‘Inor ez’ film laburra ondu dute, martxoaren 3ko gertakarien inguruko «inpunitatea» salatzeko

Eloi Beatok zuzendu du filma, eta Gasteizko gertakariak hizpide dituen dokumental baten itxura du. Euskaraz eta gazteleraz grabatu dute; otsailaren 11n estreinatuko dute, Arkabia aretoan.

'Inor ez' film laburrean parte hartu duen lantaldeak gaur aurkeztu du lana, Zaramaga auzoan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
'Inor ez' film laburrean parte hartu duen lantaldeak gaur aurkeztu du lana, Zaramaga auzoan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko urtarrilaren 26a
15:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

Martxoaren 3ko sarraskiari kultur diziplina askotatik begiratu zaio urteak joan urteak etorri: zinema, literatura, poesia, musika eta arte plastikoak gertakari lazgarri haien isla izan dira. Aurten 50 urte beteko dira Gasteiz hiria astindu zuten jazoera haietatik— Espainiako Poliziak Gasteizko San Frantzisko elizan batzartuta zeuden bost langile hil eta ehunka zauritu zituen 1975ean—, eta, urtemugaren karietara, fikzioaren bidez memoriari bizirik eusteko film labur bat ondu dute: Inor ez. Eloi Beato zinemagileak zuzendu du lana, eta Martxoaren 3ko Elkartearen babesa izan du.

Gasteizen grabatu dute pelikula, euskaraz eta gazteleraz, eta hogei minutuko iraupena du. Oroimenaren eta «inpunitatearen» inguruko gogoeta «berritzailea» da, Amaiur Arbe elkarteko kideak azaldu duenez: «Bestelako ikuspegi bat erakusten du gertakarien inguruan; hurbila eta gordina da, baina aldi berean berritzailea ere bada». 

«Bestelako ikuspegi bat erakusten du gertakarien inguruan; hurbila eta gordina da, baina aldi berean berritzailea ere bada»

AMAIUR ARBEMartxoaren 3ko Elkartea

Fikziozko lanak making-off edo dokumental baten itxura du, eta honako hau da istorioaren ardatza: ekoiztetxe txiki bat Martxoaren 3ko gertakarien 50. urteurrenari buruzko dokumental bat prestatzen ari da. Horretan ari direla, garai hartako Polizia Armatuko kide bati elkarrizketa egitea bururatzen zaie ekoizleei, eta hori lortzeko prozesua da kontakizunaren ardatza. Ez da film dramatikoa, Beatok zehaztu duenez: «Ukitu ludikoagoa eman nahi izan diogu, batzuetan dibertigarria ere bai, baina betiere salaketa ozen bat eginez: 50 urte igaro eta gero, ez dute inor epaitu, inork ez du erantzukizuna bere gain hartu, eta ez dute inor zigortu».

Izenburuak berak —Inor ez — ideia horretan jartzen du azpimarra. Hain justu ere, Beatok nabarmendu du filmaren izenburua Poliziaren, arduradun politikoen eta Elizaren zigorgabetasuna salatzeko «oihu» bat dela. 

Baliabide gutxirekin

Filmaren ekoizpena «zero kilometrokoa» izan dela esplikatu du zuzendariak: zortzi lagunek osatutako lantalde txiki bat aritu da atzean, eta baliabide «gutxirekin» ekoitzi dute. Rafa Martin, Haizea Alonso, Josean de Miguel, Ander Beato eta Maddi Gabilondo aritu dira aktore lanetan; Aitor Lopez de Aberasturi arduratu da kameraz; Marieta Colomo, soinuaz, eta Koldo Uriarte, musikaz. Gasteizko Sonora Estudios ekoiztetxea arduratu da ekoizpenaz.

Bi egunetan grabatu zuten filma, eta ez zuten argiztapen artifizialik, jantzirik ezta makillajerik ere erabili. «Ahalegina egin dugu ahalik eta naturaltasun handienaz filmatzeko», azaldu du Beatok.

«Ahalegina egin dugu ahalik eta naturaltasun handienaz filmatzeko»

ELOI BEATOZuzendaria

Filma otsailaren 11n estreinatuko dute, Gasteizko Arkabia aretoan. Bi emanaldi egingo dituzte —18:30ean eta 20:00etan—, eta gonbidapenak Zuloa liburu dendan jaso ahalko dira, bihartik aurrera. Aurrerago ere izango da pelikula ikusteko aukera: urtemugaren karietara antolatu duten zinema zikloan emango dute, eta plataforma digitalen bidez zabaltzeko asmoa dute. 

Bestalde, elkarteak iragarri du datozen asteetan urtemugari lotutako jarduera gehiago jakinaraziko dituztela: tartean, garaik hartako prentsaren inguruko erakusketa bat zabalduko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.