«Funtsezko garaia da hau, eta orain adostu eta hitzartu dezakegunaren araberakoa izango da Bilboko Orkestra Sinfonikoaren etorkizuna». Iñigo Alberdik berreraikuntza baten atarian irudikatu du Bilboko Orkestra Sinfonikoa, eta esplizitu egin du zer bi esparrutan jokatzen den erakundearen geroa. Oraintxe bertan negoziazio bidean den lan hitzarmena adosteko beharra aipatu du, alde batetik, etazuzendari titularra ere hautatu behar dela gogoratu, bestetik. Onartu duenez, «airean» daude bi alor horiek, eta biak ditu ezinbesteko Alberdik buruan darabilen etorkizunak. Maiatzean hartu zuen erakundearen zuzendaritza kargua, eta gaur egin du bere lehen aurkezpen publikoa. Horregatik, berez orkestraren hurrengo denboraldia aurkeztekoak baziren ere, datorren orkestraren aurkezpen moduko bat bihurtu da azkenean deialdia.
Hain justu, Elkarrizketak izango da orkestraren hurrengo denboraldiaren leloa, baina, esparru musikala alde batera utzita, Alberdik zuzenki lotu du hori lan hitzarmenaren negoziazioarekin. Onartu duenez, hitzarmena adostea da postua hartu duenetik ezarritako lehen erronka. «Hitz hori aukeratu dugu, gure etxe barruan ere oraintxe bertan elkarrizketetan ari garelako, eta musikaz aparte, lan baldintzez ere hizketan ari garelako, eta, beraz, elkarrizketa delako gure helburua, bai musikalki bai eta etxe barruan ere».
Zuzendari denetik, Alberdik bi bilera formal izan ditu langile batzordearekin, eta, iragarri duenez, astelehenean izango dute hirugarrena. Borja Pujol BOSeko zuzendari teknikoarekin eta orkestrako bi abokaturekin bilduko da Alberdi, eta haiekin batera lan batzordeko lau kide eta sindikatuetako ordezkariak ere izango dira bilkuran.
«Proiektu aglutinatzailea izan behar du BOSek, eta herrialdeko musikagintzaren oinarri sinfonikoa izan nahi dugu; hiriarena noski, lurraldearena ere bai, baina baita herrialdearena ere»
IÑIGO ALBERDI Bilboko Orkestra Sinfonikoko zuzendaria
Ez dio bere buruari hitzarmena adosteko epemugarik ezarri, baina «ahalik eta azkarren» gerta dadila espero du. «Etxea baketzeko» ezinbesteko tresnatzat du hori Alberdik, eta baikor azaldu da. «Argi daukat guztiok egiten dugula bat proiektuarekin, eta hori oso garrantzitsua da».
Nielsenen agurra
Zuzendari titularrarena da BOSen etorkizuna baldintzatuko duen beste hanka, eta, Alberdik azaldu duenez, hasiak dituzte bilaketa lanak. Eta, alor horretan ere, «erabakiak hartzeko urtea» izango da, Alberdiren hitzetan.
Erik Nielsen zuzendari estatubatuarrak bete du postu hori azken bederatzi urteetan, baina, proiektu pertsonalak lantzeko gogoa adierazita, iazko abuztuan eten zuen BOSekin zuen kontratua. Urte horietan egindako lana txalotu dio Alberdik, eta eskerrak ere eman dizkio horregatik. «Lan bikaina egin du, eta orain hautatu egin behar dugu norekin egingo ditugun hurrengo urteak».
Bilboko Orkestra Sinfonikoak zer egiteko duen ere zehaztu du Alberdik zuzendari modura egin duen bere lehen aurkezpen publikoan. «Proiektu aglutinatzailea izan behar du BOSek, eta herrialdeko musikagintzaren oinarri sinfonikoa izan nahi dugu; hiriarena noski, lurraldearena ere bai, baina baita herrialdearena ere». Orain artean ere egiteko hori bete du orkestrak, zuzendariaren ustez, baina aurrerantzean bide horretan areago sakontzeko asmoa adierazi du.
Azken hilabeteetan bizia izan da Bilboko Orkestra Sinfonikoko lan gatazka. Protestak ez ezik hainbat greba ere egin dituzte musikariek urtea hasi zenez geroztik.
Lan hitzarmenean gaixorik dauden langileen ordezkapenei buruzkoa da eztabaidaren punturik gatazkatsuenetako bat, eta mugarria izan da Bilboko Arriaga antzokiak ekoitzitako Mari eli opera. BOS parte hartzekoa zen bertan, baina grebarako deia egin zuten orkestrako musikariek emanaldi horien egunetan, eta horrek kolokan jarri zuen estreinaldia. Zuzendaritzak deialdia auzitegira eramango zuela iragarri zuen, ordea, eta, azkenean, bertan behera geratu zen deialdia. Bitartekariek ere hartu dute parte geroztik, eta oraindik ere martxan dira negoziazioak.
Erabaki zehatzen zain
Zuzendaria aldatu denetik harremanak hobeak diren arren, oraindik ere konpromiso zehatzak falta direla salatu dute langileek. Denboraldiaren aurkezpenak iraun bitartean, protesta ere antolatu dute horregatik, orkestraren egoitzaren kanpoan, eta hogei bat langile batu dira BOS hitzarmenaren alde borrokan zioen kartelaren atzean.
Negoziazioak martxan direla onartu du Lander Etxebarria biola jotzaile eta ELAko ordezkariak, baina, salatu duenez, oraindik ez da gatazka amaitutzat eman ahal izateko «nahikoa aurrerapen» egin. Musikarien ordezkapenak dira negoziazioaren korapilo nagusietako bat, eta, Etxebarriak salatu duenez, konpromiso zehatzak hartu beharrean, «erabakiak atzeratzen» eta formulazio «anbiguoak» baliatzen ditu zuzendaritzak. Haiek lantalde «egonkorra» eta «osasuntsua» nahi dutela zehaztu du, eta asteleheneko bilkuran bide horretan aurrera egin ahal izateko esperantza azaldu.
Leningradoren setioa, Petrenkoren zuzendaritzapean eta Jaioren testuekin
Elkarrizketak. Ideia hori izango du ardatz Bilboko Orkestra Sinfonikoaren hurrengo denboraldiak, eta, guztira, hamazazpi kontzertu sinfoniko eta ganberako beste hamar egingo ditu. Martin Garcia Garcia piano jotzailearekin batera emango duten emanaldiarekin hasiko da programa irailaren 25ean eta 26an. Horrez gainera, Eraztunen Jaunaren zinemako trilogiako azken atalerako Howard Shorek sortutako soinu banda ere interpretatuko dute abenduaren 18an eta 19an, eta Xostakovitxek bere sorterriaren setio betean sortutako Leningrado obra ere interpretatuko dute. Emanaldi horretan, gainera, Ukrainako okupazioa publikoki salatu eta Errusian zituen postu guztiei uko egin dien Vasili Petrenko zuzendariaren gidaritzapean arituko dira BOSeko musikariak, eta propio saio horretarako sortutako testu bat irakurriko du Karmele Jaio idazleak.
Johann Sebastian Bachen Pasioa San Joanen arabera oratorioa ere emango dute Carlos Menaren zuzendaritzapean eta San Juan Bautista Abesbatzako ahots gazteekin. Sasha Cooke mezzosopranoa, Alessio Bax eta Moises P. Sanchez pianistak dira programan nabarmentzen diren beste izenetako batzuk.
Bakarlariz osatutako kontzertu ziklo moduko bat ere antolatu dute. Esate baterako, Sergei Dogadinekin batera emango dute Sibeliusen biolinerako kontzertua urriaren 2an eta 3an. Gabriel Erkorekak Kalakan taldearentzako idatzitako Zuhaitz pieza ere taularatuko dute abenduaren 4an eta 5ean. Fazil Say pianista eta konpositoreak kontzertua emango du BOSekin batera otsailaren 26an eta 27an. Eta, azkenik, Pacho Flores tronpetistak Paquito D’Riverak idatzitako Concerto Venezolano joko du orkestrarekin ekainaren 4an eta 5ean. Bakarlarien zikloa ez ezik, denboraldia ere itxiko du saio horrek.