'Indie' musikak amaiera data dauka

2011ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Hamarkada berrian sartu gara, eta, etorkizun laburrera begira jarrita, gauzak ez dira gehiegi aldatuko. Aurreko hamarkada markatu duen datu nagusia azkeneko urteetan sortu den zarata edo zaborra da. Interneten gertatzen den bezala, musikan ere spam ugari dago, eta zaila da denboran zehar iraungo duten kantuak aurkitzea. Hor dute etorkizuneko taldeek erronka handiena, hor eta kantuen kalitatean, noski.

Kitsune Maison duela zortzi urte Parisen sortutako proiektua da. Indie eta elektronika dira nagusi haren proposamenean, eta urtero argitaratzen dituen bildumetan oinarritzen da haren ekoizpena. Amerikako Estatu Batuetan Pitchfork-ek webzinema gisa egiten duen lana EuropanKitsunek egiten du, eta erreferentzia bilakatu da. Biak dira, momentu honetan, indie musikaren jaungoikoak.

Benetan bitxia da indie musika modan jartzearen kontua. Duela 20 urte horrelako doinuak egiten ziren jada, baina orduan ez zegoen gaur egun dagoen azpiegitura: internet, jaialdi erraldoiak, blogak, eta abar. Nire ustez, hori da indie musikaren iraultzaren oinarri nagusia,;funtsean, ez baitauka asko esateko. Horrekin, zera esan nahi dut: indie estiloko kantu gutxi gogoratuko direla etorkizunean. Hala ere, gustuko ditudan doinuak direnez, Kitsune Maison-en bildumak ezinbestekoak dira kantu eta artista berrien bilaketa lanak egiteko.

Hamargarren lan honetan Digitalism, Black Strobe, Punks Jump Up edo Waylayers taldeak aurkitu ditut. Horietako batzuk ez dira hasiberriak, baina kantu argitaragabeak eskaintzen dituzte hemen. Disko bikoitza da, spam ugari duena, baina Internetek bezala probetxuzko materiala ere gordetzen du. Kantu denak dira aurretik argitaratu gabekoak, horrek duen arriskuarekin.Aurten erosi dudan lehen diskoa izanda, aurrera begira zer erosi eta nondik jo erabakitzen lagunduko dit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.