Idazlea

Maddi Ane Txoperena: «Inor ez da gai pertsona bat osorik ezagutzeko»

Argi-itzal ugariko pertsonaia bat, lagun baten heriotza eta dolua izan ditu 'Zaldi bat' bere hirugarren nobela ontzeko lehengai. Lesakan kokatu du, eta, besteak beste, taberna giroak eta hari lotutako giro sozialak izan duen bilakaera ere aztertu du.

Maddi Ane Txoperena Iribarren idazlea, Lesakan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Maddi Ane Txoperena Iribarren idazlea, Lesakan. ANDONI CANELLADA / FOKU
itziar ugarte irizar
2026ko ekainaren 16a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Denbora bat pasatuta, beste modu batera begiratzen diezu gauzei, eta uste dut idazketa prozesua bera ere badela gauzei bestela begiratzeko ekintza bat». Joxe Angel Zubiria Leiza Xubiri edo Zubiria 2019ko abenduaren 24ko gauean hil zen, Lesakako Arrano ostatuan (Nafarroa), bihotzekoak jota. Haren inguru guztia asko markatu zuen heriotza horrek, Maddi Ane Txoperena Iribarren idazlearen (Hendaia, Lapurdi, 1994) esanetan. Zubiriaren lagun zirkuluko kide zen hura ere, eta gertaera harekin zerbait egiteko gogoa agertu zitzaion handik aldi batera. Denbora igaro da, Txoperenak bi nobela labur argitaratu ditu bitartean —Ene baitan bizi da (Elkar, 2020) eta Ez erran inori (Elkar, 2022)—, eta aurten plazaratu du gertaera haren arrastotik eraiki duen fikziozko nobela: Zaldi bat (Txalaparta). Unai da Zubiriarengan «inspiratuta» sortu duen pertsonaia, Miren da liburuko beste protagonista, Unairen lagun izandakoa, eta zaldi batek osatzen du hirukoa, zeina Mirenek, sei hilabeteko haur batek dakarren egunerokotik askatzen hasi berritan, mendian topatuko duen eta zeinak Unairekikoak ekarriko dizkion bueltan.

Liburuaren amaieran iradoki duzu liburuaren idazketaren eta Zubiriaren heriotzaren arteko lotura. Nolakoa izan da hartaz idaztea fikzioaren tresnekin? Zenbateraino jokatu ahal izan duzu libre?

Egia erran, jolas etengabe bat izan da. Liburuko gauza batzuk errealitatearekin estu lotuta daude, eta beste batzuk batere ez. Egiazkoak diren gauzetako bat heriotzaren data eta modua dira: Joxe Angel Zubiria Leiza 2019ko abenduaren 24an hil zela, Lesakako Arrano ostatuan, bihotzekoak jota. Hura ezagutu genuenok, Lesaka herria eta ingurua asko inpaktatu gintuen heriotza horrek. Heriotzaren moduagatik, gazte hil zelako, eta bazelako pertsona bat zegoen lekuan asko ikusten zena, inor hotz uzten ez zuena. Handik denbora batera, gogoa sartu zitzaidan harekin lotutako zerbait idazteko, baina ez nekien ongi zer. Tentazioa izan nuen haren inguruko jende bat elkarrizketatzeko, baina beldur nintzen gehiago jakinez gero informazio horrek molestatu egingo ote zidan gero, eta baztertu egin nuen. Neure buruari askatasuna eman diot fikziozko istorio bat sortzeko, pertsonari ahalik eta fidelen izaten segituta.

Lagun baten heriotzagatiko dolua gutxi landu den eremu bat dela diozu. Hori arakatu nahiak jarri zuen liburua martxan?

Liburuaren abiapuntuan uste dut hiru kontu izan zirela: Unairen pertsonaia eta hark zeuzkan argiak eta itzalak; lagun baten heriotza; eta, bai, horren sailkaezintasuna. Duela gutxi Mari Luz Estebani entzun nion laguntasuna ez dela zehazki definituta dagoen harreman bat, eta ez duela zertan hala egon ere. Baina horrek eragiten du, bertze harreman batzuetan ez bezala, lagun bat hiltzen denean, lagun horren heriotzagatiko dolua ez dagoela zehazki definituta, eta ez dela erraza jakiten horren arabera non kokatu norbera. Guraso bat hiltzen baldin bazaizu, umezurtz gelditzen zara; senarra edo emaztea hiltzen baldin bazaizu, alargun gelditzen zara. Aldiz, lagun bat hiltzen bazaizu, ez dakizu.

«Guraso bat hiltzen baldin bazaizu, umezurtz gelditzen zara; senarra edo emaztea hiltzen baldin bazaizu, alargun gelditzen zara. Aldiz, lagun bat hiltzen bazaizu, ez dakizu»

Liburuan, Unairen eta Mirenen arteko lagun harremana nahiko anbiguoa da, gainera.

Bai. Gizon bat eta emakume bat dira, adin desberdinetakoak, tarteka sexu harremanak ere izan dituztenak, eta, bizi garen gizarte heterosexual honetan, ez dago oso argi lagun diren, erdi maitale diren... Miren kontziente da horretaz, haien arteko harremana ez dela definitua, eta horregatik ere kostatzen zaio Unairen doluari zer leku egin jakitea. Horrekin batera, liburuaren atzean dagoen bertze galderetako bat da ea ideologikoki a priori zure kontrakoa-edo izan daitekeen pertsona bat zure laguna izan ote daitekeen. Uste dut Mirenen eta Unairen artean hori gertatzen dela. Kanpotik, nahiko pertsona diferenteak ematen dute, jarreretan ez daude ados, eta, hala ere, lagunak dira.

Unairen alde neskazale eta matxista da banalerro agerikoena?

Bai, generoaren auziak sortzen duena. Unai tipo maitagarria eta gorrotagarria da aldi berean, eta iruditzen zait badauzkagula horrelako harremanak egunerokoan. Gure lagun guztiek ez dute bat egiten gurekin bizitzari buruz ditugun ikuspegietan; kontraesan horietan bizi gara.

Unairen ahotsean hasten da liburua, baina batez ere Mirenen ikuspegitik erakutsi duzu pertsonaia. Zer eman dizu horrek?

Egia erran, liburu honen idazketa erabat intuitiboa izan da. Kasik idazten hasi baino lehen, asko obsesionatu nintzen liburuaren forma bilatzearekin, eta blokeatu egin nintzen. Ez nuen biderik aurkitzen, gauza diferenteak irakurtzen ibili nintzen, ea zerbaitek pistaren bat emanen zidan. Ez nuen lortu. Orduan, zera egin nuen: idazten hasi, testu zati ezberdin pila bat, elkarren artean lotura agerikoegirik ez zutenak, baina denek orbitatzen zuten hasierako intuizioen inguruan. Eta testu zati txiki horiek idazten ari nintzela sortu zitzaidan Mirenen istorioa ere: mendira joaten den emakumezko bat, zaldi bat aurkitzen duena. Ikusten nuen bazuela indar berezi bat eta segitu behar nuela. Beraz, zer eman didan haren ikuspegiak... uste dut izan dela plano arrazional batetik kanpo, modu espiritualago batean edo, dolua azaltzeko modu bat, lotuago dagoena intuizioarekin eta ez hainbeste arrazoimenarekin. Zaldiaren kontakizuna nahiko sentsoriala da; bizipenen bidezko bilaketa bat erakusten du.

Haur txiki batek ekar lezakeen eguneroko estutik askatzen hasi berritan erretratatu duzu, hain justu; gauzak nola aldatu diren pentsatzen bere ibilaldietan.

Interesgarria iruditzen zitzaidan sortzen zaion gatazka: ume txiki bat izan berritan, harekin egon nahia eta beharra du, eta, aldi berean, horretaz askatzeko erabiltzen dituen ibilaldietan iragana etortzen zaio. Batzuetan badirudi gehiago dagoela iraganean gaur egunean baino, eta hor tentsio bat sortzen da. Badira irakurle batzuk erraten dutenak zaldiarekin dituen topaketak Mirenen buruan baino ez direla gertatzen; beste batzuek esan didate baietz, zaldia existitzen dela eta Unairen haragitze bat dela... Nahiko kontziente nintzen liburuak ez zuela irakurketa posible bakarra, zenbait arrazoirengatik. Dolu fuerte bat pasatzen duzunean, edo maitemintze fuerte bat, edo fuertea den beste zerbait, batzuetan, zure obsesio maila ia-ia eromenera irits daiteke. Horrekin lotzen dut Mirenek zaldiarekin duen harremana.

«Dolu fuerte bat pasatzen duzunean, edo maitemintze fuerte bat, edo fuertea den beste zerbait, batzuetan, zure obsesio maila ia-ia eromenera irits daiteke. Horrekin lotzen dut Mirenek zaldiarekin duen harremana»

Izenbururaino eraman duzu zaldia. Animalia arrunta da euskal mendietan, baina bada sinbolismo handia duen animalia bat ere; askatasuna, indarra, heriotza ordezka ditzake. Nondik heldu nahi izan diozu zuk?

Unairen pertsonaia animaliekin oso lotuta dago; landa eremuan existitzen den gizonezko profil jakin bat da, aziendekin lotuta dagoena, eta, egia erran, hortik etorri zitzaidan hasieran zaldiaren irudia. Niretzat, batez ere, indar handia daukan animalia bat da, askatasunaren sinbolo ere badena. Eta, gero, niretzat interesgarria zera da: gizakiarekin interakzioan egon daitekeen animalia bat dela, emozionalki konektatu dezakeena gizakiarekin. Zaldiaren lekuan behi bat edo ardi bat jartzen baduzu, liburuak ez du funtzionatzen.

Ezinbestez aipatu beharreko beste atal bat Stop da; Lesakaren bisita gidatu bat eskaini diozu bertan irakurleari, 1970etik 2020ra, hamarkada bakoitzeko taberna batean geldituz, eta bakoitzean Unairi lotutako pasarte bat kontatuz. Hura zein mundutara sortu zen jorratzeko modu bat izan da?

Erabat. Hor atzean dagoen galdera hau da: nola eraiki da Unai? Nola iritsi da den hori izatera? Uste dut Unairen pertsonaiaren bilaketa dela, hein batean, liburua. Eta sentitzen nuen hori ezinbertzean egin behar nuela Lesakan. Testuinguru bakoitzak bere ezaugarri konkretuak dauzka, eta uste dut liburua oso ezberdina izango litzatekeela beste inguru batean kokatu izan balitz, baita pertsonaia ere. Saiatu nahi nuen esplikatzen nondik zetorren bera, baina ez horregatik ezer zuritu, ze testuingurua bat da, baina norbere erabakimena ere sartzen da beti jokoan. Unairen bizi etapak izango liratekeenak erakusten ditu atal horrek, paraleloan doazenak Lesakaren historia hurbileko etapekin.

Zeinak aldi berean ere badiren Euskal Herriko bilakaera soziopolitikoaren erakusle. 

Bai. Ez dira Lesakan bakarrik gertatutako gauzak. Hasieran agertzen da industrializazioa eta horrekin lotutako langile grebak; gero, parranda giro bat drogarekin oso lotua; eta gero, desindustrializazioa eta euskal gatazka.

Azken horrek ere badirudi eragin handia izan duela Unairen eraketan.

Tarteko eremu baten geratu den norbait da. Ez dago gatazkaren lehen lerroan; lagunak ditu preso, eta presoen aldeko mugimenduan dago, baina ez du inoiz pausoa eman gehiago inplikatzeko, eta beti geratzen zaio zalantza hori, zein den bere lekua borroka horretan.

«Garai bakoitzak baditu bere lekuak, bere zentralitateak eta pertsonaiak, eta ez dut egin nahi drogaren apologia. Baina mutur batetik bestera pasatu gara; orain denak dirudi gorputzaren kultua eta autozaintza»

Poteatzaileez eta tabernen bilakaeraz ere hitz egiten da atal horretan. Tabernari zabiltza zu justu orain. Zer eman dizu begiraleku horrek libururako?

Atal horren hasieran aipatzen da tabernak hutsik daudela eta kiroldegietan elkartzen dela orain jendea. Igual beste herri askotan ere gertatzen da, baina Lesakan adin batetik gorako jende batek tristura handiz bizi duen zerbait da. Garai batean, fabrikan 2.000 langiletik gora zeuden, eta horrek taberna pila bat eta sekulako giroa sortu zuen. Jakina, ikusi beharko litzateke nor zegoen han eta nor etxean. Baina, edonola ere, horrek sekulako gainbehera izan zuen gero, eta horren hondarretan segitzen dugu. Lesakan bada zerbait orokorrean nostalgia batekin bizi dena, eta uste dut gure belaunaldiko jendeak oinordetzan jaso duela nostalgia hori, nahiz eta guk ez dugun ezagutu garai apoteosiko hori. Ni, orokorrean, oso tabernazalea naiz, oso toki interesgarriak iruditzen zaizkit; informazio asko ematen dute; tokiarena, garaiarena, hor dagoen edo ez dagoen jendearena. 

Garai bakoitzak baditu bere lekuak, bere zentralitateak eta pertsonaiak, eta ez dut egin nahi drogaren apologia. Baina, hori esanda, uste dut mutur batetik bestera pasatu garela; orain denak dirudi gorputzaren kultua eta autozaintza —sano jan, kirola egin eta abar—. Ia-ia kriminalizatuta dago tabernetan maiztasunez ibiltzea, adibidez. Dudarik gabe, horrek ekar ditzake arazo pila bat, baina taberna ere izan da konspiratzeko leku bat, kasualitatez elkartzekoa, gauzak elkarrekin egitekoa, eta uste dut hori galdu dugula. Askoz aurreikusgarriagoak gara; badakigu noiz egingo dugun parranda eta zenbat, ez gara ateratzen edozein ostiraletan eta ea zer gertatzen den. 

Liburuko erregistro ugarien inguruan zer kontatuko zenuke? Errealista da nagusiki, baina ez bakarrik. 

Uste dut liburuaren atzean dagoen beste bilaketa bat dela nola deskribatu eta nola ezagutu dezakegun ahalik eta hobekien pertsona bat, eta uste dut ezinezko ariketa bat dela. Ez dugu inoiz lortuko pertsona baten aurpegi guztiak ezagutzea, baina horretara ahalik eta gehien hurbiltze aldera erakutsi dut Unai leku eta ahots ezberdinetatik. Oraingoan, hildako norbait da, baina bizi garenokin ere berdin. Nor da pertsona bat osorik ezagutzeko gai? Inor ez. Zuk daukazu zuri buruzko irudi bat, zure lagunik onenak bertze bat, zure amak bertze bat, lankideak bertze bat... Gauza asko gara pertsona bakoitza.

Liburuaren forma zatikatuak ere eman dizu modua hori agerian uzteko? 

Bai, nahiz eta hasieran saiakera askoren ondorio izan zen azkenean hartu duen forma hori. Gero ikusi nuen ematen zidala bertze zerbait, jolaserako eta puskek elkar osatzeko aukera. Gerta daiteke oso nahasgarri egitea, eta uste dut badagoela irakurle mota bat ez zaiona gustatzen, baina, gustatuz gero, aukera ematen du bakoitzak bere puzzle propioa osatzeko.

«Aukera izan dut kalitatezko denbora hartzeko. Lanagatik, baina baita ere, aurreko biak ez bezala, hau ez dudalako idatzi lehiaketa bat irabazi ostean»

Beste baldintza batzuetan idatzi duzu liburua; BERRIAko lanak utzita, sortze lanari toki gehiago eginda. Igarri duzu alderik?

Aukera izan dut kalitatezko denbora hartzeko. Lanagatik, baina baita ere, aurreko biak ez bezala, hau ez dudalako idatzi lehiaketa bat irabazi ostean. Bekak ongi daude, baina diru kopurua ez da nahikoa urtebeteko epean liburua idazteaz bakarrik bizitzeko, eta aurreko liburuarekin bai geratu zitzaidan denbora justua izan nuen sentsazioa. Horretaz aparte, lehen aldia izan da edizio prozesu bat izan dudana; Txalapartako editoreak hasieratik egon dira —Garazi Arrula batez ere, eta gero Iñigo Satrustegi—, eta banuen gogoa. Leire Errandoneak zuzendu du liburua, eta hori ere ederra izan da. 

Bestela, nola sumatzen duzu lan hau aurrekoen aldean?

Askok esan didate honekin urrats bat gehiago egin dudala, eta egia da sortzen didala halako zera bat horrek, ze ni aurreko liburuez ere harro nago [irriz]. Hori kenduta, sentitzen dut liburu honekin gehiago hurbildu naizela gaur egun gustatzen zaidan horretara. Ez dakit erraten ongi zertan edo nola, baina lehenbiziko aldiz sentitu naiz lasai edo aseta idatzitakoarekin; egin nahi nuena egin dudala, gehiegi pentsatu gabe besteengan. 

Eskertzen atzetik, bonustrack batek ixten du liburua. Ez dakigu nor, Unai edo Zubiria, dantza bat egiten ageri da, noiz-eta Lesakan emakumeek zubi gainean lehen aldiz dantza egin zuten urtean. 

Bai. Errealitatean asko oinarritutako pasarte bat da, nahiko hasieran idatzi nuena. Bere bizitzako azkeneko urtean, justu, Zubiriak gauza publiko asko egin zituen, eta Lesakako Bandera dantzatzea izan zen bat. Prestigio dezenteko dantza bat da, eta buruko minak izan zituen. Bukaeran jarri dut, omenaldi kutsu batekin. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA