begona del teso
Eppur si muove

Infekzioa da lotura gure artekoa

2025eko maiatzaren 30a
04:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Gainbegirada azaleko batez, beste hamaika neketan den ikusleak ezingo lituzke boteprontoan batu Carla Simonen Romeria, Julia Ducournauren Alpha, Lur Olaizolaren Xulia eta Ari Asterren Edington filmak.

Bagara, baina, zinemak eskaintzen dizkigun deskalabruetara usatuak garenok. Cannes da eskola aproposa horretarako. Bertan imajinaezin dirudiena gertatzen baita, harrokeria galantena eta gizakien arteko elkartasunik estuena; duela hiru urte, Top Gun Maverick hor aurkeztu zenean, hainbat ehiza-hegazkinek zeharkatu zuten, txulo eta orroka, La Croisetteko zeru urdina. Aurten, piloturik gabeko misil israeldar batek hildako Fatima Hassouna gerra erreportari gazte eta ausartaren argazkia izan zen irekiera zeremoniaren ikur nagusia…

Zinemak dituen kontraesan horietan guztietan igeri gogoz egiten dugunok (bai zeluloide-lasterren kontra, bai alde) istant batean harrapatzen dugu aipatu film maitatu horiek lotzen dituen misterioa. Esan genezake herioa dela lotura gunea eta ez ginateke gezurretan arituko, baina agian zinematografikoagoa litzateke beste hitz batzuk erabiltzea: Birusa, infekzioa, pandemia, kutsadura (bai morala bai organikoa); gaur egungo mundu gurearen Apokalipsiaren lau zaldiko.

Komentatu izan dugu pasatutako izkributan Alpha-n birus batek jota den jendea marmolezko estatua bilakatzen dela eta gero… airean desegin. Komentatu behar dugu orain Beau is Afraid filmaren egilearen azken proposamenean COVIDak hartua ez den Estatu Batuetako herri txiki eta galdu batean, jendeak pandemiari dion beldurrak giza munstroak sorrarazten dituela, ilunabarreko westernetan erabili ohi den erara aurkeztuak.

Bai, pandemian bizi ginenean hasi ziren batzuk bat-bateko filmak egiten horren inguruan, eskura zituzten bitarteko urriekin. Laster batean egindako aberiak ziren gehienak. Ez zen inporta. Bagenekien denbora pasatzen utzi behar genuela. Berandu baino lehen izurriteak eraginiko mamuak gorpuztuko zirela jakitun ginen. Eta hor daude, hamaika pelikulatan alderrai. Alpha-n, bai. Eddington-en bai.

Ez da COVIDarena bizi izan dugun pandemia lehen eta bakarra. Ez da azkena izango. Izan zen gurean hiesarena, komunitate bi (homosexualena eta drogazaleena) bere burua moral handikotzat zuen jendearen jomugan jarri zituena. Izurri horretan galdu zituen gurasoak Alcarras filmarekin Urrezko Hartza eskuratu zuen Carla Simonek. Bere Romeria-n, non zeluloide-josteak izurik gabe agertzen diren, begirada delikatu eta argitsu bat botatzen dio aspaldiko eta betiereko absentzia horri. Filmean, oroitzapenak zirkuitulaburtzen dira, bideokamera bat lekuko, kamera bat fantasmen gordailu…

Bai, pandemia guztiek (pasatutakoek, etortzear direnek), absentzia orok, barne/kanpo izurrite amaigabeek lotzen dituzte Simonen, Ducournauren eta Asterren filmak. Horren testigu,  Filmin plataforman ikusgai den Lur Olaizola Lizarralderen Xulia laburra. Hemen ere, hiesa. Hemen ere, hasieran dibertimendu gisa hartzen zen heroina. Hemen ere, aipamena merezi duen emakume bat, Xulia Alonso, Nafarroako Biurrunen zen errehabilitazio zentroan aterpe hartu zuen emakumea. Garai haietako bizipenen inguruan du Futuro imperfecto liburua idatzia. Carla Simonek berak izkiriatu du bertako gibel solasa…

Ikusten? Apokalipsi gaurkoaren zaldikoek lotzen gaituzte pantailaren aurrean, kameraren atzean.

(ID_17485076668545) \'ROMERIA\'
Carla Simon zinemagilearen 'Romeria' filmaren irudi bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.