Ekarri zituzten Ekialdeko Magoek elurra eta opariak, baina trukean Bela Tarr zinema sortzailea eraman zuten. Asteartean zendu zen Satantango-ren egilea, zeinak behin baino gehiagotan Laszlo Krasznahorkai Nobel saridunarekin egin baitzuen lan. Infinituak ziren Bela Tarren planoak. Plano horien barrenetan, dir-dir egiten zuen zuri-beltz zikinduan, euria ari zuen. Beti. Etengabe. Urrikigabe. Euria ari zuen, bai. Hotza zerion, bai, zeluloideari.
A Torinói ló (The Turin Horse) filmean, espantagarriagoa da egoera; euria eta hotzaz gain, gosea dario istorioari. Etxe kalamastra batean, emakume bat eta gizon bat saiatzen dira bizirauten. Haizeak anker, krudel jotzen du egur ustelduaren zirrikitu guztietatik. Auskalo existitu ere egiten den Jainkoak ez die ezta egun honetako ogia ematen. Patata bat baino ez dute lapikoan, platerean. Emaiguzu arren, egun honetako patata…
«Gizaki bat baino ez naiz», esan zuen, behin, Tarrek, Berlinen bere zinema osoa aitortu zutenean Europako Zinema Sarietan. Ezagutzen ditugu guk hemen gizaki andana, saldoak eta multzoak; eta ezin errekonozitu horietako bakar batengan ere Bela Tarren gizatasuna. Inor ez baitzen inoiz ausartu Belak hain ongi ezagutzen zituen amildegietara hurbiltzen.
Ekarri zituzten Erregeek elurra eta opariak, eta trukean, ai, eraman ziguten Bela. Bere absentziaren mina amatatuko dugu Filmin plataforman den Werckmeister Harmóniák harrigarria ikusten.
Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek Bela eraman zigutenean, gu Lois Patiñoren Ariel ari ginen dastatzen. Plazer handiz, misterioan bildurik. Ion de Sosak eta Xabier Erkiziak diseinaturiko argietan eta soinuetan harrapaturik, seko hartuak, bahituak.
Galizian egiten den zinema ezin hobeagoaren ikurra den Patiñok —zeinak euskal ekoizleak izan baitzituen bere Samsara-n— egiten dizkigun hamaika galderaren artean, batek kezkatu gaitu beti, gozo kezkatu ere: zer gertatzen da museo batean bisitariek alde egiten dutenean, argiak itzaltzen direnean, inor ez dagoenean? Ateratzen al dira pertsonaiak dauden margoetatik? Egiten al dute dantza? Elkar maitatu, elkar hil? Zer gertatzen da liburutegi eta dendetan? Bizitzara al datoz liburuak? Eta zure etxeko pantaila itzaltzean, aurrera egiten al du bukatu gabe utzitako filmak? Agian, nork daki, guk sekula ikusiko ez dugun pelikula sortzen da. Baina eguna argitzerakoan, guk pizteko botoia sakatu orduko, pelikula hori ezabatuko da, malkoak eurian nola.
Patiñoren lanean, Azoreetako irla bat bilakatu da agertoki eternala. Bertan, Shakespeareren pertsonaiek Williamek idatziriko komedia eta tragediak antzezten dituzte. Barka, antzeztu ez da hitz egokia. Bizi esan behar nuen. Ez baitira haiek aktoreak, pertsonaiak baizik. Romeok eta Julietak beren amodio debekatua bizitzen dute egunero. Iluntzerako hil egin behar dute. Biek. Alta, argia urratu bezain pronto izango dira berriro bizirik, Hamlet eta Ofelia bezala. Inork, ezerk ez ditu liburuak ireki eta ixten.
Patiñoren lanean, Azoreetako irla bat bilakatu da agertoki eternala. Bertan, Shakespeareren pertsonaiek Williamek idatziriko komedia eta tragediak antzezten dituzte. Barka, 'antzeztu' ez da hitz egokia. 'Bizi' esan behar nuen
Patiñok izan ezik, inork ez daki begizkoa ala bedeinkapena ote den Faialen gertatzen dena, baina hor daude guzti-guztiak, Caliban, Prospero, denak beren istorioak bizitzen…
Ederra da filma. Misteriotsua. Shakespeareren pertsonaiekin batera, badago irlara iristen den benetako aktore emakume bat. Antza, antzerki lan baterako deitu dute, baina itsasontzian zegoela, Ariel espiritu berak bidalitako haizeak aldatu du noranzkoa, eta Faial izeneko irlara bideratu. Hantxe, bera izan ezik, inor ez da aktorea, denak baitira pertsonaiak…
Brasilgo Curitiban eta Lisboan saritu dute Loisena, Matias Piñeirorena, De Sosarena, Erkiziarena eta beste askorena den pelikula hau, Rotterdameko zinemaldiaren babesa jaso duena. Gurean, Hegoaldean, aste bat baino ez du iraun karteldegian. Lastima. Ez egin, baina, negarrik. Seguru banatzaile ausart batek onartuko duela erronka, eta den altxor moduan gorde. Seguru plataformetan edo kulturgunetan izango dugula inoiz ikusgai. Adi izan.
Ekarri ziguten Erregeek Ariel erregalu. Ez genion merezi zuen estimua eskaini, eta asaldaturik, beren erreinuetara eraman ziguten Bela Tarr… Ai!
