Etxean kanta baten lehen akordea probatzen dabilen musikariarengandik hasi eta kontzertuko azken kantaren ostean bozgorailu guztiak biltzen geratzen den teknikariarenganainoko soka osoa hartu nahi du kontuan Musikaren Bulegoa elkarteak. Sortzaile, banatzaile, manager, estudioko teknikari, ekoizle eta aretoko arduradunak: industria osoarentzako aterpea eskaini nahi du sortu berri den elkarteak, eta Eusko Jaurlaritzak solaskidetzat hartuko du industriari buruzko politikak ezartzeko. Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak azaldu du hori: «Sektorekako eta alorkako sakabanaketa ez da batere ona izan, eta oso garrantzitsua da elkarte guztiak biltzea elkarte berri batean, eta elkarte hori izatea Jaurlaritzarekin batera musika alorrean egin behar diren kultur politikak definituko dituena».
Labur azalduta: elkarteen elkarte bat da Musika Bulegoa, eta lau kide ditu oraingoz. Musika industriari lotutakoak dira laurak, eta pribatuak laurak. Bat: Musika Industriaren Elkartea, berrogei enpresa inguru biltzen dituena. Bi: Musika Live elkartea, 30 bat areto pribatu biltzen dituena. Hiru: Musikari elkartea, 180 musikari inguru batzen dituena. Eta lau: Musikagileak elkartea, ehun bat musikagile batzen dituena. Etorkizunean jende gehiago elkartzea da asmoa, Amets Rodriguez Bulegoko presidenteak azaldu duenez. «Guztiz irekia da bulegoa, kolaborazioa eta parte hartzea handia izatea gura dugulako. Zenbat eta ikuspuntu gehiago egon, askoz ere indartsuagoa izango da, eta hobeto funtzionatuko du denak». Zehaztu dutenez, zabalik izango ditu ateak horretarako bulegoak, eta musikagintzaren inguruko edonork eman ahal izango du izena. Elkarte, enpresa zein norbanako.
Gaur egingo dute proiektuaren aurkezpen publikoa, Bilboko Stage Live aretoan. 19:30ean, bulegoaren nondik norakoen berri emango diete kultur eragileei, eta 20:30ean, bi kontzertu antolatu dituzte: Hego Haizea eta Ainara Ortega batetik, eta Travellin' Brothers bestetik. Zuzenean arituko dira, eta doakoa izango da sarrera.
Gasteizen izango du egoitza bulegoak, eta bi helburu nagusi izango ditu lehen bi urteetan. Elkartearen funtzionamendua eta funtzioak zehaztea izango da lehen hilabeteetan xedea, eta debatea ere bultzatuko du sektorean. Topaketa horietan ezarriko dira geroko lan ildo zehatzak, baina aurkeztu dituzte jadanik asmo orokorretariko batzuk. Besteak beste, Euskal Herriko musikagintza babestu eta indartzea, euskarazko musika hedatzea, publiko berriak sortzea, musika sektoreko elkarte sarea indartzea eta profesionalizazioa indartzea aipatu dituzte helburuen artean.
Beste alorretarako eredu
Rodriguez pozik agertu da elkartearen sorrerarekin. «Baliagarria izango da industriaren beharrizanak komunean jarri eta proiektu komunak abian jartzeko». Azaldu duenez, urteak eman dituzte bulegoari buruz gogoetan industrian, eta lan horren emaitza izan da hura sortzea. Industriarentzako topagune bat sortzea da haien asmoetariko bat, eta gaur egun elkartetik kanpo dauden eragileak epe ertainean elkarterantz gerturatzea da horregatik haien asmoa.
Eredu gisa aurkeztu du Musika Bulegoa Muñozek. «Beste alor batzuk ere nola landu daitezkeen erakuts dezake. Industriako alor bakoitzak lortu du bere jarrera partikularraz harago begiratu eta formula komun batera heltzea. Horrek gardenagoa, arinagoa eta eraginkorragoa bilakatzen du sektore publikoaren eta pribatuaren arteko kudeaketa».
Lehen ekinaldia martxan dauka jadanik bulegoak. Izan ere, Adi Gure Musikari, adi!! kanpainaren barruan, hainbat kontzertu, hitzaldi eta mahai inguru antolatzen dabil maiatzaz geroztik.
@ Informazio gehiago webgune honetan: musikabulegoa.eus
Industria osoarentzako topagune izan nahi du Musika Bulegoak
Musikagintzako lau elkarte batzen ditu oraingoz bulegoak, baina zabaltzea da ideia.Eusko Jaurlaritzarekin batera definituko ditu industriari buruzko politikak aurrerantzean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu