Abegi oneko keinu baten modura jaso du Euskadi Literatur Saria Unai Elorriagak (Algorta, Bizkaia, 1973). Taldera batzeko gonbidapen bat balitz bezala. Dioenez, idaztean ez du idazten ari denaz apartekorik izaten buruan, baina onartu du, liburua argitaratu ostean, hainbatetan izan dituela zalantzak. «Hau interesatzen al zaio inori?». Eta, dioenez, galdera horri emandako baiezko erantzun baten gisako zerbait izan da Francesco Pasqualeren bosgarren arima liburuak jasotako aitortza.
Euskadi Sariarekin euskal kulturaren taldean «debutatu» duzula esan duzu. Horrek zer esan nahi du, orain arte ez zinela talde horren parte sentitzen?
Ez. Lehenengo liburua irten zenean [SPrako tranbia] eta lehenengo saria heldu zenean [Espainiako Kultur Ministerioren Literatura Saria] oso gauza bitxia izan zen hori. Orduan nik ez nuen sentitzen euskal idazle nintzenik. Ibilbide bat egin behar nuela pentsatzen nuen, eta orduan ikusiko nuela ea zer gertatzen zen. Eta hasi nintzen ibilbide hori egiten, baina zera gertatu zen, hasi nintzela hor [eskua gora altxatuta], eta gero behera joan nintzela tiki-taka, tiki-taka, eta liburu batzuekin oso behera joan nintzela. Van't Hoffen ilea-rekin nahiko behera joan nintzen.
Behera diozunean, lan horiek izandako harreraz ari zara, ezta?
Bai. Aldian behin beti galdetzen diozu zeure buruari ea euskal jendeari, ea euskal kulturako inori benetan interesatzen ote zaion egiten ari zarena. Nik egon nahi dut [Bernardo] Atxaga eta beste dauden talde horretan, baina ba al nago hor benetan? Nire inpresioa izaten da egiten ari naizen hau ez zaiola inori ere interesatzen. Eta, horregatik, horrelako sariak hartzen dituzunean sentitzen duzu badagoela euskal munduaren zatitxo bat, epaimahaiko kideen artean behintzat, onartu egin nauena, eta interes apur bat agertu duena, eta, orduan, berriz egiten duzu gora.
Eta saria jaso aurretik ere, azken urteetako lanekin ez duzu epeltasun handiagoa sentitu? 2014ko Iazko hezurrak edo 2019ko Iturria eleberriekin, esaterako?
Bai, baina gorabeherak daude. Batzuetan hori sentitu, eta pentsatzen duzu: «bai, taldean nago!», baina beste batzuetan ez zaituzte deitzen. Eta sari hauekin sentitzen duzu berriro deitzen zaituztela, eta hor zaudela, lehen mailan. Izan ere, batzuetan pentsatzen duzu gazteak oso indartsu datozela, eta oso testu onak ateratzen dituztela, eta beharbada zuk galdu egin duzula eduki ahal zenezakeen indar hori... Ez dakit... gorabeherak.
Oso pertsonala izan da beti zure apustu literarioa, baina ez ote zara bereziki libre aritu azken urteetan?
Beti egin izan dut nahi izan dudana. Barruak eskatzen didalako. Eta, normalean, gustura gelditu izan naiz liburuekin, baina gero ez dakizu horrek zer-nolako harrera izango duen, edo jendeak ulertzen ote duen zer egiten ari zaren. Nire ustez, benetan nahi duzuna egiten duzunean, zer edo zer oso potentea sortzen da, baina, batzuetan, gero ez da ulertzen. Denok ezagutu ditugu horrelako kasuak. Eta inpresio hori izaten duzu batzuetan: beharbada jendeak ez duela nahi, ez zaiola interesatzen. Baina, tira, inpresio inozoak baino ez dira, beharbada. Idaztean ez dut halako ezer ere izaten buruan. Idazten dut nahi dudalako, eta sortu behar dut nire barruko behar bat delako. Orduan berdin zait hori guztia, behin lana plazaratzen denean hasten dira kontu horiek.
Francesco Pasqualeren bosgarren arima irakurle aktiboa eskatzen duen liburua dela nabarmendu du epaimahaiak. Horrekin erabat identifikatuta sentituko zara.
Bai, erabat. Literatura irakaslea naiz ni, eta ikusten dut ikasleek gero eta lan gutxiago egin nahi dutela irakurtzeko, eta ni kontrakoa egiten aritzen naiz, lana exijitzen. Ea gizartearen kontra ote nabilen! [Barrez].