Inoiz ezagutu gabeko Mirande bat aurkeztu du Mikel Sotok

'Mirande. Herriminez, ezin-minez' saiakera liburua ondu du Sotok, iaz Tene Mujika beka irabazi ostean. Miranderen argitaratu gabeko ipuinak, gutunak eta poemak eman ditu argitara, eta idazlearen pentsamenduan ere sakondu du.

Mikel Soto 'Mirande. Herriminez, ezin-minez' liburuaren aurkezpenean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Soto 'Mirande. Herriminez, ezin-minez' liburuaren aurkezpenean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
Donostia
2025eko azaroaren 27a
17:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sarrionandiak du guztiaren errua. 15 urte inguru zituela irakurri zuen Mikel Sotok Ni ez naiz hemengoa liburua (Pamiela, 1985), eta ezezagun zitzaion idazle bat agertu zitzaion: Jon Mirande. «Jon Miranderen erlijioa literatura da batik bat», zioen Joseba Sarrionandiak Iada ez da gartsuki sinesten pasartean, eta horrek interesa piztu zion «literaturan erlijiosoki sinesten» hasi zen Soto gazteari. 30 urte pasatxoren ondoren, Mirande. Herriminez, ezin-minez saiakera liburua argitaratu du idazleak, Tene Mujika bekaren laguntzaz. Aurkikuntza ugari egin ditu, eta inoiz argitaratu gabeko testuak argitaratu ditu liburuan. Elkar argitaletxeko Xabier Mendiguren izan da editore.

Euskal literaturari buruzko ikerketetan asko aurreratu den arren, Sotoren ustetan oraindik asko dago egiteko. Dema horretan, ideia bat izan zuen abiapuntu: entzuna zuen Mirandek bretoieraz idatzi izan zuela, baina inoiz irakurri ez. Bada, arakatzen hasi, eta inoiz argitaratu gabeko testuak aurkitu zituen. «Inoizko erarik parakaidistenean joan nintzen bretoi batengana, eta testuak mesedez itzultzeko eskatu nion», kontatu du egileak. Baina bazuen arantza bat; izan ere, dio aitortuta zegoela Miranderengan garrantzia izan bazutela Bretainiak, bretoiek eta bretoierak, baina ez zegoela ikertuta horri buruzko ezer. Hala, ikerketari ekin zion, eta aurkikuntza bat nabarmendu du: Bretainia bera. «Mirande beti zen maitasun gose, eta, bretoiak ezagututa, ez nau harritu haiekin egindako loturak: oso-oso herri abegikorra da».

«Ezin nuen irudikatu ere egin zenbat falta zen ezagutzeko eta aurkitzeko»MIKEL SOTO Idazlea

«Pista bretoiari» segitzeko asmoz aurkeztu zuen Sotok Miranderi buruzko proiektua Tene Mujika bekaren deialdian, baina bazuen susmo bat: Miranderi buruzko informazio eta argitaratu gabeko testu gehiago deskubrituko zituela. Susmoak uste baino arrazoi handiagoa izan zuen: «Ezin nuen irudikatu ere egin zenbat falta zen ezagutzeko eta aurkitzeko», esan du. Mirande. Herriminez, ezin-minez liburua 11 atal nagusitan dago banatua, eta askotariko gaiak ageri dira; hala nola idazlearen bizitza, Bretainiarekin izandako harremana, lagunak, orduko testuingurua, literatura eta ideologia. Miranderen gaineko eztabaidarako ere proposamen batzuk aurkeztu ditu Sotok; lehenengoa, arazo gisa baino gehiago, Mirande sintoma gisa identifikatzea, hau da, «euskal kulturaren baitako praxi okerrak detektatzeko» tresna gisa. Hogei orriko bibliografia duen liburu bat osatuta ere, Sotok aitortu du argitaratu gabe gelditu zaizkiola zenbait itzulpen, gutun eta beste.

Aurkikuntza ugari

Ezin aurkikuntza guztiak aipatu, baina liburuan argitaratutako batzuk zerrendatu ditu Sotok: Jon Miranderen lehenengo gutunak, aurreneko idatzi argitaratuak —uste zen baino bi urte lehenago hasi baitzen idazten—, Euzkadi Buru Batzarrarekin izandako gutun trukaketa, Arestiri bidalitako gutunak —bide batez, Arestiren argitaratu gabeko testu batzuk ere topatu ditu—, Liburu lizunetaz artikulu polemikoaren zeharo desberdina den aurreneko bertsio bat, galdutzat jotzen zen Miranderen aurreneko ipuinaren euskarazko bertsioa —bizipen erreal batean oinarrituta dagoena, eta euskaraz homosexualitatearen alde idatzitako lehen testua izan daitekeena—, argitaratu gabeko hainbat poema eta bretoieraz idatzitako beste hainbat, Argentinako aldizkari nazi batean idatzitako bi saiakera, Mirandek Norbert Touerri idatzitako «protoipuin pornografikoa», eta abar.

Miranderen arlo pertsonalean arakatzeko ere, han eta hemen aritu da Soto artxiboen bilaketan. Zehazki, liburua osatzeko berrogei artxibo publiko eta pribatu baino gehiago argitaratu ditu; besteak beste, Bretainiako Justizia Ministeriotik, Frantziako zerbitzu sekretutik edo Estatu Batuetako CIAtik eskuratutakoak; baita, Frisiatik (Herbehereak), Galesko liburutegitik (Erresuma Batua) eta Alemaniako artxibategitik eskuratutakoak ere. «Jon Miranderen bizitzari eta obrari buruzko hainbat hipotesi baieztatu ditut», argitu du Sotok.

«Niretzat, euskal kulturak eta literaturak, zerbait behar izatekotan, askatasun handiagoa behar du, eta ez zentsura edo autozentsura handiagoa»MIKEL SOTO Idazlea

«Miranderen askatasun artistikoa interesatzen zait niri, eta askatasun artistiko horrekin sortzeko gai den edertasuna», esan du egileak, eta egungo euskal kultura izan du hizpide: «Niretzat euskal kulturak eta literaturak, zerbait behar izatekotan, askatasun handiagoa behar du, eta ez zentsura edo autozentsura handiagoa. Marka da gero, 50 urte pasatuta, informazio hau guztia esku artean izanda, Miranderen obra eta bizitza berdindu nahi dutenek horri buruzko aipamenik ez egitea». Miranderen nazismoa ere ikertu du Sotok, baina are gehiago sakondu nahi izan du, eta zera argitu: nazia nola, nazia norekin eta nazia zergatik. Gainera, idazlearen profil psikologiko bat egiten ahalegindu da Soto, ulertzeko Mirande nolakoa zen eta zergatik zen halakoa, eta ondorio bat ere atera du: gaitasun handiko pertsona zela. Aitortu du zenbat eta gehiago ikertu orduan eta modernoagoa iruditzen zaiola Mirande.

Sarri eta Mirande

Sarrionandiak azaldu du XX. mendeko euskaldunentzat Mirande inportante bilakatu zela; hain zuzen, lengoaia literario baten faltan zeudelako. «Hizkuntza berri bat» topatu zuen Sarrionandiak Gabriel Arestiren poemetan, baina «bilbotar aizkolari urbano» baten estiloa aski ez, eta eredu gehiagoren bila, Mikel Lasaren poemekin, Xabier Leteren ipuinekin eta Bernardo Atxagaren Etiopia liburuarekin egin zuen topo; baita Miranderen Haur besoetakoa liburuarekin ere (Lur, 1970). «Guretzat, Jon Mirande, batez ere, hizkuntza habitagarri bat zen. Literatura probokazio bat da, zuzentasunik eza. Egon da, bai orduan, baita gero ere, puritanismorako joera, okertasuna seinalatzeko joera; baina, nire ustez, literaturak ez badu arazorik planteatzen, ez bada desegokia, ez da literatura. Literatura ez baita ez ondo idaztea, ezta gauzak zuzen idaztea ere: kontrakoa da».

«Guretzat, Jon Mirande, batez ere, hizkuntza habitagarri bat zen. Literatura probokazio bat da, zuzentasunik eza»JOSEBA SARRIONANDIA Idazlea

Elkar argitaletxeak eta Debako Udalako antolatzen duten Tene Mujika beka irabazi zuen Sotok iaz, eta zabalik dago aurten ere proiektuak aurkezteko epea. Amaia Zinkunegi Debako Udaleko euskara teknikariak gogorarazi du abenduaren 14ra bitarte bidali ahalko direla historia jorratzera bideratutako lanak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.