Historia

Iñigo Lopez Simonek irabazi du Tene Mujika saria

Bilbon 1960ko hamarkadan izandako txabolismoa aztertuko du egileak.

Bilboko Otxarkoaga txabola auzoa izan zen, eraikinak jaso aurretik. BERRIA
Berria
2020ko urtarrilaren 28a
13:00
Entzun

Iñigo Lopez Simon historialariak irabazi du 2020ko Tene Mujika beka, Bilbon XX. mendearen erdialdean gertatu zen txabolismoa aztertuko duen proiektu batekin. Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko beka horrek. Aurten aurkeztutako proiektuen artean, Lopezena eman du irabazletzat Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak, eta historialariak urtebeteko epea izango du lana burutzeko, gero liburu gisa argitara dadin.
 
1950etik aurrera hazkunde ekonomiko handia gertatu zen Bilbo aldean eta beste zenbait inguru industrialetan. Aldi berean, Espainiako hainbat zonatan, milaka gazte prest zeuden beren lurra uzteko eta migratzeko, etorkizun hobe baten bila. Hortaz, gizon-emakumeak samaldaka iritsi ziren, besteak beste, Extremadura, Galizia eta Gaztelako landa lurretatik, baina garai hartako agintariek ez zituzten azpiegiturak abiada berean prestatu, eta, etxebizitzen gabeziari aurre egiteko, migratzaile haiek etxolak eraiki behar izan zituzten. Horrela sortu ziren txabola auzoak Bilboren inguru osoan 50eko hamarkada amaieratik aurrera, eta fenomeno hori gertutik aztertu nahi du liburu horrek; bai testuinguru sozioekonomikoan kokatuz, bai protagonisten bizipenak ahoz aho jasoz.

Iñigo Lopez Simon 1984an jaio zen, Basaurin (Bizkaia). Historiako doktorea da; hiri marjinalitateari eta gazte delinkuentziari buruzko tesi bat egin zuen, eta Otxarkoagako (Bilbo) txabolismoaz ere idatzi izan du. Hauxe izango du arlo akademikotik kanpoko lehenbiziko argitalpena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.