ditu Joseba Gabilondok (Urretxu, Gipuzkoa, 1963) 'Independentziaren dekalogoa' ipuin bilduman. Hau da ipuin horietako baten pasarte bat.

Jeronimo Boschen 'Atseginen baratzea' lana.
Jeronimo Boschen 'Atseginen baratzea' lana.
Joseba Gabilondo.
2025eko azaroaren 30a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken thule

«Thule [...] uharte klasikoa da. Antzinako Europan kokatzen dute mapa eta deskripzioek, iparraldean; Eskandinaviako uharte bat, Islandia, Groenlandia, Faroe Uharteak edo Shetland uhartea dela uste da. [...] Azken Thule dioen esaera zegoen Erdi Aroan, ezezagunaren mugan edo haratago zegoena izendatzeko erabiltzen zena». (Euskal Wikipedia)

Repsolek, Europatik jasotako funtsekin, eta Joseba Jon Dimas zuzendariaren gidaritzapean, Arabako hego mugan, Ebro aldean, fracking froga batzuk egin zituen. Herri mobilizazio ugariren aurka bazen ere, egunetik egunera urriagoa zen energia iturri bila jotzea ezinbestekoa zela erabakia zuen Dimasek aspaldi. Baina lehenengo, fracking proiektuari izen bat bilatu behar zion. Orduan emazteak pasata irakurtzen ari zen idazle portugaldar baten eleberri bat zela medio eta ondoegi gogoratzen ez zituen Arestiren poema batzuek izenburuari ukitu euskaldun bat emango ziotela erabakita, proiektua Harrizko Indarra / Energía de Piedra izenaz bataiatu zuen. Bere karrerako proiekturik garrantzitsuena izatera deitua zegoen: izan ere, frackinga zen EAEren gero energetikoaren giltza, hidrogenoarekin batera. Hasieran, Fontechatik Oionera bakarrik hedatuko zen proiektu esploratzailea, baina eskupeko koipetsu batzuk zirela eta, Tuteraraino luzatu zuen Dimasek. Ebroren bailarak bere iparraldean sortzen zituen aldaketa orografikoek omen zuten gas potentzial handiena, EHUko Leioako campusetik etorritako bi geologoren arabera.

Indusketak hasi, eta gas maila baxuak baina prometagarriak zeudela erabaki zutelarik, eskuarki zulatzen zena baino beherago, sakonago, arakatzea erabaki zuten. Euskal mugimendu ekologista denek egin zituzten protesta guztien aurka, Euskadi Buru Batzarreko arduradunek bermatu zioten Dimasi aurrera jo zezakeela, AHTarekin gertatu zen bezala. Azken batean, euskal oasiaren hegoko ertz arabarraz ez zen inor gehiegi arduratzen, eta ez omen zen arazorik izango frackingarekin aurrera segitzeko. Inguruko udaletxeek, aldiz, ez zuten posiziorik hartu, kalte handirik eragin gabe, proiektuak lanpostu asko sortuko zituen esperantzan.

Lehergailuak ere erabiltzen hasi ziren eta, beranduegi zenerako, Leioako bi adituek aditzera eman zioten Dimasi espero ez zuten formazio orografiko «bitxia» idoro zutela Ebro ibarraren azpialde itxuraz ezin arruntagoan eta lurra zartatzen hasi zela. Bi adituek pasaporteak hartu eta Belgikara ihes egin zutenerako beranduegi zen. Egunkariek «Ebroren arrakala» deitu zioten fenomenoa zabaltzen joan zen, eta zartadura egunero luzeago eta sakonago hark ibai zabal espainiarreko ur guztiak irentsi zituen bat-batean. Aragoiko eta Kataluniako elkargoek beren kritikak eta demandak Madrilen aurkeztu zituztenerako, eta Parlamentu espainiarreko diputatuek, VOXekoek batez ere, konspirazio geoterrorista bat zegoela salatu zutenerako, Dimasek ere Thailandian erosi zuen etxea, familia guztirekin bertara mudatuz.

Alabaina, ordura arte Energía de Piedra proiektuarekin zerikusi zuzenik ez zuen nazioarteko beste arazo batek ustekabean harrapatu zituen parlamentu espainiarra eta bere geoterrorismoaren eztabaida sutsua. Ebroren arrakalak Pirinioetan ere ondorioak izan zituen: Aragoi eta Ezka ibaietatik gora, ustekabeko zartatze hura Erronkariko bailaran barneratuz joan zen, urak banatzen zituen gertaera bibliko ezagunaren antzera, oraingoan lurrak baziren ere urak partitzen zituenak. Lurren banatze jainkotiar berria Frantziara ailegatu, eta Zuberoan eta Oloroeko uhaitzean behera jota, Adur haranera hedatu zen. Hala, nazioartera pasa, eta ibai frantsesean behera ekinez, arrakala Baionara iritsi zen azkenean. Oraingoan Parisko parlamentuan hasi ziren eztabaidatzen geoterrorismoaren hipotesia. Azkenean, orduko presidente frantsesak erabaki zuen konspirazio euskaldun terrorista bat zela, eta, epaiketarik gabe, Euskal Hirigune Elkargoko ordezkari guztiak kartzelan sartu zituen.

Halere, presidentzia frantses kontserbatzailearen azken urtean, jauregiko pasilloetan hedatu zen zurrumurru baten kariaz, norbaitek Napoleonen garaiko euskal jeneral bat aipatu zuen, Garat zeritzon bat, zeinak Espainia armaz hartu ondoan, proposatu omen zion Korsikako jeneral jeinuari Euskal Errepublika bat sortzea, sasoian Espainia eta Frantzia artean oztopo, galgarri eta iragazki bezala funtziona zezakeena eta, oraingoan, beste XXI.. mendeko Napoleon berriak, errepublikaren presidente kontserbatzaileak, Afrikatik zetozen etorkin amaitezinen aurka ere erabili zezakeena. Eta, beraz, Adur-Ebroren arrakala isilarazi zuen gobernu frantsesak, eta ez zen berriro geoterrorismoaren gaia aipatu Parisko Eliseo Zelaietan.

Ebro iparraldetik Adur hegoaldera hedatzen zen lur pusketa berriari izena jartzeko eztabaida hedatu ahala, Twitter-Xko txiste bat kazetarien artean hedatu zelarik, Garatia izena popularizatuz joan zen, euskal jeneralaren ohoretan. Baina EAEko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargo kartzelatik atera berriak lehen bilerak eta erabakiak hartu aurretik, Garatia lur mugatu eta arrakalatua izatetik ugarte bilakatzera pasatu zen. Ezarian-ezarian, Bizkaiko Golkoan barneratzen joan zen euskal ugarte berria, bi estatuen artean, etorkinen aurkako ur-muga berri bat sortuz, Parisko gobernuak aurreikusi bezala. Poliki-poliki Bretainia frantsesaren hegoaldera hurbilduz joan zen ontzi garatiarra, eta, mendebaldera mugitu eta gero, bertan paratu zen, Frantziatik eta Ingalaterratik distantziakide eta Espainiatik urrunago, baina ez hain urrun, non A Coruñatik hurbiltzeko modurik ez zegoen.

Gobernu espainiarrak ugartea ofizialki beretzat aldarrikatu bazuen ere, Europako eta AEBko interes geopolitikoek laster isilarazi zuten harrabots espainiarra, «beste Gibraltar» bat zela argudiatuz. Irlandako gobernuaren bitartekaritzarekin, munduko herrialde guztiek aldarrikatu zuten Garatia subirano eta burujabe Nazio Batuetako osoko bileran, eta Europar Batasunak Bruselan «ugarte estatu asoziatu» kategoria osagarria eman zion.

Ugartea tinko paratu zela zirudienean, eta burujabe ere bihurtzeak bere egoera egonkortu zuela zirudienean, ugarte barnean hasi ziren anabasak. Bertako jendearen erreakzioak, ezustean garatiar bihurtutako hiritar berrienak, aurreikusezinak suertatu ziren. Populazioaren % 1ek bere burua itsasora bota zuen klaustrofobiak jota, ugarte batean harrapatuta beren bizitzen hondarra pasako zuten ideiarekin bakerik ezin eginez. Ugarteko iparraldean komunak sortu ziren, orain artean Europan pentsaezinak ziren gizarte esperimentu berriak bultzatuz, talde osoaren zaintzari lehentasuna emanez eta astean hiru lanegun bakarrik eskatzen zituzten kooperatibak sortuz.

'INDEPENDENTZIAREN DEKALOGOA'

Idazlea: Josba Gabilondo.

Generoa: Ipuinak.

Argitaletxea: Txalaparta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.